Andoni Ayarza, Athleticen kirol-zuzendariaren ondokoa

“Athleticen ereduaren alderik atseginena harrobia lantzea da”

Aikor aldizkaria 2020ko abe. 3a, 10:55

Andoni Ayarza Athleticen jokatu zuen lehenengo derioztarra izan zen. Duela urte bi talde zuri-gorrira itzuli zen Aitor Elizegi presidentearekin batera. Ayarza Rafa Alkortaren laguntzailea da Athleticen kirol sailean eta, besteak beste, harrobiko taldeak kudeatu behar ditu. Beste batzuen artean, Txorierri, bere lana eta Athletic izan ditugu hizpide Derioko futbolari ohiarekin.

Has gaitezen hasiera-hasieratik. Egia da Madrilen jaio zinela?

Bai. Aita han zebilen lanean. Bilbon jaio behar izan nintzen, baina azkenean espero zuten baino hilabete lehenago jaio nintzen. 

Hala ere Derion hazi zinen. Herria izugarri aldatu da azken urteotan, ezta?

Bai, aldaketa ederra. Eta onerako. Herria ganoraz hazi da eta gaur egungo zerbitzuen sarea oparoa da. Horregatik, hainbat gazte etorri dira Deriora bizitzera, nahiz eta aldez aurretik herriarekin loturarik ez izan.

Zelan gogoratzen duzu haurtzaroa?

Gogorapen itzelak ditut. Aldekonen bizi ginen eta batez ere bertan jolasten nintzen lagunekin. Futbolean Aldekoneko elizako plazan, geure San Mames futbol-zelaian, jokatzen genuen. 

Nolako lotura duzu Deriorekin?

Senide batzuk bertan bizi dira: gurasoak, Lander anaia, Nekane arreba, ilobak… Nire sustraiak Derion ditut, nahiz eta askotan kanpoan bizi izan. Azken 20 urteotan Bilbon bizi izan naiz emaztearekin eta seme-alabekin, baina harro-harro esaten dut derioztarra naizela. 

 

"Azken 20 urteotan Bilbon bizi izan naiz, baina harro-harro esaten dut derioztarra naizela"

 

Hainbat urte pasatu dira futboletik erretiroa hartu zenuenetik. Zer egin duzu azken urteotan?

Zenbait komunikabidetan egin dut lan, batez ere partiduak aztertzen eta komentatzen. Gainera, komunikazio-arduradun ibili naiz gizarteari eta kirolari lotutako erakunde batzuetan.   

Eta kazetaritza, noiz ikasi zenuen?

Batxilergoa bukatu nuenean kazetaritza ikastea erabaki nuen. Garai hartan, Bilbao Athleticen ibiltzen nintzen eta guztira 10 urte eman nituen karrera bukatzeko. Kostatu zitzaidan! (kar-kar). Klaseko nagusia nintzen, baina ziur nengoen esfortzuak merezi zuela!

Elizegirekin batera itzuli zara Athleticera. Zelan egin zenuen bat presidentearen taldearekin?

Alkorta eta biok Jose Antonio Jainagaren taldean ibiltzen izan ginen, baina azkenean ez zen Athleticen hauteskundeetara aurkeztu. Beraz, Elizegik deitu zigun eta bere lan-taldean sartu ginen.

Zertan datza zure lana Athleticen?

Bulegoko zein landako lana da nirea. Lezaman hainbat sail ditugu eta horiek guztiak gainbegiratu eta antolatu behar ditut: scouting-a eta jokalari berriak fitxatzea, entrenamenduen metodologia, hitzartutako klubak, arreta integrala… Gainera, beste betebehar batzuk ere baditut: oinarrizko futbolaren taldeen jokalariak eta teknikariak kudeatzea, kontratuak, bajak ematea, jokalariekin, senideekin eta agenteekin bilerak egitea… Egunerokotasuna gogorra bezain zirraragarria da. 

Batzuek esaten dute kirol-saila ez dela Athleticen beste klub batzuetan bezain garrantzitsua, talde zuri-gorriaren merkatua oso txikia delako. Zer esango zenieke?

Edozein iritzi errespetatzen dut, errespetuz adierazita badago. Hala ere, kirol-saila eraginkorra izango ez balitz, ezinezkoa izango litzateke Athleticek duen bezalako ereduari eustea. Izan ere, kirol sailak klubari eusten dizkioten oinarriak babesten ditu eta helburuak lortzeko bidea finkatzen du. Uste dut beste klubetan baino askoz garrantzitsuagoa dela, kirol saila fitxaketak egitea baino askoz gehiago baita.    

 

"Kirol saila eraginkorra izango ez balitz, ezinezkoa izango litzateke Athleticek duen bezalako ereduari eustea"

 

Udako merkatuan, Athleticek Fernando Llorente fitxatzeko aukera izan zuen. Azkenean, errioxarra ez zen Bilbora etorri, baina klubak ez zuen itxura onik eman. Zure ardura zuzena izan ez arren, zer deritzozu horri?   

Bakoitzak bere iritzia izango du. Nirea ez dizut emango. Kirol sailak balore hauek adierazten ditu: batasuna, konpromisoa, gardentasuna... Horiek guztiak funtsezkoak dira guk nahi dugun kluba osatzeko: tradizio eta anbizio handikoa, sentimenduz betetakoa, lehiakorra… Gure ustez, harrobia lantzea eta partiduak irabaztea ez dira batere kontraesankorrak.

Harrobia lantzea polita da emaitzak ematen dituenean, baina fruiturik ikusten ez denean, etsigarria da?

