Emaus Gizarte Fundazioa

Emakumeak ikusgai

t: Pilar Garcia, PAI Bitartean programaren zuzendaria 2021ko mar. 25a, 13:38

Emaus Gizarte Fundazioaren arreta osoko programa da PAI Bitartean. Historian eragin handia izan duten emakumeetako batzuk ikusgai ipini nahi izan ditugu martxoan, eta, horretarako, eguneko zerbitzuaren erabiltzaileek zenbait ekimen egin dituzte. 

Emakume handiak nabarmendu ditugu, emakume ausartak, indartsuak, adoretsuak eta ilusioz beteak; eta Derion kartelak ipini ditugu euren irudia bistaratzeko eta euren historia kontatzeko. Hauek dira emakumeetako batzuk: Ada Lovelace, historiako lehen ordenagailu-programatzailea; Malala Yousafzai, emakumeen eta neskatoen hezkuntzaren aldeko aktibista; Marie Curie, bi espezialitatetako (Fisika eta Kimika) Nobel saria jaso zuen lehen pertsona; Hedy Lamarr, aktorea eta espektro hedatuaren transmisio-teknika asmatu zuena, zeinetan egungo haririk gabeko teknologia guztiak (wifia, bluetooth, GPS…) oinarritzen diren; Clara Campoamor, emakumeen errepublika-batasunaren sortzailea eta 1931n, Espainian, emakumeen sufragioaren bultzatzaileetako bat; eta Gertrude B. Elion, leuzemiarako, malariarako eta gernu-infekzioetarako tratamenduak aurkitu zituena.

Inguru hurbilean ere emakume adierazgarriak ditugu, hala nola Miren Basaras Mikrobiologian doktorea, Bego Vicario zinemagilea eta irakaslea, Toti Martinez de Lezea idazlea, Iraia Iturregi Athleticeko emakumeen taldearen entrenatzailea, Irene Artetxe herri-probetan dabilena  eta Sara Gandara, Irene Diaz Abellan eta Jone Fernandez kazetariak. Baita elkarte feministen emakumeak ere: Moreak (Lezama), Zapata Gorriak (Zamudio), Iretargi Betea (Loiu), Garrasia (Sondika), Koxak (Derio), Zutunik (Larrabetzu) eta Txorierriko Neska Gazteak. Era berean, ez ditugu gainerako emakumeak ahaztu nahi: amak, amamak eta hainbat eratako eta hainbat lanbidetan dabiltzan emakumeak, gugatik beren onena ematen dutenak. Esker ona adierazi nahi diegu, eta indar-, adore-, ausardia- eta ilusio-mezua helarazi.

Azkenik, ahots sendoz eta seguruz, ikusiezinak diren emakumeak aipatu nahi ditugu, isilean sufritzen dutenak, etxerik ez dutenak, laguntzarik ez dutenak eta aurrera egiteko bakar-bakarrik borrokatzen ari direnak. Bizitegi-bazterketa larriari buruzko azterlan baten arabera (ETHOS tipologia), 2014an etxerik ez zuten 457 emakume inguru zeuden Euskal Autonomia Erkidegoan, 33.707 emakume etxebizitza arriskutsuetan bizi ziren, eta 80.000 emakume baino gehiago, etxebizitza ez egokietan.

Ikusten ez dena ez da existitzen. Horregatik, aurreko lerroetan esandako errealitatea ikusgai ipini nahi dugu; Emaus Gizarte Fundazioko langileok egunero ikusten dugu.

Eskumuturreko solidarioak

Eguneko zerbitzuaren erabiltzaileek eskumuturreko solidarioak egin dituzte, eta batutako dirua ACAMBI Bizkaiko Ginekologiko eta Bular Minbiziaren Elkarteari eman diote. Guztira 402,32 euro batu dira. Dohaina eman zuten derioztarrez eta txorierritarrez gainera, eskerrak eman nahi dizkiegu Derioko Udalari, Adarve tabernari, kiroldegiari, Arteaga estankoari eta Baserri Antzokiari, eskumuturrak salgai ipintzeko gunea utzi zigutelako.

Bestalde, martxoaren 5ean, Ines Sanchez eta Belen Gonzalez, ACAMBiko presidenteordea eta boluntarioa hurrenez hurren, izan genituen irratian. Elkarrizketa egin genien eta oso modu hurbilean kontatu ziguten nortzuk diren, zein motatako ekintzak egiten zituzten eta nola lagundu ahal genien. Informazio guztia www.acambi.es webgunean dago eskuragarri. Eskerrik asko, Ines eta Belen! Oso tarte atsegina pasatu genuen zuekin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).