Pala, ilusiorako eta inklusiorako tresna

t: Alexander del Rio Antolin, Kazetaritza ikaslea eta boluntarioa 2021ko api. 22a, 10:14

Mendeak dira Euskal Herrian palan jokatzen dela. Joko tradizional hori aniztasun funtzionala duten pertsonen ezaugarrietara egokitu da Derion, PAI Bitartean zerbitzuko erabiltzaileek praktikatu dezaten; PAI Bitartean da Emaus Gizarte Fundazioaren arreta osoko programa. Pala egokitua hurrengo honetan datza: gomazko pilota-paleta –horrela deitu arren, egurrezkoa da– eta teniseko pilota erabilita eta bikoteka, partidua irabazteko behar beste tanto egiten saiatzean. Kirol hau lagungarria da zerbitzuko erabiltzaileak aisialdi osasungarria gozatzeko eta, neurri batean, gizarteratu daitezen; hortaz, pairatzen duten gizarte-bazterketako arriskutik urruntzen ditu.

Atxiki pilota eskola eta PAI Bitartean zerbitzua elkarlanean gabiltza kirol “berri” honekiko talde-motibazioa areagotzeko. Gainera, Derio Txorierriko lehen udalerria izan da euskal kirol tradizional hau parte-hartzaileen ezaugarrietara egokitzen. Aukera da parte-hartzaileek –eta etorkizuneko parte-hartzaileek ere– hain beharrezkoa den gizarte-inklusiorantz beste urrats bat egin dezaten.   

Gaur egun, sei pala-jokalari baino ez dira. Hala ere, espero dugu gero eta jende gehiagok kirol honekiko interesa agertzea eta txapelketan pala-jokalari gehiagok izena ematea . Bestalde, Derioko Udalak frontoia utzi digu astean zenbait egunetan, pala-jokalariak entrenatu ahal izateko; parte-hartzaileek pozarren eskertu dute keinu esanguratsu hori. 

Aukera da parte-hartzaileek hain beharrezkoa den gizarte-inklusiorantz beste urrats bat egin dezaten

Egi-egia da lehiatzeko eta disfrutatzeko gogoa berezkoa dela, baina palista ilusionatu eta motibatu hauen entrenatzailea ere funtsezkoa da kirola egiteko gogoa pertsona gehiagori eragiteko. Joanes Camara da PAI Bitartean zerbitzuko pala-jokalarien entrenatzailea. Bere ustez, “oso inportantea” da besteei laguntzea; gainera, eskarmentu handiko entrenatzailea da, izan ere, Txokoan Emakume Pilotazale Elkartearen entrenatzailea da gaur egun eta duela urte batzuk Olarreta Pilota elkartean ere ibili zen entrenatzaile. Beteranotasunaren eta gogoaren arteko sinergiak emaitza positiboa baino ezin du ekarri.

Euskal Pilota Egokitua Master Cup Irekia apirilean hasi zen eta maiatzean ere partiduak jokatuko dira Getariako frontoian. Txapelketan Pai Bitartean zerbitzuko erabiltzaileek hartzen dute parte, Hazsten, Saiatu eta Gorabide elkarteetako erabiltzaileekin batera. Gainera, Gipuzkoako hainbat klub ere badabiltza lehiaketan, pala egokitua erabat sartuta baitago euren entrenamenduetan eta lehiaketa-dinamiketan. Finala maiatzaren 9an izango da eta ETB1ek zuzenean emango du goizeko 12etatik aurrera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).