Txerra Rodriguez, soziolinguista

“Egitura eta funtzioak berrikusi beharko lituzkete euskara elkarteek”

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 30a, 11:40

Deriotarrak 30 urte mihigintzan liburua argitaratu berri du UEUrekin, eta euskara elkarteek 1987tik 2017ra bitartean euskararen biziberritzeari egindako ekarpena aztertu du bertan. Gainera, azterlana doktoretza-tesian aurkeztu zuen joan den udan.

Zergatik euskara elkarteak ikertu? Zergatik hiru hamarkada horietan?

Doktoretza-tesia ekainean aurkeztu nuen eta argi nuen gaia euskara elkarteak izan behar zela, hainbat urte daramatzadalako horretan militatzen. Halaber, gaiari buruzko ikerketa gutxi zegoela iruditu zitzaidan eta ekarpentxoa egin nahi nuen. Beste aldetik, hasierako urtea, 1987a, mugarria da, izan ere, Txepetxek Un futuro para nuestro pasado liburua kaleratu zuen urte hartan eta hasierako euskara elkarteak lan horretan oinarrituta hasi ziren. 2017ko datak, bestalde, ez du horrenbesteko mugarri-izaerarik, baina hurrengo urtean Euskaraldia egin zen lehen aldiz eta, nire ustez, inflexio-puntua ekarri zuen; gainera, ikerketa batzuen arabera, belaunaldiak berez 30 urteko epealdikoak dira.

Lau urtean egindako ikerketa da, nolakoa izan da landa-lana?

Ehun bat euskara elkarte hartu ditut kontuan –batzuk desagertuta daude– eta, zelanbaiteko aukeraketa egiten, 26 elkartetako jendearengana jo nuen hainbat datu gurutzatuta: generoa, elkarteetan emandako denbora, rola… Elkarrizketa horietatik atera nituen kontraesanak kontrastatzeko, galdetegia bidali nien 25 pertsonari eta 16k erantzun zuten. Hori lehen zatia izan zen; bigarrena, irakurtzea: euskara elkarteei buruz idatzitako guztia irakurri dut, edo ia guztia. 

Zeintzuk dira euskara elkarteek euskararen biziberritzeari egindako ekarpenetako batzuk?

Ekarpen nagusi bi egin dituzte: batetik, lehendabizikoak izan ziren esaten erabilera zentroan jarri behar zela, eta diskurtso hori gaur egun nagusi da euskalgintzan eta administrazioan; eta bestetik, horretarako mekanismoak eraiki dituzte: komunikabideak, mintzapraktika-jarduerak, aisialdiko egitasmoak… Hala ere, nire iritziz, hirugarren ondorio bat ere badago: lehenengo 10 urteetan oso amets handiak zeuden eta ez dira bete; horrek nolabaiteko frustrazio-sentimendua sortu du euskara elkarteetan ibilitako jendearen artean.

“Euskaldunen komunitatea trinkotzea helburu abstraktu moduan geratu da eta ekintzei eman zaie garrantzi handiagoa”

Adibidez?

Amets nagusia zen euskaldunen komunitatea trinkotzea: herrietako euskaldunak proiektu komun batean batu eta hortik joan euskaldunen komunitate berri bat eraikiz. Hori modu batera lortu da, baina ez erabat, euskara elkarteek ez baitute sekula definitu trinkotze hori zer den, ezta euskaldunen komunitatea zer den eta zeintzuek osatzen duten ere. Nire ustez, hori helburu abstraktu moduan geratu da, eta, batez ere ekintzaileak izan direnez, euskara elkarteek ekintzei eman diete garrantzi handiagoa.

Euskara elkarteek tokiko hizkuntza-politikoan gehiago eragin beharko lukete, zure aburuz.

Eragiten dute, baina horrek ez du esan nahi gehiago eragin ezin daitekeenik. Dena dela, nik gehiago esaten dut politikan eragin behar dutela; politika zentzu zabalean ulertuta. Tokiko hizkuntza-politikari dagokionez, ez dut esan nahi konfrontazio-dinamika batean sartu behar direnik; nire ustetan, orain arteko estiloan jarraitu behar dute eragiten: sukalde-lanari garrantzi handiagoa ematen, akordioak bilatzeari… Baina euskara elkarteak ez dira bakarrik mintzapraktika edo kultura-ekitaldiak egiten dituzten elkarteak: nolabaiteko estutze bat egin behar dute. Adibidez, herrian euskararen gaineko ordenantza badago, zergatik ez egin urtearen amaieran horren inplementazioaren jarraipena?

“Euskara elkarteak ez dira bakarrik mintzapraktika edo kultura-ekitaldiak egiten dituzten elkarteak: nolabaiteko estutze bat egin behar dute”

Tximintx komunitatearen kidea zara aspaldidanik, zein ekarpen egin dio hark euskararen biziberritzeari Derion?

