Gero arte, itzuliko gara eta

t: Rosa DaƱobeitia eta Kerman Ibarra 2021ko urt. 4a, 13:27

Jarraian irakurriko duzuen elkarrizketa –nahi baduzue, jakina– ez da inoiz gertatu; edo ehunka aldiz, nola begiratzen zaion. Izan ere, Rosak eta biok, Kermanek eta biok, urte hauetan guztietan askotan hitz egin dugu fikziozko elkarrizketa honetan aurkituko dituzuen gaiei buruz. Fikziozko elkarrizketa da, baina, telesail batzuetan esaten denez, benetako gertaeretan oinarrituta.

-Betikoa?

-Bai, baina utzi niri egiten; nire txanda da.

-Beti da zure txanda. Lasai; bigarren txanda egongo da eta hori zuk ordainduko duzu.

Behin terrazako mahaian eserita, edarien eta gilda biren aurrean, aire zabalean eta koronabirus gaiztotik babestuta, elkarri hainbestetan esan eta entzun dizkiogun digresioak hasi dira.

-Zer, eguna iristeko gogoz?

-Ez pentsa; triste samar nago. Lagunek eta ezagunek –batzuk erretiratuak–, baita institutuko kideek ere –erretiroa hartu gabekoak–, sarritan aipatzen didate behin laneko tresnak eskegiz gero, ze ondo egongo naizen eta munduko denbora guztia izango dudala nahi dudana egiteko. Irribarre egiten dut eta isiltzen naiz, baina ez nago hain pozik: oso zoriontsua izan naiz Hezkuntzan lanean, Lehen Hezkuntzan haur txikiekin izan naizenean zein orain helduagoekin institutuan.  

- Niri ere antzeko zerbait gertatzen zait. Neska-mutilek ematen dizuten energia ordainezina da. Batzuetan nekatu egiten dira, baina, aldi berean eta kontraesankorra dirudien arren, energia ematen dute, bizitzeko  gogoa, ilusioa eta errugabetasuna; eta askotan hori oso garrantzitsua da erronka berriei heltzeko. Jolasten jarraitzeko gogoa; “porque vivir es jugar y no quiero seguir jugando” dio Calamarok. Neska-mutilek mundua eta bizitza modu zabalagoan ikusten laguntzen dute, gogotsu, alaitsu. Irakasle batzuk, bizitza kexuka pasatzen duten horietakoak, energia horretaz baliatzeko eta eskerrak emateko gai izango balira, profesional hobeak bihurtuko lirateke; irakasle onak. Giza harreman guztietan hartu-eman bat dagoela ulertzeak laguntzen du gure lana ondo egiten. Irakasleok ematen dugu, baina jaso dezakezuna estimatzen badakizu, asko biltzen dugula konturatzen zara. Edozein lanetan gertatuko da; nik hau bakarrik ezagutzen dut. Eta gustura egin dut, ondo egiteko ezinbestekoa den gogobetetasun-dosi hori jasoz.

-Beti pentsatu izan dut, hainbeste urtean egin duguna ondo egiteko –eta ez dut esan nahi beti ondo egin dugunik, ezta gutxiagorik ere–, edozein ikaslerengan zerbait ona bilatu eta aurkitu behar dela. Gustuko duzun zerbait bilatu eta aurkitu nahi izatea. Hala, haur edo nerabe hori gure denbora merezi duen eta gustura gure esfortzua ematen diogun norbait bihurtuko da: ezin dugu ahaztu ikasle guztiei erantzun behar diegula.   

-Horixe da gure lana ondo egitea; eta ondo egiteak zuri ere egiten dizu on. Bola bat da. Bikaina da gure lana ondo egiten dizun eta aberasten zaituen zerbait moduan ulertzea. Gozatu egiten duzu; eta normalean zerbait egiten gozatzen baduzu, gogo hori helarazten duzu. Hezkuntzan ezinbestekoa da gogo bizia helaraztea. Gainera, lanean gozatzea gutxienez bizitzaren heren batean gozatzea da, lanean ordu asko pasatzen baitugu. Ez da gutxi.   

-Ikasleez gainera, lankideek ere lagundu didate lanaz gozatzen; zuk, haien artean. Hezkuntza gehienbat emakumeen lana izatea oso aberasgarria da bertan lan egiten dugunontzat; irla bat, bizi izan garen eta bizi garen munduan. Batez ere emakumeen giroan lan egiteko, ideiak trukatzeko eta lagunak egiteko aukera izateak aberastu nau; moldatu nauela uste dut. Eskerrak.  

-Ikasle gatazkatsuekin luzaroan lan egin izanaz ere bereziki harro nago –jarreraz ari naiz–. Baita ikasteko zailtasunak dituztenekin lan egin izanaz ere. Neska-mutil horiek hegan egiteko gai izan dira, aurrera egiteko, konplexuei aurre egiteko, jarrerak bideratzeko gai, eta hori bikaina da. Uste dut hori bai egin dugula ondo. Ados egongo zara: talde ona osatu dugu haiekin lan egin dugunean zein haiekin, irakasleekin eta familiekin bildu garenean. Ez dut “Vuelta la mula al prado” esaldi mitikoa inoiz ahaztuko.

