Zer da Dos vascas y un destino?
Duela gutxi estreinatu dugu eta laster, martxoan 6an, Berangon izango gara. Bizitzari buruzko bakarrizketa laburrak dira, binaka. Gure akatsei buruz hitz egiten dugu, norberaren burua onartzeari buruz. Eta Alaznek bere ikuspuntua ere adierazten du. Euskaldun biren arteko lehia da (kar-kar). Egoera ez da ona eta jendea entretenitu nahi dugu.
Ikuskizuna berria da. Zelan doa?
Ondo, pozik gaude. Apurka-apurka aldatu egiten da. Gustatzen zait gaurkotasuna eta gauza berriak txertatzea; beraz, ikuskizuna ez da inoiz berbera izaten. Izan ere, ni ere ez naiz berbera ikuskizun guztietan.
"Gustatzen zait saioetan gauza berriak txertatzea; beraz, ikuskizuna ez da inoiz berbera izaten"
Zelan Derion?
Zoragarria izan zen. Antzokia txikia da, baina oso erakargarria. Jendeak berotasuna erakutsi zigun arratsalde osoan. Barre egiteko gogoa zuten. Askotan esaten da euskaldunok hotzak garela, baina ez nago ados: umorezko ikuskizunetan etengabe egiten dugu barre. Hain genbiltzan gustura, ezen ez genuen saioa bukatu nahi: hasi ginen inprobisatzen, barre-atakea hartu genuen.... Primeran pasatu genuen publikoa gurekin zegoelako. Eta publikoak laguntzen duenean, magia da. Arazoa etorri zen ikuskizunaren ondoren, Madrilen erori zen elurteak betebetean harrapatu ninduelako. Etxe bat alokatuta nuen berton, baina hurrengo egunean utzi behar nuen; Burgosen beste etxe bat alokatu nuen, baina elurtea delaeta jabeak esan zidan berak behar zuela. Beraz, Madrilera joan nintzen txakur birekin eta azkenean, 10 ordu pasatu eta gero, etxera iritsi nintzen. Eromena izan zen: Burgosetik Madrilera ez zegoen autorik, apokalipsia zirudien.
“Derion primeran pasatu genuen, jendea gurekin zegoelako. Eta hori gertatzen denean, magia da"
Alazne Etxebarria duzu lankidea. Zelan sortu zen ikuskizuna egiteko ideia?
Alli abajo telesaioan biok hartu dugu parte, baina ez aldi berean, eta gerora ezagutu genuen elkar, Ttipia enpresari esker. Bakarrizketa elkarrekin egin genuen eta gure artean kimika sortu zen. Eta hori nabaritzen da agertokian.
Bakarrizketa zeuek idatzi duzue? Zelan prestatu duzue ikuskizuna?
Duela urte bi hasi nintzen bakarrizketak egiten. Garai hartan beste pertsona batek idazten zizkidan bakarrizketak eta nik ukituak ematen nizkion testuari. Denboraren poderioz, konturatu nintzen idazteko gauza nintzela eta horri ekin nion. Azken batean, testua norberak antzezten badu, hobe da norberak idaztea, norberak ezagutzen duelako ondoen norberaren umorea.
Zelan bakarrizketen munduan?
Bakarrizketak interpretazioan dagoen alderik zailena dira. Telebistan eta zineman, esate baterako, taldeko lana da, eta eszena errepikatu egin ahal duzu. Bakarrizketan, aldiz, bakarrik zaude eta ezin duzu atzera egin. Eta gainera barrea eragin behar duzu. Erabateko arreta behar duzu ikuskizuna egiteko. Oso kritikoa naiz neure buruarekin: saio guztiak grabatzen ditut eta etxean entzuten ditut, nola egin dudan jakiteko.
Zer gertatzen da txisteak barrea eragiten ez duenean?
Hori ez zait niri inoiz gertatu (kar-kar). Ez, txantxa alde batera utzita, jendeak barre egiten ez badu, ez dut porrot moduan hartzen eta aurrera jarraitzen dut. Saioak ondo pasatzeko egiten ditut. Apur bat kamikazea naiz -agian “komikazea” esan beharko-.
Koronabirusak asko aldatu du zure ogibidea?
Pena ematen dit, antzokiaren edukiera izugarri murriztu dutelako, gehiegi. Eta jendea beldur da, beldurra sorrarazi digutelako. Jendea zintzo etortzen da antzokietara eta neurriak betetzen dituzte. Barreek maskarak gainditzen dituzte eta publikoaren sentimenduak agertokira iristen dira. Gauzak aldatu egin dira, noski, baina egokitu gara.
Zertan zabiltza gaur egun?
Bakarrizketa hau laburra da, ordu erdikoa. Horretan oinarrituta ordu bateko bakarrizketa nabil prestatzen eta uste dut udaberrirako prest egongo dela. Beste proiektu pare bat ere baditut, baina oraindik ezin da ezer esan, gauzak egun batetik bestera aldatzen direlako.
Ekintzailea
Nerea Garmendia (1979) Beasainen jaio zen baina 10 urterekin Donostiara joan zen bizitzera. Gaztetan jakin zuen aktorea izan nahi zuela. “Hamasei urte nituela, erabakia hartu nuen. Aitak ez zidan jaramon handirik egin, baina amak, bai, ordea. Berak badaki zerbait egin nahi dudanean, nekez kentzen zaidala burutik. Epea jarri nion neure buruari: aktorea izaten 25 urte bete arte saiatuko naiz eta ordurako lortzen ez badut, Enpresa-ikasketak ikasiko ditut”, esan digu.
“Zortea izan eta lan gogorra egin eta gero”, ibilbide oparoa izan du gipuzkoarrak. Telebistan Vaya semanita saioak eman zuen ezagutzera eta harrezkero, besteak beste La Reina del Sur, Los hombres de Paco eta Alli Abajo telesaioetan hartu du parte. Hainbat antzezlan ere egin ditu. Garmendia oso ekintzailea da. “Askotan galdetzen didate ea ametsik dudan. Eta beti erantzuten dut ezetz. Izan ere, ametsen bat badut, hurrengo egunean jartzen naiz martxan amets hori betetzeko edo, gutxienez, saiatzeko”.
Eta hori egin zuen aktorea izateko: hemeretzi urte zituela Madrilera joan zen ikastera. "Gero Euskal Herrira itzuli nintzen, baina 2008an Madrilen geratu nintzen. Han egotea beharrezkoa da aktoreontzat, industria bertan dagoelako. Gustura nago, baina Donostia behar dut: mendiak, itsasoa, umorea, kultura, lagunak, janaria... Nire bihotzean eta nortasunean daude. Horregatik, etxean lan egin behar dudanean, poz-pozik ibiltzen naiz”.