Helduen hezkuntza: munduko eskola alderantziz

t: Oskar Gaztelu, HHIko ikasketa burua 2021ko mai. 31a, 10:50

Adineko emakume bat iristen da, ondo jantzita eta korridoreko bankuan isil-isilik eseri da. Laurogeita lau urte ditu, aktibo egotera dator, bizirik, orain arte izan duen bizitza aktiboa jarraitzeko eta aberasteko. Bere ondoan Sahara hegoaldeko emigrante bat dago; gure hizkuntza ofizialak ez ditu ulertzen.  Ikastetxean urtebete daraman lehengusua du alboan eta matrikula egiten laguntzen dio. Handik gutxira, oinarrizko mailan dauden emakume gazte musulmanak iritsi dira, euren artean Selma, Lezaman bizi den neskatila. Bilobekin hitz egiteko euskara ikasi nahi duten adineko pertsona talde bat ere hemendik dabil. DBH titulua ateratzeko bigarren aukeraren bila dabiltzan gazteak ere tokia daukate hemen. Holakoa da Derioko Helduen Hezkuntzaren Ikastetxean (HHI) dugun ekosistema.

Hezkuntzan pentsatzen dugunean, oro har, haur, nerabe eta gazteen hezkuntza formalarekin lotzen dugu. Halere, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen arabera, helduak ere eskubideen titular gisa aitortuak dira. Hezkuntzarako eskubidea unibertsala da eta pertsona guztiei aplikatzen zaie, haien adina edozein izanda ere.

Helduen Hezkuntza Ikastetxea (HHI) itzalean dagoen espazioa da.  Hala ere, HHI existitzen da, beharrezkoa da eta lan garrantzitsua egiten du gizarte moderno baten esparruan. Alde batetik, bizi-kalitate hobea, sare sozial eta komunitario indartsuagoa eta erresilienteagoa eragiten duen ikaskuntza-ingurunea da. Gauden garaietan, helduen hezkuntzaren eta osasungintzaren arteko korrelazio zuzena dagoela jabetzea garrantzitsua dela azpimarratu behar dugu.

HHIk, zerbitzu publiko gisa, pertsona askori eskaintzen die irakaskuntza, eta gizartearekiko konpromiso handia du. Azken batean, Helduen Hezkuntza herri baten ongizaterako eta aurrerabiderako behar-beharrezkoa den ondasun komuna da: bizitza den ibai osoan zehar ikasten duen gizarte baten helburua gauzatzeko erabakigarria da haren ekarpena.

Egun, Txorierriko HHEko zentroa Leioako egoitza nagusiaren menpe dago eta 1986-1987 ikasturtean ipini zen martxan Derion. Gaur egun hango Udalak Aldekona auzoan dituen lokaletan dago. Ikastetxean 100 pertsona baino gehiago daude matrikulatuta, eta horietatik % 50 baino gehiago atzerritarrak dira. Hogei nazionalitate, lau kontinente, India, Eslovenia, Maroko, Brasil edo Senegalgo ikasleak daude, besteak beste, bertako gelatan. Horrezaz gain, Zamudioko psikiatrikoan ere taldeak ditugu.

Nagusiki, ikasleriaren profila hiru multzotan bilduko genuke. DBH titulua atera nahi duten ikasleak, hainbat arrazoi direla medio ikasketak amaitu ez dituzten edo beren garaian eskolara joan ez ziren 18 urtetik gorako ikasleak ditugu talde batean. Bigarrena prestakuntza maila globalean ere osatu nahi duten helduak dira, aktibo jarraitu nahi dutenak, gehienak emakumeak. HHIa bide bat izan da prestakuntza kultural integrala jasotzeko aukerarik izan ez zuten adineko emakume askorentzat. Hirugarren taldea gure hizkuntza ofizialak menperatzen ez dituzten etorkinena da. Gehiengoa hutsetik hasten da. Ez dakite hitz egiten, ez dute ulertzen, ez irakurtzen ezta idazten ere. Konplikatua da bizitzan aurrera ateratzea komunikatzeko gaitasuna ez duen pertsona batentzat. Begiak, keinuak, gorputz adierazpenak dira komunikatzeko erabili behar dituzten baliabideak. Hona iristen den ikasle bakoitzak bizitza konplexua igaro du, kontatzekoa eta pelikula bat egiteko modukoa. Esate baterako gatazka belikoetatik etorritakoak; Ukrania, Georgia eta Saharatik errefuxiatutako ikasleak egon dira.  Esan behar da haien ilusioa usaindu egiten dela, ahalegin bereziak egiten dituzte eta ematen duten esker ona ez duela parekorik. Irribarreak, nahiz eta batzuetan ezer ez ulertu, bihotzetara heltzeko moduak dira.

Aniztasuna eta belaunaldien arteko bizikidetza da HHIko aberastasunik handienetako bat. Adin desberdintasuna, arrazen aniztasuna eta emakume nagusien aukerak bermatzea dira guretzat erronka nagusienak.

Hanan Al Aoudati. 42 urte. Tamarkalten (Maroko) jaioa da. Hemezortzi urterekin atera zen Marokotik. Ordutik hona hainbat lan egin du: garbitzailea, pertsona nagusien zaindaria, enpresetan… Eta aldi berean ikasi. Aurten atera du DBHko titulua. Bere asmoa ikasten jarraitzea da, jakiteak ilusioa egiten dio.

 

Graciela Olaya, 53 urte, San Antonio herrian (Kolonbia) jaioa. Hogei urterekin hona etorria. Zaharren egoitzetan, garbiketan eta ostalaritzan, Larrabetzuko Etorki tabernan 15 urte baino gehiago, egin du lan. Alabak eta senarrak HHI-n izena ematera animatu dute. Bere ilusioa karreraren bat ikastea da helburu finko barik.

 

Arantza Velasco, 41 urte, sondikarra. Hogei urte daramatza Eroskin lan egiten Arteako arrandegian. Bizitzari buelta eman nahi zion eta HHIn apuntatu zenDBHko titulua ateratzeko. Bikaineko notekin atera eta orain gradu erdiko mekanizatua ikasten dabil. Bere gelako kide guztiak, hogeita lau, mutilak dira eta bera baino askoz gazteagoak.

 

Maip Niang, 27 urte, Senegalen jaioa. Orain dela lau urte heldu zen Euskal Herrira ibilbide luze eta latza egin ostean: Senegal, Mali, Burkina-Faso, Niger, Tripoli (LIbia), Italia eta Euskal Herria. Senegalen “Wolof” bertako hizkuntza erakusten zuen. DBHko titulua lortzeko azken urtea egiten ari da HHIn; bitartean kalean saltzen ari da. Gero erdi ziklo bat egiteko asmoa du. Horrezaz gain, bere etorrerako bidaia nahi du idatzi noizbait, bere seme-alabek jakin dezaten ze zaila den batzuentzat bizitza.

 

Alassane Camara, 29 urte. Hassi Cheganen (Mauritania) jaioa.Sininke da bere ama hizkuntza. Bertan saltzaile, gidari eta beste lan batzuk egina. Orain dela hiru urte heldu zen. Aurten lor dezake DBHko tituloa. Bere nahia mekanika-robotika ikastea da.

 

Felipe Augusto Tavares de Lima, Salvador de Bahian (Brasil) jaio zen orain dela 25 urte. Euskal Herrira 12 urterekin iritsi zen. Sei urte daramatza HHIn ikasten. Aurten DBH titulua atera dezake. Erizaintzako laguntzailearen ziklo ertaina egin nahi du.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).