-Zuzendaritzan lan egitea tokatu zaigunean ere ez da gaizki joan. Egokitu zaizkigun egoeretan, irakasleak, ikasleak eta familiak koordinatzea ez da erraza izan. Nire ustez, parte hartu dugun talde zoragarriari esker lortu dugu; hainbat kargutan izan garela: batzuetan hemen, eta beste batzuetan han. Baina kargu guztiak bezain garrantzitsuak izan dira taldeak funtzionatu zezan. Eta gure taldeek funtzionatu egin dute. Eskerrak guztiei eman nahi dizkizuet egindako lanagatik; gehien distiratzen dutenei eta, hainbeste distiratu gabe, makina martxan mantentzen dutenei: atal erritmikorik gabe –agertokiaren atzealdean dauden horiek– ez da musikarik jariatzen, abeslaria oso ona izan arren.

-Jarraituko dutenei hau esan diet behin baino gehiagotan: “Inbidia dizuet. Plazera izan da hain talde on eta zoragarrian lan egin izana. Inbidia dizuet, taldean jarraituko duzuelako. Ni banoa”.

-Gauza asko ditugu oraindik egiteko, eta egingo ditugu. Uzten badigute, eta hala izatea espero dut, prest gaude astean behin zuzendaritzak egokitzat jotzen duen horretan laguntzeko. Umiltasunez eta gogoz jarraituko dugu lanean; satorrek bezala, ikusgai egon gabe. Horrela, aldaketa ez da hain gogorra izango eta gazteek ematen duten energiaz baliatzen jarraitu ahal izango dugu, eta utzi dugun taldeko jendearen energiaz. Talde-puska!

-Autoritatea duen pertsona-taldea da. Baina onaren autoritatea; hau da, ikasleekin eta ikaskideekin, irakasleekin, bedelekin, administrariekin eta garbitzaileekin inplikatzean lortzen duzuna. Mahaiak mugitzeak, erratza egiteak, ikasleei entzuteak eta irtenbideak topatzeak autoritatea ematen du. Zintzoaren autoritatea, egiarena; ez karguak ematen duena. Hori beste gauza bat da. Neska-mutilek ikus dezaten nola inplikatzen zaren, ikus dezaten hor zaudela, haiekin. Horrek ez du esan nahi arrazoia emango diezunik edota ez dituzunik zigortuko, baizik eta Hezkuntzan, bizitzan, laguntzea eta lagunduta sentitzea funtsezkoak direla. Lagunduta sentitu daitezen. Horretan honoris causa doktorea zara.  

-Eta zu ere bai; azken egunera arte. Ikasleei entzuteaz ari gara. Denbora eskaintzea oso garrantzitsua da eta ikasleei entzuteari ere eskaini behar zaio denbora; arazo gutxi sortzen dituztenei nahiz arazoak sortzen dituztenei. Guztiek behar dute entzun diezaiegun. Horretarako, kalitateko denbora eskaini behar zaie.

-Umeei kalitateko denbora eskainita, zenbat arazo saihesten diren eta zenbat denbora aurrezten den! Orain modan dagoen enpatia ospetsu hori. Denbora behar da enpatia lortzeko, eta prozesuan neska-mutilek ezagutzen zaituzte eta zurekin enpatia dute, euren gustukoak ez diren erabakiak hartu behar dituzunean ere bai.

-Ordu pare bat gehiago egon gintezke hizketan. Bigarren txandarik?

-Jakina! Zeuk ordaindu.

 

Irakasle

Rosa Dañobeitia Sierrak 39 urte daramatza Hezkuntzan; eta Kerman Ibarra Iriondok, 41. Biak orain dela 22 urte ailegatu ziren Txorierri Institutura.

Ondarroan eta Gatikan irakasle ibiltzeaz gainera, Dañobeitia Lezamako eskolan ere izan da. Derioko Institutuan, matematika eta natur zientziak irakatsi dizkie DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleei; koordinazio-lanetan ere aritu da. Irakasle izatea “gustukoa dudalako” erabaki zuen.

Txorierri Institutuan baino lehen, Ibarra Derioko eskolan ibili zen irakasle, Uribarrikoan eta Larrabetzukoan. Institutuan historia irakatsi du eta aspalditik ibili da zuzendaritzan, koordinatzaile moduan; azken urteotan zuzendaria izan da. Hezkuntzan zergatik hasi zen kontatu digu: “Garai hartan euskaraz zekiten irakasleak behar ziren, eta ni euskara ikasten nenbilen. Azterketa bat egin nuen eta hurrengo egunean hasi nintzen lanean; ordutik hona oso gustura izan naiz”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).