“Ostalaritza ixteak ez du arazoa konponduko; etsita gaude”

Aikor aldizkaria 2020ko aza. 6a, 11:02

COVID-19aren hedapena gelditzen saiatzeko, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo jakinarazi zituen neurrietako gogorrena ostalaritzari dagokio, Eusko Jaurlaritzak bihartik aurrera tabernak eta jatetxeak itxita egoteko agindua eman baitu.  Hala ere, etxera eramateko janaria prestatu ahalko dute, eta hura gaueko 9ak arte jaso ahalko da aurretiko hitzordua eskatuta. “Oso injustua da benetan: ostalaritza ixteak ez du arazoa konponduko”, esan digu Almudena Diaz Bizkargi Derioko tabernaren jabeak.

“Nik ez diot inori entzun tabernan kutsatu denik. Zergatik gu? Gainera, beste arlo batzuekin alderatuta, garbitasun-berme handienak eskaintzen ditugu, egun osoa garbitzen ematen dugu eta”. Orain dela egun pare bat, ostalaritza-sektorearen ordezkariek adierazi zuten, haien kalkuluen arabera, 187 milioi euro behar zituztela pandemiak sektorean izan duen galerak arintzen laguntzeko; jatetxeak eta tabernak ixteko agindua eman ondoren, diru gehiago beharko dutela esan dute, eta Urkulluri eskatu diote dirulaguntzak ahalik eta azkarren zehazteko. “Gastuak ditugu eta fakturak eta zergak ordaintzen jarraitu behar dugu, eta niri oraindik ez dit inork ezertan lagundu”, aipatu digu Diazek. Bere esanetan, oso egoera gogorra da eta sektoreko jendea haserre bizian dago. “Izan ere, seme-alabak, hipotekak… ditugu eta gauza askorekin jolasten ari dira. Pandemiaren hasieran aurrezkiak baliatu genituen, baina orain irabazten duguna fakturak-eta ordaintzeko erabiltzen dugu. Gutxienez ogia erosi ahal dugu orain, baina bihartik aurrera itxita ezin izango dugu ezer egin. Egia esan, oso etsita gaude”. Sektoreak manifestaziora deitu du biharko, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan.  “Baina askok ezin izango dugu parte hartu, udalerri mugakideetan bizi ez gara eta”.  

Agindutik kanpo hoteletako jantokiak daude, gasolindegiak eta zerbitzuguneak, osasun-zentroak, zahar-etxeak eta ikastetxeetako eta lantegietako jantokiak.

Tabernak eta jatetxeak ixteaz gainera, Eusko Jaurlaritzak beste neurri berri batzuk ezarri ditu. Horrela, etxeratze-agindua gaueko 10etara aurreratu du, eta, farmaziak eta zerbitzuguneak izan ezik, jarduera sozioekonomikoak eta kultura-arlokoak gaueko 9etan amaituko dira.  

Bestalde, joko- eta apustu-etxeak ere itxiko dira, eta gurtzako lokalen edukiera % 35 murriztuko da. Lehiaketa profesionala eta semiprofesionala salbuetsirik, taldeko kirol-jarduera bertan behera utzi da eta ezin izango da kirol-ekitaldietara joan. Alabaina, gimnasioetan, kirol-klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan ikastaroak edo programatutako jarduerak egin ahalko dira, maskara jantzita, sei laguneko taldeetan eta edukieraren % 40 izanda. Taxia eta gidaria duen ibilgailuen alokairua izan ezik, garraio publikoak 22:30ean emango du azken zerbitzua.

Hasiera batean, neurriak azaroan egongo dira indarrean, baina 15 egunero berrikusiko dira pandemiaren bilakaeran izaten dabiltzan eragina aztertzeko. Kutsatze-tasa % 10 da gaur egun, eta Urkulluren esanetan, neurriek ospitaleak gainezka egotea ekiditea dute helburu. Era berean, adierazi du neurriek erabateko etxealdia saihestea ere xede dutela, eta Gabonetara “ahalik eta egoera onenean ailegatzea”.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).