Aurtengoa urte berritzailea eta desberdina izan da, jarduera gehienak Derion ireki berri den eguneko zentroan egin ditugulako. Emauseko zenbait parte-hartzailerekin batera, sei gaztek oihalezko poltsa berrerabilgarrien tailerra egin dute, eta hiru irratsaio. Gainera, egitasmo solidario honen haritik sortutako esperientziak partekatu dituzte. Nabarmentzekoa da Bitartean programaren pertsona batzuekin egin genuen testigantza-tailerra: bihotza ireki ziguten, eta euren bizitza kontatu, gazteak kontzientziatzeko zer gerta daitekeen gure bizitzaren momenturen batean substantziaren bat kontsumitzen badugu. Oso tailer beharrezkoa da, egoera horretan egon diren pertsonei entzutea baino hoberik ez dagoelako. Esker oneko hitzak baino ez ditugu, izan ere, badakigu norberaren bizitza kontatzea ez dela erraza, eta urterik urte eskuzabaltasun handiz kontatzen dizkigute euren bizipenak.
“Norberaren bizitza kontatzea ez da erraza, eta urterik urte eskuzabaltasun handiz kontatzen dizkigute euren bizipenak”
Bestalde, bi egunetan Gamizeko zentrora joan gara jantokia margotzera eta duela urte bi hasitako dekorazioa amaitzera. Kolore apur bat eman diogu lekuari, alaitasun handiagoa. Azken batean, gazteek poza eta ilusioa adierazten dute, eta margotutako horma-irudien bidez horixe helarazi nahi diegu handik pasatzen diren pertsona guztiei.
Jarduerak alde batera utzita, talde bien artean sortzen diren harremana eta lotura dira garrantzitsuenak. Adin-tarte handia dago haien artean eta oso bizi-baldintza ezberdinak dituzte; hala ere, elkarrekin emandako astean helburu bera izan dute: gozatzea. Eta gozatu dugu, eta batak bestearengandik ikasi. Batetik, gazteek alaitasuna eta ilusioa eraman dituzte Bitartean programara, eta bestetik, nagusiek jakin izan dute gazteei nola adierazi, aukeratzen duten bidearen arabera, bizitzak zer ekar diezaiekeen.
Beso zabalik
Beste urte batean ere gazteak esperientzia errepikatzeko gogoarekin azaldu dira, norbaitengatik zerbait ona egin duten sentsazioarekin. Eskerrak eman nahi dizkiegu Bitartean programa osatzen duten pertsona guztiei, beti beso zabalik hartzen gaituztelako eta garrantzia ematen dietelako gazteei eta horiek mundu justuagoa eta solidarioagoa eraikitzeko duten eginkizunari. Baina batez ere Juani bihotzez eskertu nahi diogu bere lana. Juan Emauseko partaidea izan zen eta gazteekin batera boluntario ibili da egitasmo solidario honetan. Ororen gainetik, Juan artista da eta bere lan barik egindako horma-irudiak ez ziratekeen hain ederrak izango.