Emaus Gizarte Fundazioak hiru lan-arlo ditu: gizarte-inklusioa, laneratzea eta gizarte-eraldaketa eta –sentsibilizazioa. Horren harira, Gipuzkoan, Bizkaian eta Galizian kudeatzen ditu titulartasun publikoko zazpi egoitza-zentro, babestutako zazpi etxebizitza, gizarte-inklusiorako hiru eguneko zentro eta esku-hartzeko sozioedukatiboa eta psikosoziala egiteko zerbitzua. Horrezaz gainera, Lanbiderekin kolaboratzen dugu enplegurako prestakuntzaren arloan, hainbat formula proposatzen ditugu enplegua eskuratzeko eta hori hobetzeko, eta gizarteratze-enpresa bi ditugu ingurumenaren eta hondakinen kudeaketaren esparruetan.
Gamizen Bitartean programa dugu. Hori egoitza-zerbitzua da eta gizartetik kanpo dauden pertsonak gizarteratzea du helburu. Bizkaiko Foru Aldundiaren titulartasuneko zerbitzua da. Bestalde, eta aldundiarekin lankidetzaren harira, azaroan eguneko zentroa zabaldu zen Derion, antzeko gizarte-egoeretan dauden pertsonei arreta emateko.
Bitartean arreta osoko programaren ezaugarrietako eta identitate-ikurretako bat da hezkuntza- zein gizarte-eragileekin egiten duela bat. Horrela, bada, lankidetza hitzarmenak sinatu ditu Derioko Nekazaritza Eskolarekin, EHUrekin, bigarren hezkuntzako institutuekin (Tartanga, Orue eskola, San Luis…), Deustuko Unibertsitatearekin, auzolandegiekin (ADSIS, UD Solidarioa, Valentziako Scouts…), BesteBi plataformarekin, komunitateko antzerki-taldearekin, Butroi Bizirik elkartearekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin, batzuk aipatzearren.
Elkarrengandik ikasi
Emaus Gizarte Fundazioaren programen eta zerbitzuen erabiltzaileek komunitatean parte hartzea giltzarria da inklusio-prozesuetan. Izan ere, hari esker lortzen da errealitate ezberdinak ikusgai egitea eta harremanetan ipintzea; bestela, ez lukete elkar ezagutuko eta, ondorioz, ez lukete gizarte-harreman berriak egiteko aukerarik izango. Hori dela eta, kultura, artea, kirola, aisialdia eta hezkuntza agertoki egoki-egokiak dira esperientziak partekatzeko eta elkarrengandik ikasteko. Era berean, harremanak balio du gizartetik kanpo dauden pertsonen egoeraz jabetzeko eta berarekiko sentikor bihurtzeko; eta hori epe luzeko prebentzio-neurria ere bada, batez ere gazteei begira.
Aikor! aldizkaria ere horren adibidea da eta, horregatik, lerro hauek baliatu nahi ditugu irakurleak gonbidatzeko Gamiz-Fikan zein Derion egiten dugun lana ezagutzera.
Irakurleak gonbidatu nahi ditugu Gamiz-Fikan zein Derion egiten dugun lana ezagutzera