Iñaki Pinedo, documentalen zuzendaria

“Arraunketa kirola baino gehiago da: Kantauriko biztanleen kultura-ondarea da”

Aikor aldizkaria 2021ko api. 29a, 09:34

Pinedok Ziagoba dokumentala aurkeztu zuen apirilean Derion. Hiru urtean egindako lanaren emaitza da eta, Kantauri itsasoko estropaden historia batzeaz gainera, egileak arraunketarekiko sentimendua islatu du bertan.

Ziaboga erronka izan da zuretzat, aurretik gehienbat gizarte-izaerako dokumentalak egin dituzu eta.

Konfort-zonatik atera behar izan nuen zuzendari moduan, eta harreman gutxi izan dudan esparru batean saiatu: kirolean. Are gehiago, arraunketan saiatu nintzen, eta kirol hori oraindik bereziagoa da, jende gutxik praktikatzeaz gainera, oso gogorra delako. Bestalde, Ziaboga urteetan kaxoi baten barruan egon den proiektua da. Angel Obregon arraunketan historialari aditua da, eta Deustu Arraun Taldeko arraunlaria. Berak eta biok ipini genuen abentura hau martxan 2016an: bere ezagutza barik ezinezkoa izango zatekeen kirol honekiko sentimenduan sakontzea.

Zein izan zen dokumentalaren abiapuntua?

Oso ikuspuntu erromantikoa nuen arraunketari buruz, baina ez nuen kirola sakon ezagutzen. Txiki-txikitatik erakargarritzat jo dut arraunketaren inguruan dagoen guztia: traineruak, arraunak, arraunlarien eskuak eta arraunean ibili osteko odola eskuetan, koloreak, zaleak… Dokumentalak erakarpen hori du abiapuntutzat.

“Oso ikuspuntu erromantikoa nuen arraunketari buruz, baina ez nuen kirola sakon ezagutzen”

Eta helburua?

Dokumentalean arraunketarekiko sentimendua islatu nahi nuen, eta horretarako, arraunketa bizi eta bizi izan dutenen testigantza baliatu; kontatu nahi nuen telebistan ikusten ditugun estropaden irudi hunkigarrien atzean zer dagoen. 

Crowdfunding-aren emaitza da.

Hasi ahal izateko gutxieneko baliabideak lortu genituenean ekin genion proiektuari: “edo traineruan sartu eta arraunean egiten hasten ginen, edo proiektua betiko geldituko zen airean”. Baliabide ekonomikoak agortuta, crowdfunding-era jo genuen eta egindako diru-ekarpenei esker lortu genuen lana amaitzea. Azkenean, pertsona eta erakunde askok hartu dute parte proiektuan, ekonomikoki zein beste baliabide batzuk emanez. Dokumentala 2016ko apirilean hasi, eta 2019ko apirilean estreinatu genuen. Horretan, Kantauri itsasoko ertz osoko emakume eta gizon arraunlarien testigantza batu da: Jose Luis Kortarena, Antonio Olidenena, Jon Salsamendirena, Andrea Oubiñarena, Oihan Gozategirena… Soinu-bandan, besteak beste, Gorka Hermosa soinularia eta musikagilea eta Aitor Furundarena Tadusak taldearen kidea aritu dira. 

Kantauriko estropaden istorioa batu duzu dokumentalean, batez ere aurreko mendeko 40ko hamarkadatik gaur egun arte; lan itzela. 

Ikerketa-lan handia egin behar izan zen hasieran, baina Obregon taldean sartzeak erraztu egin zigun hori. Nire lanetan ohikoa denez, Ziaboga dokumentalean ez dago narratzailerik: parte-hartzaileen testigantzak ditu ardatz; hau da, ahozko oroimena. Horregatik, kontu handiz aukeratu behar izan genituen parte-hartzaileak eta denbora luzea eman genuen lan horretan; 14 urtetik 96 urtera bitarteko lagunak dira. Elkarrizketa gehienak lehiaketa-egunetan egin behar izan genituen arraunlariekin hitz egin ahal izateko; gainera, uretan filmatu behar genuen!, eta egun guzti-guztietan eguraldiaren menpe izan ginen: eguneko zeregina bertan behera utzi behar izan genuen askotan. Erabat korapilatsua izan zen, baina esperientzia ikaragarria.

