“Poz-pozik nago, ez nagoelako inoren beharrean”

Aikor aldizkaria 2021ko ots. 1a, 14:09

Imanol Aparicio, tratamendu esperimentala hartzen dabil

Imanol Aparicio Rodriguez 21 urteko derioztarra da. Bizitza duela bost urte erabat aldatu zitzaion, hankako minarekin hasi zenean eta, hainbat proba egin ondoren, sorbaldan tumore bat topatu ziotenean. Ebakuntzak egin arren, gazteak hanken mugikortasuna galdu zuen eta medikuek esan zioten denboraren poderioz gorputz osoarena ere galduko zuela. Hala ere, Bartzelonan hartzen dabilen tratamendu esperimental berri bati esker, inongo laguntza barik oinez ikusi ahal dugu herriko kaleetan.  

Hamasei urteko beste edozein gazte moduan, Imanol institutuan zebilen eta futbolean jokatzen zuen. “Eskuineko hankako minarekin hasi nintzen, giharraren atzean. Urtebete eta erdian hainbat proba egin zizkidaten, baina ez zuten ezer topatzen eta esan zidaten beharbada txarto osatutako zuntz-haustura zaharra izan litekeela. Minarekin jarraitzen nuenez, sorbaldako erresonantzia egin zidaten azkenean eta ikusi zuten tumore bat nuela. Tumorea hedatuta zegoen bizkarrezurrera, hezur-muinera, sakrora eta burura. Goia behera etorri zitzaidan. Egia esateko, ez nekien ezta zer pentsatu ere”.

Tumorea oso alde “zail” batean du eta horregatik ezin izan diote osoa kendu. “Bederatzi hilabetean hiru ebakuntza egin zizkidaten –hiru hilabeteko tartea izan zen ebakuntza batetik bestera–, bizkarrezurretik, hezur-muinetik eta sakrotik ahalik eta tumore-zati handiena kentzeko; hala ere, ezin didate buruko ebakuntzarik egin, nahiz eta hangoa txikia izan”. Oso ebakuntza gogorrak izan ziren, eta ondoren ZIUko (Zaintza Intentsiboen Unitatea) egunak eta ospitaleko egonaldi luzeak etorri ziren. “Errehabilitazioa egin behar izan nuen, eta hezur-muinean hiru erradioterapia-saio hartu. Oso gogorra izan zen, fisikoki zein psikologikoki. Ospitalean hainbeste denbora  emateak erabat sumindu ninduen… Makuluak erabilita ibiltzen nintzen, baina, bueno pixkanaka-pixkanaka hobera egin nuen. Institutuan ere nahiko lagundu zidaten ikasten jarraitu ahal izateko”.

Aldizka mediku-azterketak egin arren, ahal zuen neurrian, Imanolek bere bizitza eta ohiturak berrartu zituen. “Urte bi beranduago, 2018ko hasieran, txakurrarekin korrika nengoela zerbait arraro nabaritu nuen hankan, sastada bat, eta lurrera erori nintzen. Handik aurrera, sastada gehiago izan nituen, harik eta hanken mugikortasuna erabat galdu nuen arte”. Tumorea handituta zegoen eta medikuen aurreikuspenak ez ziren batere itxaropentsuak. “Amari esan zioten ez zutela niri nola lagundu, ez zegoela zer egiterik: gorputzaren goiko aldearen mugikortasuna ere pixkanaka-pixkanaka galduz joango nintzen, eta itsu ere geratu. Hasieran niri ez zidaten ezer esan, baina banekien zerbait gertatzen zela eta esan nien mesedez niri egia esateko… Oso kolpe latza izan zen; ez nuen ezer jakin nahi, ezta inoren berririk izan ere”.

Aproposa ikerketarako

Itxaropena guztiz galduta zuen Imanolek. “Alabaina, handik hilabete batzuetara Bartzelonako Vall d¨Hebron ospitaletik deitu zidaten. Medikuei ebakuntza egiteko baimena sinatzearekin batera, kendutako tumore-zatiak beste ospitale batzuetara ikertzera bidaltzeko baimena ere sinatu zuen amak. Esan zidaten bertan tratamendu esperimental bat egiten zebiltzala eta beharbada aproposa izan nintekeela ikerketan parte hartzeko. Ez nuen zer galdu, eta baietz erantzun nien. Proba batzuk egin zizkidaten eta tratamendua uztailean hasi nuen”. Imanolk egunean pilula bi –berak ez daki zehatz-mehatz zein motatako medikazioa den– hartzen ditu eta Bartzelonara hilean behin joan behar du probak egitera. “Odol-analisiak eta erresonantziak egiten dizkidate tumorea nola dagoen ikusteko”. Gazteak tratamendua hasi eta hilabete gutxira berreskuratu zuen itxaropena. “Bartzelonan nengoen, hotelean, eta bat-batean oinak mugitzen hasi nintzen. Hori poz handia! Ezin nuen sinetsi!”.

“Bartzelonan nengoen, hotelean, eta bat-batean oinak mugitzen hasi nintzen. Hori poz handia! Ezin nuen sinetsi!”.

Tratamendua 2018ko uztailean hasi zuen eta gaur egun arazo barik ibili daiteke. “Hobekuntza ikaragarria izan da: gurpil-aulkia erabili nuen lehen eta orain laguntzarik gabe ibili naiteke. Gurutzetako medikuak ere harrituta daude; ez dute sinesten. Ni oso pozik nago: ezin dut, adibidez, korrika egin, baina bizitza normala egin dezaket gutxi gorabehera”. Imanol egunean-egunean bizi da eta ez du gehiegi pentsatzen tratamenduaren epe luzeko eraginkortasunari buruz. “Tratamentu esperimentala da eta medikuek ere ez dakite zer gertatu litekeen. Tumorea momentuz geldirik dago eta guztiok gaude pozik emaitzekin”.

“Tratamentu esperimentala da eta medikuek ere ez dakite zer gertatu litekeen. Tumorea momentuz geldirik dago eta guztiok gaude pozik emaitzekin”.

Imanolen lehentasuna ondo egotea da gaur egun. “Poz-pozik nago, autonomoa naizelako eta ez nagoelako inoren beharrean: nik bakarrik hartu ahal dut dutxa, txakurra kalera atera, igeri egin, aititari leku batera edo bestera lagundu ahal diot… Bestetik, musikari lotutako zerbait ikastea gustatuko litzaidake; Derioko Nekazaritza Eskolan hasi nintzen, baina utzi behar izan nuen, ezin bainuen esfortzu fisikorik egin”. Etorkizuna edozein izanda ere, derioztarrak argi du egunez egun egingo duela aurrera.  

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).