Elkarlanaren indarra eta aberastasuna

T: Alexander del Rio 2021ko mai. 21a, 10:43

Gizarte solidarioagoa, justuagoa eta bidezkoagoa sortzen laguntzea da Emaus Gizarte Fundazioaren lanaren helburua. Horretarako, prozesu eraldatzaile indibidualak eta kolektiboak sustatzen ditugu eta lehentasuna ematen diegu gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen bizi-baldintzak hobetzeari eta pertsona horiek ahalduntzeari. Prozesu eraldatzaileak bultzatze aldera, gure apustu nagusiak dira komunitatearen parte-hartzea, sareak sortzea eta eraldaketa sustatzeko ezinbestekoak diren eragileekin lan egitea, hezkuntza-eragileak kasu.

Ildo horretan, Ikaskuntza Zerbitzua metodologiaren bidez, EHUko Irakasle Fakultatearekin elkarlanean aritu gara azken bost urteetan. Metodologia horren abiapuntua da, gizartea hobetzen laguntzeko, hezkuntza parte-hartze aktiboan, arduratsuan, kooperatiboan eta solidarioan oinarritu behar dela, eta irakasleen, ikasleen eta gizarte-erakundeen arteko lan horizontala eta koordinatua dakar.

2021eko lehen seihilekoan, bi ikasle-talderen lankidetza eta partaidetza izan dugu. Ikasleek berdintasuna eta feminismoa hartu dituzte lankidetzarako gai nagusitzat eta Derioko zerbitzuko erabiltzaileekin batera bi prozesu garatu eta gidatu dituzte: bata irrati komunitarioaren esparruan, eta bestea musika-sorkuntzan.

Izan taldeko neskek eta gure zerbitzuaren erabiltzaileek podcast berezi bat sortu dute berdintasunaren eta feminismoaren inguruan. Podcastak bost atal ditu. Martxoaren 8aren sorreraz gainera, egun horren gaineko eztabaida jaso da podcastetan, eta Natalia Joane Moodyk elkarrizketa batean egindako hausnarketak batu. Era berean, modu ludikoago batean, musikan eta beste esparru batzuetan erreferente izan diren atzoko eta gaurko emakumeak ezagutzeko aukera dugu. Programa Soundcloud plataforman dago entzungai, bilatzailean “Emaús Fundación Social” idatzita. Gure irratiko beste programa batzuk ere plataforman ipini dira. 

Bestalde, Eguzkimore taldearekin lankidetzan, abesti bat konposatu dugu emakumeek pairatzen dituzten diskriminazioei buruz. Eguzkilore taldeak idatzi ditu errebindikazio-hitzak eta Txorierriko zenbait musikarik eta Derioko zerbitzuaren erabiltzaileek konposatu dute musika. 

Izan eta Eguzkimore taldeetako nesken hitzetan, “esperientziak utopikoa eta alegiazkoa zirudien” eta hura PAI Bitartean arreta osoko programari esker gauzatu ahal izan dute. Nesken ustez, esperientzia “aberasgarria” izan da, zeren eta ikasgeletatik eta fakultatetik ateratzeko aukera izan baitute, eta proiektu batean hainbat pertsonarekin – Emauseko Gizarte Fundazioko erabiltzaileekin, kasu honetan– lankidetzan aritu. Gainera, oso tarte atsegina partekatu zuten eta elkarrengandik ikasi zuten. Hau da, esperientzia baliagarria izan da talde bat kontzientziatu dadin metodo eta estrategia asko daudela ikasteko eta irakasteko.

Kasu bietan, elkarlanak Derioko zerbitzua ikusgai egitea izan dute helburu, eta parte garen komunitatearen parte-hartzea bultzatzea. Halaber, ikuspuntu akademiko eta eraldatzaile batetik, Bitartean programaren beste xede bat hau da: gizarte-premietan zuzenean lan egiten duten etorkizuneko hezitzaileek ikaskuntza akademikoan benetako esperientziak izan ditzaten laguntzea. 

Liburuaren Nazioarteko Eguna

t: Ane Piriz

Apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hogei urte baino gehiago dira egun hori nazioartean ospatzen dela eta helburuak dira irakurzaletasuna bultzatzea eta idazleen eskubideak babestea. Geuk ere ekintza txiki bat egin dugu herrian, ospakizunarekin bat egiteko.

Lehenengo eta behin, liburuen zatiak eta esaldiak topatu genituen, inspiratzaileak zirenak edo balio berezia zutenak. Ondoren, esaldiak erabilita kartel txikiak egin genituen eta horietan liburuaren titulua eta egilearen izena ere idatzi genituen. Azkenik, Derioko hainbat dendarekin eta establezimendurekin ipini ginen harremanetan, jakiteko ea ekimena ikusgai egiten lagundu nahi ziguten, kartelak herritarrek ikusteko moduko lekuren batean jarrita.

Eguna biribiltzeko, Toti Martinez de Lezea idazlea hurbiletik ezagutzeko aukera izan genuen. Karisma paregabeko eta energia handi-handiko idazlea da eta obra sorta luzea idatzi du. Berari egindako elkarrizketa zein beste batzuk SoundCloud plataforman daude entzungai; gainera, eguenetan, 14:00etan, eta zapatuetan, 15:00etan, Irola Irratian (107.5) entzun ahal diguzue.

Lerro hauetatik eskerrak eman nahi dizkiegu Liburuaren Eguna ospatzen laguntzen zeniguten guztiei, eta kartelak irakurri eta zerbait sentitu zuten guztiei. Baita Toti Martinez de Lezeari, bere denbora oso modu eskuzabalean eskaini zigulako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).