“Erabat korapilatsua izan zen dokumentala filmatzea, baina esperientzia ikaragarria”

Nolakoa izan zen Kontxako Banderan filmatzea?

Kontxako Banderan gehienbat 2016an eta 2017an egin genuen lan. Oso eguraldi txarra egon zen azken urte horretan eta txapelketa bertan behera gelditzear egon zen; hala ere, intentsitate handiko estropada izan zen: nahiz eta faboritoa ez izan, Oriok irabazi zuen eta sinestezina izan zen. Zaleek arrapalan erakutsitako jarrera ere zaila da deskribatzen: besarkadak, negarra, barre-algarak, oihuak… kontatu nahi genuena ondo baino hobeto adierazten duten sentsazio-mukurua. Arraunlari guztiek –galegoek, asturiarrek, kantabriarrek, euskaldunek eta frantsesek– esaten dutenez, Kontxa Kontxa da.

Arraunketa ez ezik itsaskilariak, traineruak garraiatzea… ere dituzu hizpide.

Arraunketari lotutako errealitate-sorta zabala erakusten ahalegindu gara. Ez da bakarrik kirol-dokumentala; lan etnografikoa ere bada eta jardueraren beraren balioa azpimarratu nahi izan dugu, izan ere, arraunketa kirola baino gehiago da, eta Kantauriko biztanleen kultura-ondarea. 

“Lan etnografikoa ere bada eta jardueraren beraren balioa azpimarratu nahi izan dugu”

Emakumeen lanaren balioa ere azpimarratu duzu.

Dokumentalaren beste helburu bat da emakume arraunlariei ahotsa ematea eta txapelketetan duten garrantzia adieraztea, baina arraunketaren historia osoan izan duten eginkizuna ikusgai egitea ere bai, ez baita izan bakarrik arraun egitea. Asko gustatzen zaizkit dokumentaleko emakumeen esanak, hunkigarriak dira oso.

Hasierako ideia izan zen dokumentala parte-hartzaileen jatorrizko hizkuntzan filmatzea, baina azkenean gaztelania hutsean filmatu da. Zer dela eta?

Protagonisten jatorrizko hizkuntza errespetatzeko asmoa genuen –euskara, galegoa, asturiera, gaztelania eta frantsesa–, eta azpitituluak ipini, kultura- eta hizkuntza-aberastasuna adierazteko. Halere, diru faltagatik, praktikotasunaren alde egin genuen azkenean. Erabakia hartzea oso gogorra izan zen, jatorrizko hizkuntzak errespetatzea baitzen egitasmoaren alderdi garrantzitsuetariko bat. 

Ziaboga Mexikora, Txilera, Kolonbiara eta Argentinara eramateko asmoa zenuen, ez dakit aukerarik egon den…

Horretan gabiltza. Bogotan ikusi da jadanik, baina pandemiak gelditu du dokumentala hedatzea. Joan den urteko udan emanaldi asko bertan behera gelditu ziren, edo atzeratu.

Labur-labur

Iñaki Pinedo Otaola (Bilbao, 1960) biologoa da eta gaur egun irakasle dabil Kantabriako institutu batean. Pinedok 20 urte baino gehiago daramatza irakaskuntza eta dokumentalak egitea uztartzen. Ziaboga lanaz gainera, lau lan-dokumental filmatu ditu: El hombre que murió dos veces, Marea, La escuela fusilada eta Los otros Guernicas. Apirilaren amaieran, sormen-prozesuari buruzko dokumentala egiten hasi da Kantabriako margolari ezagun baten eskutik. Bestalde, Pinedok Vamos de cine egitasmoa koordinatzen du; egitasmoaren helburu nagusia da zinema irakaskuntzan tresna didaktiko moduan erabiltzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).