Tximintxen sorreran eta garapenean aniztasuna lortu zen: sentsibilitate ezberdinetako jendea batu zen, ibilbide ezberdinetakoa eta hainbat adinetakoa. Hori pizgarria izan zen herrirako. Era berean, egiteko estilo berria ekarri zuen: erabilera sustatzeko ekimenak –berbalagun, Kukue antzerki eskola, Derion Ahora…– egin dira, ludotekarekin eta beste kultur elkarte batzuekin ere bestelako lanketa batzuk, urteetan oso sukalde-lan handia udalarekin… Egia da hasierako ametsak lortutakoen nahiko azpitik zeudela; guk ez genuen uste Derion hainbeste eragingo genuenik. Nolanahi ere, oraindik ere oso urrun gaude aipatutako trinkotze horretatik eta euskaraz egiteko aukera guztiak aprobetxatzetik.

"Mintzatzeko, harremanak izateko... moduak aldatu dira eta horretara egokitzeko ahalegina egin behar da"

Tximintx euskara elkartea komunitate bihurtu zen 2019an. Hori da bidea?

Ez dakit, izan ere, paperean idatzitakoa praktikara eman behar izan genuen 2020ko martxoan, eta komunitatea martxan jarri, baina pikutara joan zitzaigun. Hala ere, badakit bidea esperimentazioa dela. Euskara elkarteak sortu zireneko errealitatea eta gaur egungoa ezberdinak dira eta militatzeko, harremanak izateko… moduak ere aldatu dira; hortaz, euskara elkarteek ere horretara egokitzeko ahalegina egin behar dute. 

Zein egoeratan daude euskara elkarteak orokorrean?

Alde batetik, eta salbuespenak salbuespen, ahul samar daude; bestetik, Euskaraldiaren bidez lortu dute sekula lortu ez dutena: Euskal Herri osoko jendea aktibatzea, 200.000 pertsona hizkuntza-ohiturak aldatzeko ekintza horretan dantzan jartzea… Kontraesankorra da.

Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?

Beste batzuen artean, Euskaraldiak erakutsi digu halako tankerako gauzek –norbanakoaren inplikazioa eskatzen dutenak, baina kolektiboan egiten direnak– arrakasta dutela, eta, aurrera begira, momentua da pentsatzeko zein “beste Euskaraldia” edo ekintza ipini ahal den martxan. Beste erronka batek zerikusia du egiturarekin eta funtzionamenduarekin, biek ikaragarrizko harremana baitute. Pentsatzen dut euskara elkarteek egitura malguago baten bila joan beharko luketela, 80ko hamarkadako eredua –zuzendaritza, bazkideak, liberatuak…– agortze bidean dagoelako. Era berean, funtzioak berrikusi beharko lituzkete. Hau da, euren funtzioa zein den: kultur ekitaldiak antolatzea ala kultur zaletasuna bultzatzea? Zein da herriko komunikabidearen, Aikor! kasu, etorkizuna? Jarraitzea etengabe hilabetekaria izaten ala bestelako salto bat egitea? Errealitateak gure lekuan ipiniko gaitu gero, baina, behintzat, pentsatzea. Horregatik uztartu behar dira biak; hala ere, aldi berean, egiturak askotan ez digu baimentzen funtzioei buruzko gogoeta ausartak egitea.   

Euskaltzaleen topagunearen eta euskara elkarteen arteko harremana birpentsatu behar dela diozu, zergatik?

Topagunea oso modu utopikoan pentsatu zen 1997an. Indarra elkarteetan zegoen eta eurek kontrolatutako nazional bat sortu zen, danek artean gauza batzuk elkarrekin egiteko. 2011n buelta eman zitzaion horri eta Topaguneari aitzindaritza aitortu zioten elkarteek; hamar urteren ondoren, egoera aztertu beharra dago. Arrazoia edozein dela ere, elkarte batzuk urrun egon dira Topagunetik eta azken horrek gurekiko izan duen harremana ere aldatu da; hausnartu behar dugula uste dut. Zer nahi dugu? Euskaraldia moduko ekintzak egiteko gauza den Topagunea? Oso gogoeta soziolinguistiko indartsuak egiteko gauza dena? Eta, aldi berean, euskara elkarte ahul asko? Edo, egiten dituen lan horiez gainera, Topaguneak herrietako dinamikak indartzeko eta sustatzeko lana egin behar du? Lan batzuk maila nazionalera eramatea oso ondo dago, baina nire kezka da ez ote dabilen oinarria ahazten. Zergatik ez aprobetxatu Topagunearen indarra, herrietan dinamika batzuk berpizteko?

“Zergatik ez aprobetxatu Topagunearen indarra, herrietan dinamika batzuk berpizteko?”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).