“Adierazitakoa benetakoa izatea nahi dut”

a: Jon Loidi 2020ko abe. 18a, 08:34

Hodei "Peri", rap-abeslaria

Hodei “Peri” Derioko gaztea da, eta rapa barrukoa bideratzeko eta ordenatzeko modutzat du. Bere lana gizarte-sareetan dago ikusgai, eta horretan bizipenak eta sentimenduak ditu hizpide. Bideoklip berria aurkeztuko du laster eta lehendabiziko maketa-edo grabatzeko asmoa ere badu. Derioztarrak argi du musikan zein edozein arlotan norbere printzipioei eustea ezinbestekoa dela.

Peri gaztetxoa zela, eskolan, hasi zen bere sentimenduei buruz idazten. “Barrukoa ordenatzeko”. Rapa Interneten bidez ezagutu zuen, eta lagunen bati esker. “Bestalde, lehen, Hardcore.Exe taldekoek Jam jaialdia antolatzen zuten herrian, eta egitasmoaren bitartez apur bat gehiago jakin nuen raparen gainean. Jakin-mina piztu zitzaidan, herrian rapa egiten zuen jendea zegoelako, eta, idazteaz gainera, abesten hasi nintzen. Arazoak nituen garai hartan, eta rapa modua zen sentitzen nuen hori guztia bideratzeko; barrukoa kanporatzeko bidea. Halaber, errimak erraz egiten nituela konturatu nintzen”.   

Derioztarrak hainbat abesti egin ditu eta bideoklipak ere grabatu ditu. “Bideoklipak lagun batek, Jon Loidik, zuzendu ditu eta Youtuben ipini ditut ikusgai; beste abesti batzuk, irudi batek lagunduta, eskegi ditut gizarte-sareetan.  Kantuetan, bizi dudanaz mintzatzen naiz, barrukoaz, sentimenduez... Horrela lortzen dut horiek guztiak hobeto aztertzea eta, hortaz, ordenatzea”. Abendurako, bideoklip berria kaleratzeko asmoa du. “Loidirekin grabatzen nabil, bere ideia batean oinarrituta. Egia esan, oso lan landua da, gogoz egina. Ondoren, sei edo zazpi abesti aukeratuko ditut eta maketa bat-edo grabatuko dut”.

“Bizi dudanaz mintzatzen naiz, barrukoaz, sentimenduez; horrela lortzen dut horiek guztiak hobeto aztertzea”

Teknologiari eta aplikazioei esker, gaur egun erraza da musika egitea. “Nik etxean grabatzen dut, nahiko ondo dagoen mikrofono bat erabilita, eta soinu-txartel bat. Gainera, errazagoa da, baldin eta bideoak-eta egiten dakien eta soinuan aditua den jendea ezagutzen bada. Era berean, gizarte-sareak oso lagungarriak dira zure lana zabaltzeko eta publikoarengana ailegatzeko: abesti bat igo, partekatu egiten da, eta jendeak zure lanaren berri du”.

Onartu duenez, perfekzionista da. “Lana dotorea egitea gustatzen zait, jakina, baina adierazten dudana benetakoa izatea nahi dut; burua ez behartu. Momentuaren arabera, denbora luzeagoa edo laburragoa eman dut konposatzeko: batzuetan, jarraian ateratzen zait dena; beste batzuetan, pixkanaka-pixkanaka idatziz joaten naiz”. Rapa ez ezik, beste musika-estilo batzuk ere entzuten dituela esan digu, eta Zetazen gehien gustatzen zaion rap-abeslaria dela. “Nolanahi ere, batez ere inguruko pertsonengan ipintzen dut arreta, zeinek barruan dutena abesten kanporatzen baitute. Horren harira, esaterako, oso gertu sentitzen naiz Aitor Elosegi derioztarrarengandik”.

“Inguruko pertsonengan ipintzen dut arreta, zeinek barruan dutena abesten kanporatzen baitute”

Jendaurrean

Peri bi aldiz igo da agertokira. “Bilborocken eta Barakaldoko taberna batean. Lagunak etorri ziren eta oso ondo pasatu nuen: asko gustatu zitzaidan esperientzia. Gustatuko litzaidake berriro jendaurrean abestea, baina abesti gehiagorekin eta denbora-tarte honetan hobetu dudala jakinda”.

“Gustatuko litzaidake berriro jendaurrean abestea, baina denbora-tarte honetan hobetu dudala jakinda”.

Gimnasioko monitorea izateko titulazioa duen arren, enpresen administrazioa ikasten dabil, eta, ahal dela, ikasketak, lana eta musika uztartzen jarraitzeko asmoa du. “Konposatzen segitu nahi dut, ondo pasatzeko modua da eta. Dena dela, ez dut uste musikagintzan lan egingo dudanik; musika disfrutatzeko egiten dut eta ez dut inoiz pentsatu ogibidea edo zerbait serioagoa izan litekeenik. Bueno, batek daki etorkizunean zer gerta daitekeen. Bitartean, abestiak egiten jarraituko dut”.

Etorkizunaren plana edozein izanda ere, Perik argi du gustatzen zaizkigun gauzak egin behar ditugula, eta beti gure idealen arabera jokatu. “Gauzak benetan gustuko ditugulako egin behar ditugu, eta gizarte-presioaren aurrean ez etsi”.