Itsaso eta ozeanoen deia

t: Joanes Camara / a: Andrea Holien (Pexels); Emaus 2021ko ira. 8a, 11:35

Ingurumena eta planeta errespetatzen dituen gizarte baten alde egin dugu beti Emaus Fundazioan, eta horregatik, ideia horri eusteko, hainbat egitasmo sustatu ohi ditugu urterik urte: materialak birziklatzea, zaborrik gabeko guneak, objektuak berriro erabiltzea… Egunero sortzen dugun hondakinak murriztea guztion ardura da, eta PAI Bitartean zerbitzuko Derioko eguneko egoitzan zenbait ekimen ipini ditugu martxan esandako ardurari ekarpena egiteko.

Alde batetik, oihalezko poltsak egin ditugu plastikozkoak ez erabiltzen saiatzeko, izan ere, plastikozko poltsak erabilera bakarrekoak dira askotan. “Bolsas antibolsa” lelopean, oso harrera ona izan dute komunitatean. Bestetik, eta Ozeanoen Nazioarteko Egunaren harira, heziketa-hitzaldia antolatu genuen Kultur Birikan.

Hitzaldian 30 lagun batu ginen: batzuk PAI Bitartean zerbitzuko erabiltzaileak izan ziren, eta besteak, txorierritarrak. Alberto Santolaria aritu zen hizlari. Santolaria itsas biologoa da, Nakusarbe elkartekoa, eta eskarmentu handia du. Gure itsasoen eta ozeanoen berri eman zigun eta bere eskutik ezagutu ditugu datu asko; adibidez, 2050ean, itsasoan arrainak baino plastikozko poltsa gehiago egongo direla eta itsasoko arrainen barrualdean mikroplastikoak –plastiko-zati txikiak – daudela. Datu horiek ezagututa eta ziurgabetasunez betetako etorkizuna dugula kontuan hartuta, aholku batzuk eman zizkigun egoerari aurre egiteko.

Bere esanetan, jarraitu behar dugu etxean, lanean… birziklatzeari garrantzia ematen: modu horretan lagunduko dugu hondakinak bereizten eta, hortaz, plastikoa erarik onenean sailkatu ahalko da, ondoren hura berreskuratzeko eta merkatura berriro sartzeko. Era berean, jakinarazi zigun etxebizitzetako txorrotetan iragazkiak ipintzea oso mesedegarria dela, uretan egon daitezkeen mikroplastikoak eta beste kutsatzaile batzuk –esaterako, kloro gehiegi egotea– hartzea ekiditeko. Horrela, eta egunero bi litro ur edatea gomendagarria dela kontuan izanda, gaixotasunak saihestuko ditugu etorkizunean. 

Bestalde, hondartzak birgaitzeko proiektuak sustatu dira munduko hainbat lekutan eta haiei buruz ere hitz egin zigun. Itsasoak ehunka kilo plastiko eramaten ditu leku horietaraino eta borondatezko lanari esker lortu dute arazoari aurre egitea eta hori konpontzen dabiltza. Beste batzuen artean azpimarratu daiteke Versoba hondartzan aurrera eramandako lana, Indian.

Amaitzeko, fitoplanktonaren garrantzia nabarmendu beharra dago. Itsasoan bizi diren organismo txiki-txikiek osatzen dute fitoplanktona eta hori itsas animalien oinarrizko elikadura da. Horrezaz gainera, oso garrantzitsuak dira planetarako, zeren eta lurraren oxigenoaren % 75 sortzen baitute eta karbono dioxidoaren % 25 xurgatzen dutelako. Ezinbestekoa da itsasoak eta ozeanoak garbi egotea, organismo txiki-txiki horiek euren eginkizunean jarraitu ahal izateko. 

Oso saio interesgarria eta baliagarria izan zen. Haren ostean, Ganbara Gizarte Irratira gonbidatu genuen Alberto Santolaria bertan elkarrizketatzeko. Elkarrizketa Soundcloud plataforman dago entzungai, Emaus Gizarte Fundazioaren kanalean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).