Miren Basaras - Mikrobiologian doktorea

“Pasaporte berdeak segurtasun faltsua ekar lezake”

Aikor aldizkaria 2021ko mai. 20a, 10:32

Ia urtebete eta erdi pasatu da SARS-Cov-2 birusa antzeman zenetik, eta ia urtebete eta hiru hilabete, erabateko konfinamendutik. Hilabete bakan batzuetako kontua izango zela pentsatzen genuen askok, baina  luzeegi jotzen ari da eta oraindik ere adi-adi egoteko hilabeteak ditugu aurretik. COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpainan buru-belarri gabiltzala, Miren Basaras Derioko mikrobiologoarekin aztertu dugu gaur egungo egoera. 

Gauzak antzera daudela pentsa liteke…

Zientziaren ikuspegitik asko aldatu da egoera. Orain, esaterako, oso ondo dakigu birusa nola transmititzen den: hasieran uste genuen aire-tanta handien bidez hedatzen zela eta horregatik distantzia fisikoaren garrantzia; baina gero ikasi dugu aerosolak edo aire-tanta txikiak garrantzitsuak direla eta horregatik maskara erabiltzearen inportantzia. Hala ere, egia da gizartean berdin jarraitzen dugun sentsazioa izan daitekeela. Beharbada, pentsatzen zelako hau bi edo hiru hilabetean konponduko zela, baina benetako pandemia batean ez da horrela izaten: mundu osoko arazoa da eta; gainera, aire bidez transmititzen den birusa bada, oso zaila da hura kontrolatzea. Pandemiaren hasieran bagenekien konponbidea izan zitekeela tratamendu eraginkor bat, gaur egun ez duguna, edo txerto bat; eta horrek denbora eskatzen du. Pertzepzio hori, agian, ez da ondo eman gizartean eta espero zen konfinamendu gogor haren ondoren egoera konponduko zela.

Modu egokian jaso dugu informazioa?

Batzuetan ez dakit informazioa modu egokian jakinarazi den, ze batzuok esaten genuen pandemia luzea izango zela, ala herritarrok nahi izan duguna entzun dugun. Izan ere, orain ere nahiz eta entzun birusak gure artean jarraitzen duela eta neurriak bete behar direla, bakoitzak nahi duen moduan jokatzen du. Gauza biak izan daitezke.

“Batzuetan ez dakit informazioa modu egokian jakinarazi den ala herritarrok nahi izan duguna entzun dugun”

Txertoei dagokienez, inprobisatzen ari dela pentsa liteke: azkar-azkar garatu dira, adin-tarte bakoitzarentzat bat edo batzuk, aldaketak txertaketa-plangintzan, albo-ondorioak…

Birusaren genoma ezagutu bezain laster hura enpresa farmazeutiko eta laborategi zientifiko guztiei jakinarazi zitzaien, lanean hasi zitezen; prozedura hori ez da ohikoa. Bestalde, 2003an beste birus antzeko bat agertu zen, gaur egun desagertuta dagoena, eta garai hartan ere txerto bat garatzen hasi zen: informazioa gordeta egon da. Halaber, dirutza publikoa zein pribatua ipini da txertoa egiteko, eta saiakuntza klinikoen emaitzak uneoro bidaltzen dira arautze-agentzietara. Horri lotuta, txertoak ez daude guztiz onartuta, baimenduta baizik; hau da, uneoro ikusten ari da gizartean zein datu agertzen diren, eta milaka pertsonek albo-ondorio larri bat izanez gero, txertoa bertan behera geldituko litzateke. Esandako guztiak prozesua asko arindu du. Beste aldetik, zorionez, txerto bat baino gehiago ditugu…

Zorionez?

Bai; bestela, nola ekoiztu populazio osoarentzat behar diren milioika dosiak? Saiakuntza klinikoetan ikusten denez, txerto batzuek beste batzuek baino eraginkortasun-maila handiagoa dute, Pfizer eta Moderna kasu. Horregatik erabaki da txerto horiek adineko pertsonei eta talde zaurgarriei jartzea, immunitate-sistema ahulagoa dutelako, eta, ondorioz, antigorputzak sortzeko arazoak. Egia da AstraZenecaren kasuan gorabeherak izan direla, baina, hainbat proba egin ondoren, Europako Erregulazio Agentziak argi utzi du txerto segurua eta eraginkorra dela eta edozein adin-tarteko pertsonari ipini ahal zaiola. Erresuma Batuan, adibidez, txerto horren milaka dosi erabili dituzte, eta 18 urtetik gorako edozein pertsonari jarri diote; ondorioz, hilkortasuna eta ospitalizazioa nabarmen jaistea lortu dute. Azkenik, egia da txerto guztiek albo-ondorio batzuk dituztela eta batzuk larriak direla, odolbilduak tartean; hala ere, horien ehunekoa oso-oso txikia da, eta kontuan hartu behar da zein den txertoa hartzearen onura eta zein den txertoa ez hartzearen arriskua, gaixotzea, hain zuzen ere; egin diren ikerketa guztietan argi eta garbi ikusi da onura milioika aldiz altuagoa dela.

“Ikerketa guztietan argi eta garbi ikusi da txertoa hartzearen onura milioika aldiz altuagoa dela”

Txertoen patenteak askatzea mesedegarria izango litzateke, zure ustez?