Athleticen ereduaren alderik atseginena harrobia lantzea da. Klubera etorri ginenetik, helburuak sobera bete ditugu. Izan ere, talde guztiek emaitza onak lortu dituzte eta hori ez da kasualitatez gertatzen. Eta amaiera bikaina emateko, zenbait jokalari gazte hasi dira lehenengo taldean jokatzen. 

Zuk aipatu duzu, jokalari gazte batzuk gero eta partidu gehiago dabiltza jokatzen lehen taldean. Momentu ona da harrobirako, ezta?

Zalantza barik. Lekukoa Lezaman dugu.

Eta Vicente derioztarra? Geratuko da lehenengo taldean?

Iñigo talentu handiko jokalaria da, ez dago zalantzarik, eta lanean dabil lehenengo taldean jokatzeko eta hor betiko geratzeko. Momentuz debuta egin du. Lehenengo taldean urte askoan geratzea lortuko ahal du!

Nico Serrano eta Nico Williams jokalari gazteak fin dabiltza. Zelan ikusten dituzu?

Futbolari onak dira, bai, baina arreta eurei bakarrik eskaintzea ez da zilegi. Oso futbolari onak ditugu harrobiko talde guztietan. Hau da gakoa: Lezaman etengabe sortu behar dira jokalari lehiakorrak. Horrela, talde guztien maila handiagoa izango da.   

 

"Umeek disfrutatu egin behar dute, etengabe hobera egiteko. Eta bidearen amaieran, lehen taldea dago euren zain"

 

Beste euskal talde batzuk hasi dira harrobia hobeto lantzen. Lehia horrek oztopoak jartzen dizkio Athletici? Zer egiten du Athleticek beste taldeen mehatxua ekiditeko?

Athleticen eta bere harrobiaren ereduak ez du zerikusirik beste klubek dutenarekin. Athleticen arazoren bat sortzen denean, etxean dugu konponbidea. Eta hori Athleticen baino ez da gertatzen. Ez ditut beste taldeak mehatxutzat ikusten. Guk balio hauek bultzatzen ditugu: kualifikazioa, konpromisoa, exijentzia, diziplina, maitasuna… Umeek futbolean jokatzen disfrutatu egin behar dute, etengabe hobera egiteko. Eta bidearen amaieran, lehen taldea dago euren zain.

 

"Athleticen eta bere harrobiaren ereduak ez du zerikusirik beste klubek dutenarekin"

 

Kopa irabaziko dugu?

Bai, horixe! Eta gabarra berriro ateratzea liluragarria izango da. 

 

 

Lehenengo derioztarra, Athleticen

Andoni Ayarza Zallo (Madril, 1965) txikitan hasi zen futbolean jokatzen, kalean, lagunekin. "Aldekone FK taldea sortu genuen, Athleticek Lezaman Aste Santuan antolatzen zuen txapelketan parte hartzeko. Azkenean ez zidaten jokatzen utzi, gazteegia nintzelako. Arrantza itzela harrapatu nuen (kar-kar)", esan digu. Ayarza gazteak ez zuen itxaropena galdu eta hurrengo urtean, 13 urte zituela eta Seminario ikastetxeko taldean jokatzen zuela, Athleticek fitxatu zuen, Aste Santuko txapelketa jokatu eta gero, hain zuzen ere.

Derioztarraren esanetan, "han hasi zen ametsa". Urte batzuk geroago,gazte mailan zegoela, San Mamesen jokatu zuen lehenengo aldiz. "Ez dut inoiz ahaztuko. Denboraldi hartan Espainiako txapeldunak izan ginen, eta finalean Real Madrili 2 eta 1 irabazi genion. Nik gol biak sartu nituen. Izugarrizko garaipena izan arren, oso oihartzun txikia izan zuen, lehenengo taldeak Liga eta Kopa irabazi zituelako. Hala ere, sari ikaragarria jaso genuen, gabarran joateko aukera izan genuelako. Irabaztea oso pozgarria da, noski, baina poza askoz handiagoa da maite zaituen jendea poz-pozik ikusten duzunean. Bereziki, nire aita, betidanik Athleticen bazkidea izan delako".

1987an debuta egin zuen lehenengo taldean. Ayarza Athleticen jokatu zuen lehenengo derioztarra izan zen. Hala ere, 1989an Valladolidera joan zen. "Valladoliden oso esperientzia polita izan nuen: esate baterako, Errekopa jokatu nuen, eta Maturana izan nuen entrenatzaile. Izan dudan onenetarikoa izan da".

1991n Athleticera itzuli zen, baina hurrengo urtean min hartu zuen sorbaldan eta gainera ez zen Jupp Heynckes entrenatzailearen gustukoa. "Lesioak futbolaren alderik okerrena dira. Lesionatuta ibili ez banintz, agian partidu gehiago jokatuko nituen, baina zer egingo dugu. Nik jokatu nahi nuen, zoriontsua izan". Beraz, Rayo Vallecano taldera joan zen, klub berezia. "Auzoan nortasun handia dute, Vallecasekoak izateko harrotasun zoragarria. Hainbat lagun ezagutu nituen han: Ruiz Mateos, Camacho, Polster, Hugo Sanchez, Paco Jemez, Onesimo...". 

Ayarzak 32 urte zituela utzi zion futbolean jokatzeari. Azken geltoki biak, Marbella eta Barakaldo. "Marbellan eguraldi zoragarria dago eta oso atsegina da han bizitzea. Han bukatutakoan, etxera itzuli nintzen eta Barakaldon utzi nion jokatzeari. Guztira, 12 urte eman nituen profesional mailan eta horietako zazpi, Lehenengo Mailan. Gainera, 21 urte azpiko Espainiako selekzioarekin partidu batzuk jokatu nituen. Uste dut curriculum ona dela".