Bilboko Udalak kontratatu ditu kanposantu honetan zaharberritze lanak egiteko. "Kontserbazio egoera txarrean dagoena zaharberritzeko, ahalik eta denbora gehien iraun dezan". Orain hilerria inguratzen duen horman dabiltza; panteoietan ere ibiliak dira, zeren interes kulturala dute eta zaindu behar dira. Abenduan hasi ziren eta ekainera arte egongo dira oraingoz, gero... nahiago lukete, baina ez dakite. Goizez dabiltza, zazpi orduko lanaldian. Beste urteetan ere ibili dira; lan hau ez da amaitzen, beti dago zer zaharberritu.
Kontatu digutenez, arazo nagusia harrian dago: gehiena hareharria da eta nahiko egoera txarrean dago. "Kontuan eduki behar da hemen euri asko egiten duela, kutsadura dagoela, abioiak gainetik pasatzen direla, kanpoko hormaren ondoan trena eta autoak dabiltzala gelditu gabe: horrek denak asko kaltetzen du harria".
Eta zer egin konpontzeko? Baten batek ura presioan botatzea esango luke, baina ez da hain erraza. "Lehenago, ertzetan dauden belar eta landareak kentzen ditugu, eskuz; gero harria ez diren partikulak, zikinkeria, tentu handiz kentzeko. Ostean harria busti egiten da, horrela bigundu, poroak zabaldu eta eskuila batzuekin igurtziz zikinkeria atera egiten dugu; ondoren, biozida ematen da onddoak hiltzeko. Gero berriro ura eta garbitu. Desegiten ari bada, kontsolidatzailea ematen diogu. Ondo gelditzeko, eta gehiago irauteko, hidrofugante ere eman beharko litzaioke, baina hori ez dugu".
"Euri asko egiten du, kutsadura dago, abioiak, trena, autoak: horrek denak asko kaltetzen du harria".
Eurak Leioako Arte Ederretan ikasitakoak dira: bata lizentziatua, Kontserbazio eta Zaharberritze espezialitatean, eta besteek maila bereko gradua dute. Lizentziatua kexu da orain gradukoei aukera gehiago ematen dietela eta.
Lan jarraitua
Batzuentzat hau lehen lana da, baina beste batzuentzat ez. Isak kontatu digu Sabino Arana Fundazioan ibili dela bi urte lanean, kontserbazio lanak egiten. Han, paperezko dokumentuak, argazki digitalizazio asko, formatu txikiko objektuak, pegatinak... denetarik izan ditu. "Bitxikeria moduan, preso batek kartzelan idatzitako antzerki obra bat izan genuen, komuneko paperean idatzita. Beste alde batetik, eskultura erlijiosoak zaharberritzen ibilia naiz: mihiseren bat, doratuak... Elizetako obrak. Beharbada Murtziakoa naizelako, eta han Aste Santuko prozesio asko dagoenez (kar, kar)"
Borja bere aldetik enpresa pribatuan ibilia da, fatxadak zaharberritzen, eta Junerekin batera orain arte ere hilerri honetan lanean ibilitakoa da panteoiak zaharberritzen, Recaredorena, Doña Casildarena, zirkuan hil ziren umeena. Beheko kriptan, bi soldaduen estatuetan (memoria historikoaren legea dela-eta kendu egin dituztenak)".
Pazientzia guztiz dabiltza eta, esan digutenez, lana ezin da gelditu. Urtero dago lana, eta egongo da, harriak asko sufritzen duelako hemen eta iaz egindako lan batzuk ere errepasoa behar dutelako jadanik. Mantenu lan hau jarraitua izan behar da.
Urtero dago lana: harriak asko sufritzen du eta iaz egindako lan batzuk ere errepasoa behar dute