Txertoetan diru publiko itzela ipini da eta horrek erraztu beharko luke patenteak askatzea. Alabaina, patenteak askatzeak hurrengo arazo hau ekarri lezake: txertoak edozein herrialdetan ekoiztu ahalko dira, baina herrialde guztiek enpresak prestatu ahalko dituzte txertoak egiteko? Estatu Batuak, esate baterako, oso txertaketa-maila handia izan dutenean azaldu dira patenteak askatzearen alde; nik ez dakit bidea den patenteak askatzea, edo, beharbada, bertan ekoizten ari diren milioika txertoak beste herri batzuetara eramatea. 

Diskriminatzailea da pasaporte berdea? Interes ekonomikoetara begira dago?

Momentu honetan diskriminatzailea da, nahi arren, guztioi ez digutelako txertoa jarri. Gainera, txertoa herrialde guztietara ailegatzen ez bada, nola lortuko dute pasaportea hango herritarrek? Dudarik gabe, interes ekonomikoetara begira egindako kontua da, pertsonak leku batetik bestera mugitu ahal izateko. Nolanahi ere, nire iritziz, pasaporte horrek segurtasun faltsua ekar lezake: txertatuta nagoenez, babestuta nago. Eta hori ez da beti horrela, txertoak ez direlako % 100ean eraginkorrak. Segurtasun faltsuko sentsazio hori arriskutsua da, batez ere transmisio altuko lekuetan.

Arazo globala da: Osasunaren Mundu Erakundearen COVAX programak xede du munduko herrialde guztiek txertoa eskuratzeko aukera izatea.

Funtsezkoa da, birusak oso erraz zeharkatzen dituelako muga geografikoak: edozein herrialdetan izandako aldaera berehala ailegatzen da hona. Horren harira, lehen esan moduan, oso inportantea da txerto bat baino gehiago egotea, izan ere, txerto bakoitzak bere gordetze-estrategia du –esaterako, Pfizerreko eta Modernako txertoak oso izozkailu berezietan gorde behar dira– eta baliabideak ez dira berdinak munduko txoko guztietan. Gainera, berriro ere azpimarratu behar da ze inportantea den enpresa farmazeutikoak ekoizten dabiltzan milaka eta milaka dosiak beste herrialde batzuetara eramatea.

Alarma-egoera bertan behera utzita, espero da datozen asteetan kutsatze-tasa eta ospitaleen presioa igotzea.

Gertatu daiteke. Badirudi, alarma-egoera bertan behera uzte horrekin, pandemia amaitu den mezua kaleratu dela, baina ez da amaitu. Kutsatze-tasak behera egitea eta txertaketa-kanpainak aurrera egitea ezinbestekoak dira pandemia kontrolatzeko eta  beste herri batzuetan ikusi dugun inpaktua hemen ere ikusteko. Hildako gutxiago egotea espero da, baina egia da kutsatze-maila handia bada ospitaleen presioak handia izaten jarraituko duela. Beste aldetik, aipatutako  herrietan oso neurri gogorrak hartu dira, Erresuma Batuan, esate baterako; eta berton pasatu gara alarma-egoeratik ezer ez izatera…

“Hildako gutxiago egon arren, kutsatze-maila handia bada, ospitaleen presioak handia izaten jarraituko du”

Interes ekonomikoak eta politikoak alde batera utzita, neurri egokiak hartu dira?

Nahasketa asko egon da eta zoratu gaituzte. Badakit hau luzeegia dela guztiontzat, baina askatasun apur bat eman digute momentu batzuetan –Gabonetan eta Aste Santuan– eta pentsatzen dut ez geundela horretarako egoeran. Alde batetik ebidentzia zientifikoa dago: birusa; eta bestetik, beste irizpide batzuk. Eta sarritan, beste kontu batzuk bermatzeko, kasu gutxi egin digute zientzialariei, epidemiologoei, mikrobiologooi…

“Beste kontu batzuk bermatzeko, kasu gutxi egin digute epidemiologoei, mikrobiologooi…”

Zaila da etorkizuna iragartzea, baina, beste herrialde batzuetako egoera ikusita, espero liteke laster segurtasun- eta babes-neurriak erlaxatzea?

Txertaketak aurrera egin ahala ailegatuko da, baina falta zaigu oraindik. Agian, hilabete batzuk barru leku irekietan maskara kendu ahal izango dugu; leku itxietan, berriz, zailagoa ikusten dut, horretarako herritarren % 70ak baino gehiagok txertatuta egon beharko lukeelako. Gainera, 18 urtetik beherako populazioa ere kontuan hartu behar dugu, eta gurean udazkenean edo neguan hasiko da horiei txertoa ipintzen. Pandemia amaituko da; hala ere, ezin dugu datorren hilabetean amaituko dela pentsatu. Pentsatu behar dugu aurten erabakigarria izango dela eta bultzada handia eman behar diogula txertaketari. Horrezaz gainera, inportantea da uneoro birusari begira egotea, eta txertoak prestatu, izan ahal dituen aldaerei aurre egiteko. Mundu osoko herritarrak datozen hiru hilabeteetan txertatuta egongo balira, arazoa amaituko lirateke, baina hori ezinezkoa da. Horregatik ezinbestekoak dira transmisio komunitarioa etetea eta txertaketa masiboa; horretan guztiok hartu behar dugu parte: agintariek, baliabideak jartzen, zein herritarrok.

“Ezinbestekoak dira transmisio komunitarioa etetea eta txertaketa masiboa; horretan guztiok hartu behar dugu parte”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).