Estibaliz Jorgek azaldu digunez, legeak ekarriko duen aldaketarik inportanteena da ezingo dela judizialki aldatu desgaitasun intelektuala duten pertsonen jarduteko gaitasuna. “Oraintsu arte onartzen zen pertsona horiek ez zutela euren kabuz erabaki garrantzitsuak hartzeko gaitasunik; lege-erreformari esker, ordea, abiapuntua da guztiok dugula gaitasun juridikoa baldintza berberetan. Hau da, lehen, erabakiak zuzenean hartzen ziren desgaitasun intelektuala duen pertsonaren ordez; orain, berriz, saiatuko da pertsona horrek uler dezala berari dagokion edozein kontu –zerbait sinatu behar izatea, adibide bat ipintzearren–, bere gogoa edo nahia berak adierazteko”.
“Saiatuko da pertsonak uler dezala berari dagokion edozein kontu, bere nahia berak adierazteko”
Hortaz, gogoa ordezkatzeko sistema batetik babes- eta laguntza-sistema batera pasatzen da. “Adingabekoentzat izan ezik, ezabatu dira tutoretza eta guraso-ahal luzatua eta birgaitua. Esan moduan, lehenengo eta behin saiatuko da pertsonak berak har ditzan bere erabakiak; hala ere, bere desgaitasun-gradua dela-eta ezin badu, laguntza-neurrien prozedura zabalduko da eta aztertuko da zeintzuk diren pertsona horrek konkretuki behar dituen laguntzak; hau da, neurrira egindako prozedura izango da”. Prozeduraren lehenengo urratsa egitatezko zaintza da. “Adibidez, gurasoek semea edo alaba zaintzen dute eta ez dute bestelako laguntzarik. Nolanahi ere, pertsonak berak bere gogoa adierazi ezin badu, kuraordetza ipintzen da martxan, baina aurretik laguntza-prozedurari eman behar zaio lehentasuna. Kuradoreak pertsonak berak aukeratu dezake eta, edozein arrazoi tartean, egiten ez badu, jardunbidea senide batek edo epaile batek has dezake. Kuradoreak ez ditu erabakiak pertsona horren ordez hartuko; hori gabe, aholkua eta laguntza emango dio. Halere, muturreko kasuan kuradoreak pertsonaren mesederako erabaki behar badu, pertsona horrek adierazi nahiko lukeena dela bermatzen saiatu beharko da, eta horretarako bere gustuak, aurretik hartutako erabakiak… kontuan hartu”.
“Behar bada, laguntza-neurrien prozedura zabalduko da eta bakoitzak behar dituen laguntzak aztertu”
“Kuradoreak ez ditu erabakiak pertsona horren ordez hartuko; hori gabe, aholkua eta laguntza emango dio”
Komenigarria da kuradorea desgaitasun intelektuala duen pertsonaren ingurukoa izatea, eta pertsona hori ahalik eta ondoen egotea nahi izatea. Kuradorearen lana ordaindu egiten da. “Gaitasuna duela ulertzen denez, desgaitasuna duen pertsonak bere ekintzen erantzule zibila izango da. Kuratela pertsona horren ekintzen erantzule zibila izango da, baldin eta erabateko ordezkaritza badu eta ez badu pertsona behar moduan babestu edo bere mesederako jokatu”. Laguntza-prozeduran eta kuratelari lotutako prozeduran hainbat eragilek hartuko dute parte, hala nola talde sikosozial bat, epailea, fiskaltza eta pertsonaren senideak edo lagunak. “Desgaitasun-graduaren araberako laguntza- eta babes-neurriez gainera, pertsonak aurretik kuradorerik aukeratu duen edo ez ere hartuko da kontuan, eta edozein arrazoi dela-eta pertsona hori kuradore gisa aritu ahal ezean, beste bat izendatuko da”.
Prozeduretan, besteak beste, talde sikosozialak, epaileak, fiskaltzak eta senideek hartuko dute parte
Aldaketa garrantzitsua
Derioztarraren iritziz, lege-erreformak oso aldaketa garrantzitsua ekarri du, desgaitasun intelektuala duten pertsonen iritzia aintzat hartuko delako. “Gauza ez da haiei eskubideak kentzea, egin ahal dutena egiten laguntzea baizik. Gizarterako ere inportantea dela pentsatzen dut, pertsona hauen egoera eta eskubideak ikustarazteko baliagarria delako. Bestalde, egia da prozedura korapilatsua izango dela, zeren eta administrazioak esparru honetan espezializatuta dauden langile asko beharko baitu eta, beste aldetik, topatu beharko delako erarik egokiena desgaitasun intelektuala duten pertsonen gogoa adierazteko. Edozelan ere, gizarteak aurrera eginez doa, baita legeek ere, eta guk haiekin batera egin behar dugu aurrera”.
“Gizarterako ere inportantea da, pertsona hauen egoera eta eskubideak ikustarazteko baliagarria delako”
Lege-erreforma ez ezik beharrezkoak diren beste aldaketa batzuk ere izan ditugu hizpide abokatuarekin, esaterako, bere ustez, hezkuntza- eta kirol-arloan egin beharko liratekeenak. “Espainiak eta Europar Batasunak ez dute etxean ikastea onartzen, baina kasu batzuetan erabat gomendagarria da. Izan ere, desgaitasuna duen ume bat ohiko eskola batera eramaten bada, bermatu beharko da ikastetxe horretan umeak behar duen laguntza egongo dela eta askotan ez da horrela. Beraz, onuragarriagoa da ume horrek etxean bertan ikastea. Era berean, pertsonen beharrizanetara egokitutako kirol-eskola bereziak sustatzea beharrezkotzat jotzen dut”.
Hurbiletik
Estibaliz Jorge Silva 24 urteko derioztarra da. Familia Zuzenbide Masterra egin du eta orain Abokatutza Jarduerarako Unibertsitate Masterraren praktiketan dabil Bilboko RNL Abogados bulegoan. “Zuzenbidea ikasi, eta hasieratik argi nuen familiaren eta desgaitasunaren arloetan lan egin nahi nuela: desgaitasuna duen ahizpa dut eta horregatik nago hain lotuta gaiari. Gradu amaierako lana lege honen aurreproiektuari buruz egin nuen duela hiru urte”. Kontatu digunez, praktikak amaitu, abokatu aritu ahal izateko Estatuko azterketa egin eta lanean hasteko gogo bizia du.