Gorka Aginagalde I aktorea

"Hau amaitu egingo da. Eutsi gogor!"

Aikor aldizkaria 2020ko ira. 30a, 09:50

Batzuek ez dute beraren izena ezagutuko, baina Gorka Aguinagalde aktorearen aurpegia aspaldian da ezaguna. Izan ere, gasteiztarra hainbat eta hainbat pelikula, antzezlan eta telesaiotan agertu da. Uztailean, itxialditik atera berri ginenean, Aginagaldek bakarrizketa taularatu zuen Derion. Patxik, bere alter egoak, barre egiteko gogoa berreskuratzen lagundu zigun. 

Zelan Derion? Zelan agertu zen publikoa: zuzeneko ikuskizunak ikusteko grinarekin ala beldurti, segurtasun-neurriak direla eta?

Publikoak ederto jokatu zuen. Patxi da nire bakarrizketako pertsonaia, casero bat, jatorra, hurbila. Guztiok ezagutzen dugu Patxi bezalako morroi bat eta jendeak atsegin du bera. Bakarrizketa segurtasun-protokoloari jarraituz egin genuen –maskarak, distantziak...– eta, egia esan, arraroa izan zen, bai publikoarentzat, bai niretzat.  Giroa desberdina izan zen, zeren normalean bakarrizketak jaietan egiten ditut. Eta jaietan jendearen jarrera desberdina da.  Baina tira, aurrera egin behar dugu.

Nolako eragina izan du koronabirusak zure bizitzan?

Eragina handia izan da, noski. Lanari dagokionez, beste artistei gertatu zaien moduan, hainbat saio bertan behera utzi behar izan ditut. Hala ere, etxean gelditu behar izanak familiarekin egoteko aukera eman zidan. Izan ere, itxialdia  agindu baino lehen lau hilabete eman nituen etxetik kanpo saio bat grabatzen. Oro har, ezin naiz kexatu, lana dudalako. Pixkanaka-pixkanaka joan behar dugu. Ez dakit noiz arte ibiliko garen horrela, baina kultura arloan, gauzak egiten jarraitu ahal dugu. Eta egin behar ditugu, hainbat lagunok kulturatik jaten dugulako. Hau amaitu egingo da. Eutsi gogor!

Eskarmentu handia duzu bakarrizketak egiten. Bereziki gustatzen zaizu horiek antzeztea?

Bai, 25 urte daramatzat bakarrizketak taularatzen. Aktoreontzat erosoa da, batez ere gaur egun, koronabirusaren garaian. Azken batean norberak idazten du, norberak antzezten du.... Ni oso teatreroa naiz eta oso gustura nago agertokian. Publikoa eta norbera, ez dago besterik, ez dago mozketarik. Beste euskarriak desberdinak dira eta bakoitzak badu xarma: zinegintzan, esate baterako, teknika oso garrantzitsua da, hau da, eszena ederra egin dezakezu, baina argia behar bezala jarrita ez badago, eszena errepikatu egin behar da. Dena dela, aktorea naiz eta edozein euskarritan nago eroso.

Zertan ibili zara lanean itxialditik atera ginenetik?

Zorionez, lanpetuta ibili naiz. Mugitu beharra dago, familiak jan behar duelako (kar-kar). Euskalduna Jauregian bertan behera utzi behar izan genuen saio bat, eta bere ordez, A gussstto aurkeztu nuen Gurutze Beitiarekin batera. Era berean, Arriaga Antzokian, Concierto en ja mayor egin genuen. Jendea pozik sentitu zen eta antzezlan gehiago egitea espero dugu. Azkenik, Benidorm telesaioa irailean estreinatu da telebistan. Ea arrakasta duen eta bigarren denboraldia egiten dugun...

Koronabirusak mugak jarri dizkigu guztioi. Eta aktoreoi, azken hileotan aldatu da lan egiteko modua?

Baita. Antzerkigintzan lana antzekoa da, baina telebistan erabat aldatu da lan egiteko era. Eta orain ez zait hainbeste gustatzen, zeren ez dut lankideekin egoteko aukerarik. Filmatzean, aktoreok denbora tarte libreak ditugu, txolarteak, eta horiek lankideekin hitz egiteko erabiltzen nituen. Gaur egun, aldiz, filmatzera heldu bezain pronto, maskara, eskularruak-eta janzten dizkizute, eta eszena egin arte isolatuta zaude, bakarrik. Ezin zara jendearekin egon. Ez zait hori gustatzen. 

Zure azken lanetako bat, Alli Abajo telesaioa oso arrakastatsua izan da. Zer eman dizu zuri?

Jende pila batek ikusi du, bai. Oso gustura ibili nintzen horretan lanean, taldekideak familiakoak bezalakoak zirelako. Lan horri esker, ziur asko beste gauza batzuk egiteko aukera izango dut. Gainera, orain famatua naiz, jendeak kaletik ezagutzen nau (kar-kar). Arraroa da, baina ohore handia da, zeren jendea oro har jatorra da.

Batez ere komedia egin duzu. Erosoago zabiltza genero horretan, besteetan baino?

Komedia drama baino gehiago egin dut, egia da. Hala ere, sariak batez ere dramak egin izanagatik eman dizkidate. Ez dakit, aktorea naiz eta papera gustatzen bazait, edozein gauza egiteko prest nago: drama, komedia...

 

Ibilbidea

Gorka Aguinagalde Lopezek (Gasteiz, 1966) 22 urte zituela hasi zituen aktorea izateko ikasketak. Lehenengo urratsak Arte Eszenikoen Tailerrean (TAE) eman zituen, eta ondoren inprobisazioa, interpretazioa, klown, gorputz-adierazpena eta akrobazia ikasi zituen. Aginagaldek eskarmentu handia du bakarrizketak egiten. Izan ere, 25 urte daramatza testuak idazten, antzezten eta zuzentzen.

Antzerkigintzan ere hasi zen duela 30 urte, eta zuzendari zein aktore ibili da arlo horretan. Telebistan eta zinean ere hainbat saiotan hartu du parte: lehenengoari dagokionez, Luna, Doctor Mateo, Los Hombres de Paco, Alli abajo... Bigarrenari begira, besteak beste Airbag, Año Mariano, La Comunidad, Frágil, la Buena Nueva, Negociador eta Errementari.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).