Maitane Salvador, Kantu Kolore taldeko abeslaria

“Oso positiboa da umeak musikaren bidez heztea”

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 26a, 12:17

Kantu Kolore taldeak Ametsen urtebetetzea ikuskizuna ekarri zuen martxoaren 19an Deriora. Gurea Aretoan batu ziren umeei ez ezik gurasoei ere gozarazi zieten agertokia doinuz eta kolorez beteta. “Kontzertu zoragarria izan zen, eta giroa ezin hobea. Aretora hurbildu ziren guztiek hartu zuten parte ikuskizunean eta etxeko giroan sentitu ginen. Publikoaren berotasuna ere jaso genuen!”.

COVID-19a dela-eta aldatu behar izan duzue ikuskizunaren formatua. 

Bai, hasiera batean erromeria moduan egiten genuen eta. Pentsatu behar izan genuen, gure esentzia galdu barik, nola gauzak erakutsi eta, aldi berean, nola ondo pasatu; gainera, modu seguru batean nola egin ere hausnartu behar izan genuen. Antzerki musikatua sortzea otu zitzaigun, antzezlan-zati gehiago sartuz eta istorioan gehiago sakonduz; hau da, musikalen egiturari jarraitzea. Gainera, dantzatzeko modua ere eskaintzen dugu, eserita eta gorputz-perkusioa erabilita. Ikusleek oso erantzun ona adierazten dute eta azkenerako areto osoa dantzan.

Esna zaitez bigarren lana konfinamenduan sortu zenuten.

Egunak ordu asko ditu eta denbora behar da kantu bat sortzeko eta hari forma emateko; egia da egunerokotasunean, beharbada, ez dugula hainbeste denborarik, baina konfinamenduan denbora antolatzeko aukera izan genuen. Gainera, diskoa egiteko irrikan geunden eta, bestalde, egoeratik urruntzeko modua ere izan zen. Abestiak etxean sortu genituen eta Madrilgo ekoizleari bidali genizkion nahasketak egiteko eta ekoizteko. Zati bat Xabi Aburruzagaren estudioan, Zamudion, grabatu genuen, eta beste zatia, Madrilen. Masterizazioa Londresen egin zen; hortaz, nazioarteko diskoa dela esan daiteke, eta oso esperientzia polita.

Zein da Kantu Koloreren iturburua?

Taldekideok musikan eta hezkuntzan gabiltza eta zera pentsatu genuen: Zergatik ez ditugu kutsu didaktikodun kanta batzuk sortzen, baina gaur egungo musika erabilita? Zazpi kolore abestia proba gisa atera genuen eta oso erantzun ona izan zuela ikusita lehen diskoa kaleratu genuen, eta Ametsen urtebetetzea pelikula. Guk bi urtetik 12 urtera bitarteko umeentzako abestiak egiten ditugu eta guztiek kutsu didaktiko bat dute, helburu bat. Gure materiala asko erabiltzen da ikastetxeetan eta www.kantukolore.eus webgunean ere proposamen didaktikoak ditugu. Lankideentzako materiala sortzen dugu azken batean; ohorea da eta aurrera jarraitzera animatzen gaitu. 

“Bi urtetik 12 urtera bitarteko umeentzako abestiak egiten ditugu eta guztiek kutsu didaktiko bat dute, helburu bat”

Berebiziko garrantzia ematen diozue musikari; beste bide batzuk baino eraginkorragoa da hezteko?

Bai, musikaren bidez heztea posible delako, esaterako, aditzak zer diren, zuhaitzen izenak… Askotan, umeentzako gauzak sortu dira, baina ez da musika hainbeste kontuan izan. Nire ustez, oso positiboa da umeak musikaren bidez heztea eta musikak badu zeozer, botere, berezi bat. Bide batez mezu didaktiko bat eta helburu zehatz bat lantzen baduzu, eta, gainera, mezua heltzen bada eta ikasleek ikasten badute, bada, bikaina da. Beste aldetik, gustatzen zaigun musika erabilita sortu ditugu abestiak eta disko bietan familia osorako kantak daude, hainbat estilotakoak… autoan goazela ez esateko –Hara, umeen txanda da orain; hau bai tormentua! (kar-kar). Ahalegintzen gara kanta alaiak, positiboak eta gaurkotuak egiten.

