Argi ultramorea COVID-19aren aurka

Aikor aldizkaria 2020ko abe. 23a, 08:36

Biotalde Derioko enpresak elikagaien eta ingurumenaren segurtasunean dihardu, eta, Argi-Tech enpresarekin elkarlanean, argi ultramorea erabilita SARS-Cov-2 birusa –COVID-19a sortzen duena– leku itxietatik desagerrarazteko ahalmena duen tratamendua garatu du. Biotalderen ardura da tratamendua eraginkorra dela ziurtatzea.

Proiektuaren gakoak Nieves Zabala enpresako zuzendariak eta Iratxe Gonzalez zuzendari teknikoak azaldu dizkigute.  “Aspalditik dakigu erradiazio ultramorea germizida dela, baina egitasmoaren helburua izan da jakitea ea baliagarria izan litekeen SARS-Cov-2aren hedapena gutxitzeko. Argi-Tech enpresa ingeniaritza- eta diseinu-arloan arduratu da, eta gu hiru esparrutan: bakterioak, onddoak eta birusak hiltzeko beharrezko erradiazio-dosia, dosia ezartzeko segurtasun-sistemak eta tratamenduaren eraginkortasuna”.

Egitasmoa apiril-maiatzean hasi zuten eta, gaur egun COVID-19ari buruz hainbat ikerketa egon arren, garai hartan ez zegoen informazio askorik. “Laborategian ez dugu birusik aztertzen eta, hortaz, bakarrik erradiazio ultramorearen ahalmen bakterizida eta fungizida egiaztatu ahal genuen. Oztopa gainditzeko, laborategi batekin jarri ginen harremanetan, SARS-Cov-2 sintetikoz hornitu gintzaten. SARS-Cov-2 sintetikoa ez da kutsakorra, zeren birusa erreplikatzea ahalbidetzen duten geneak kenduta baitu”.

 

“Birusak eta koronabirusak beste mikroorganismo batzuk baino errazago ezabatzen dira”

 

Erradiazio ultramorea bakterioak, onddoak eta birusak hiltzeko gai dela ziurtatzeko, erreferentziazko mikroorganismoak erabili dituzte, eta hainbat proba egin dituzte, harik eta mikroorganismo horiek era onargarrian ezabatzeko beharrezkoa den gutxieneko dosia topatu duten arte. Nolanahi ere, bizi dugun egoerak horrela eskatuta, dosiak batez ere SARS-Cov-2 birusa ezabatzera zuzendu dira. “Birusak eta koronabirusak beste mikroorganismo batzuk baino errazago ezabatzen dira; beraz, SARS-Cov-2 birusa ezabatzeko nahikoak diren dosien –eta apur bat gehiago– alde egin dugu, nahiz eta jakin izan dugun beharbada dosi horiek ez direla nahikoak, esaterako, oso lizun-kopuru handia kentzeko”.

 

Argi ultramoreak finkoak edo mugikorrak izan daitezke, eta edozein toki itxitan ipini

 

Argi ultramoreak finkoak edo mugikorrak izan daitezke, eta edozein toki itxitan ipini. Instalazioa egin ondoren, Biotaldeko adituen txanda da. “Lekura mikroorganismo batzuk eramango ditugu eta tratamendua ezarriko diegu. Laborategira ekarriko ditugu eta aztertuko dugu tratamendua jaso aurretik zenbat mikroorganismo zeuden, eta tratamendua jaso ondoren zenbat dauden. Gainera, tokiko puntu kritikoak zeintzuk diren aztertuko dugu; hau da, SARS-Cov-2 birusaren kontzentrazio handiena non egon daitekeen: isotopo bat erabilita azalen lagina hartu, eta laborategian ikertuko dugu SARS-Cov-2 birusik dagoen. Airearen lagin bat ere hartuko dugu, eta tratamenduak han dauden mikroorganismoak gutxitzeko duen ahalmena aztertu. Era berean, tenperatura eta hezetasuna neurtuko ditugu eta ozono-abarrik ez dagoela konprobatuko dugu. Horiek guztiak kontuan hartuta, tratamendua eraginkorra dela ziurtatuko dugu; emaitza zazpi egunen buruan ematen dugu”.

 

Osagarria

Besteak beste, lekuaren neurrien eta bertan egiten den jardueraren arabera kalkulatuko dira tratamenduaren dosia eta irau­pena. Edonola ere, gomendagarria da tratamendua gutxienez egunean behin ezartzea. Gizakientzat ez da kaltegarria; hala ere, tratamendua lekuan pertsonarik ez dagoela egin behar da. “Ozono-kopuru txikia isuri daiteke eta, horregatik, iragazki bat ipintzen da argi ultramoreetan, ozono-kopuru txiki hori kanpora ez ateratzeko”. Horri lotuta, adituek gogora ekarri dute argi ultramoreak profesionalek ipini behar dituztela eta tratamendua ere beraiek ezarri behar dutela,  “erradiazioa germenak egon daitezkeen leku guztietara ailegatu dadin”. Tratamendua osagarria da eta ez du osasun- eta segurtasun-neurrietatik salbuesten, hala nola maskara janztea eta pertsonen arteko tarteari eustea. “Ez dago COVID-19rik gabeko lekurik: birusaren hedapenaren aurrean, tratamenduak segurtasun handiagoa ematen du”.

 

Tratamendua osagarria da eta ez du osasun- eta segurtasun-neurrietatik salbuesten

 

Euren ustez, aire-kalitatearekiko kezka geratzeko etorri da. “Orain arte, edaten dugun uraren eta jaten ditugun elikagaien kalitateak kezkatu gaitu eta orain hasiak gara leku itxietan arnasten dugun airearen kalitateaz kezkatzen. SARS-Cov-2 birusaren aurretik ere arnas gaixotasunak hartzen ziren leku itxietan, baina ez ginen kontziente; orain konturatu gara barruko airearen kalitatea ona izatea garrantzi handikoa dela”.

Aurreko lerroetan esan dugunez, argi ultramoreek birusak hiltzeko duen ahalmena SARS-Cov-2 sintetikoa erabilita aztertu dute. “Birusak ezabatzeko alderdi horretan sakontzen jarraitu nahi dugu eta, horretarako, Gaiker zentro teknologikoarekin elkarlanean arituko gara honik aurrera”. Instalazioen monitorizazioak eta haiei jarraipena egiteak ere datuak emango dizkiete barruko airearen kalitatea hobetzeko eta tratamenduak momentuko egoerara eta beharrizanetara egokitzeko.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).