HAPOa egiteko prozesu parte-hartzailea abiaraziko du astelehenean Deriok

Aikor aldizkaria 2021ko api. 9a, 10:45

Derioko Udalak jakinarazi duenez, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) osatzen dabil. Horri lotuta, eta herritarren beharrizanak ezagutzeko, astelehenean, apirilak 12, prozesu parte-hartzaile bat hasiko du udalerria modernizatzeko proiektuak ezartze aldera. Derioztarrek hiru modutan parte hartu ahalko dute: informazio-hitzaldi batera joanda, webgunearen bidez edo paperezko galdetegi bat beteta. 

Udalaren hitzetan, HAPOa erreminta estrategikoa da eta Derio “egungo egoera sozialera, ekonomikora, kulturalera eta urbanistikora egokitutako plangintza orokorreko tresnaz hornituko du”. Hortaz, “udalerriaren eredua definitzeko balio duen dokumentua da; lurraren antolamendu integralerako oinarrizko da eta bere bitartez sailkatuko da lurzorua, zehaztuko da lurzoru bakoitzari ezarri dakioken araubidea eta definituko dira udalerriko ekipamenduen, azpiegituren eta berdeguneen funtsezko elementuak”.

HAPOren lehenengo fasean parte hartu nahi duten herritarrek hiru modu izango dituzte eskura. Apirilaren 14an, 18:30ean, informazio-hitzaldia egingo da Kultur Birikan. Hitzaldian aurrez aurre eta telematikoki hartu ahalko da parte. Kultur Birikara bertaratzeko asmoa duten derioztarrek www.hapo-derio-eus webgunean eman beharko dute izena aldez aurretik. Hitzaldia euskaraz zein gaztelaniaz izango da. Bestalde, oraintsu aipatutako webgunean bertan formulario bat bete ahalko da apirilaren 12tik maiatzaren 12ra arte. Gainera, webgune horretan ere kontsultatu ahalko da HAPOari lotutako informazio guztia. Azkenik, Kultur Birikan paperezko galdetegi bat jaso eta utzi ahalko da apirilaren 12tik maiatzaren 12ra arte. Galdetegia HAPOren webgunetik ere deskargatu ahalko da.

“HAPO berriak herritarren eta ahalik eta elkarte, entitate eta erakunde gehienen ideiak eta gogoetak jasotzea nahi dugu, baita hainbat arlotan egin ditzaketen ekarpenak ere, hala nola ingurune naturalean, mugikortasunean, etxebizitzan, jarduera ekonomikoan, ekipamenduetan, iraunkortasunean eta inklusibitatean”, esan du Esther Apraiz Derioko alkateak. “HAPOk zuzeneko eragina izango du udalerriaren gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-garapenean eta lagunduko digu Derio etorkizunean nolakoa izatea nahi dugun zehazten”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).