“Ahalegintzen gara kanta alaiak, positiboak eta gaurkotuak egiten”

Zer dela-eta zarete hain talde arrakastatsua?

Egia esan, ez dakit. Familia bat gara, edozein familia bezalakoa, eta normaltasun hori islatzen dugu. Halaber, edonork abestu ditzakeen kantak egiten ditugu… Inoiz ez dakizu egitasmo batek funtzionatuko duen ala ez, baina oso pozgarria da aurrera egiten duela ikustea.

Zazpi kolore abestia kaleratu zenean imajinatzen zenuten proiektuak egungo ibilbidea hartuko zuela?

Bai zera! Eta zer esan nezake neuk Nire gorputza da abestiari eta Peru krokodiloari buruz?... Mezuak heltzen direla uste dut eta hori taldearen arrakastaren arrazoietako bat izan daiteke, agian; baita musika gaurkotua egiten dugula ere. Era berean, bideoak lagungarriak izan daitezke proiektuak funtzionatu dezan.

“Mezuak heltzen direla uste dut eta hori taldearen arrakastaren arrazoietako bat izan daiteke”

Balioak lantzen dituzuen zuen abestietan: elkartasuna, begirunea…; natura da disko berriaren abiapuntua.

«Esna zaitez, planetak behar gaituelako». Gizartea, mundua… zeharo aldatzen ari dira eta gure esku dago planeta ondo joatea edo ez. Mundu hobe baten aldeko aldarrikapena egin nahi izan dugu eta kantu guztien izenburuak batuta testu txiki bat osatu dugu, zeinetan diskoaren helburu nagusia islatzen den.

Solidaritaterako tartea ere badago hor, Zuekin kantaren deskargen bidez batutako dirua Ndak Ndak elkarteari eman baitiozue.

Diskoa pentsatzen hasi ginenean, argi izan nuen umeen eskubideen aldeko abestia egin nahi nuela. Eredu izan nahi dugula ere argi dugu taldekideok eta hausnartu genuen zein elkarteri lagundu ahal genion. Ndak Ndak Bergarako elkartea da, Senegalen eta Euskal Herriaren arteko kulturartekotasuna bultzatzen du, eta gogoratu genuen haiek gizarte-sareetara igotako bideo bat ikusita genuela, non gure kantuetako bat abesten eta dantzatzen zuten. Haiekin harremanetan ipini ginen eta oso kolaborazio polita egin dugu. Abestian hartu dute parte Orfeoi Txikiak, Gontzal Mendibilek, Aiora Renteriak eta Mikel eta Esti Markezek, eta Umeen Eskubideen Nazioarteko Egunean aurkeztu genuen. Emaitza oso polita izan da, eta jendeak ere oso ondo erantzun dio ekimenari; beharbada, jende helduagoarengana ailegatu gara.

Kolorez eta kantuz beteta dator etorkizuna?

Egitasmoarekin aurrera jarraitzea gustatuko litzaiguke. Kontzertuak-eta egiten ditugu horretarako, izan ere, baliabide handiak behar dira egitasmori behar moduan heldu ahal izateko. Lantzeko gai asko daude eta irakasleen ikuspuntutik aukera polita da material hori eskura izatea. Guk tartetxo bat dugun guztietan proiektuari ekiten diogu eta dagoeneko hiru kanta ditugu zirriborratuta-edo. 

“Lantzeko gai asko daude eta irakasleen ikuspuntutik aukera polita da material hori eskura izatea”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).