Burdinazko, altzairuzko eta hormigoizko 10 monolitok osatzen dute erakusketa eta haietan Parkearen 20 argazki ipini dira ikusgai. Dagokion azalpenaz gainera, argazki bakoitzak QR kode bat du eta hori eskaneatuta parkearen hainbat gertaera ezagutzeko aukera dago. Argazkiak Pedro Luis Ajuriagerra argazkilariak egindakoak dira. Erakusketa gaur inauguratu dute Esther Apraiz Derioko alkateak eta Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendariak. Apraiz pozik azaldu da erakusketa Derion, etxean, dagoelako eta azpimarratu du aukera ederra dela “derioztarrok Parkeen sareak Bizkaian egiten duen lana ezagutzeko eta Bizkaiko zein Euskadiko ekonomian duen garrantziaz jabetzeko”. Bere esanetan, ibilbide arrakastatsua izan du Parkeak. “Egitasmo sendoa da, oso oinarri tinkoak dituena, eta jarraitu behar da oinarri horien gainean eraikitzen. Egitasmoaren alde egin du Derioko Udalak eta etorkizunean ere haren alde egingo du”. Horri lotuta Epalzak azpimarratu du Parkearen eta Derioren arteko harreman estua. Horrela, lehenengo urratsak Zamudion egin arren, parkea Deriora zabaldu zen geroago; Untzagara eta Geldora hain zuzen ere.
Bestalde, Epalzaren esanetan, Euskadiko Zientzia eta Teknologia Parkeak harro egoteko moduko errealitatea dira. “Talentu eta ezagutza-ekosistemak dira eta euskal industriaren internazionalizazioaren eta berrikuntzaren alde egiten dute . Erakusketak errealitate hori hurbildu nahi die herritarrei”. Erakusketaren azken geldialdia Zamudio izango da eta hara datorren hilabetean ailegatuko da.
Gaur egun 270 enpresa baino gehiago daude Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Enpresa horiek orotara 3.300 milioi euro baino gehiago fakturatzen dute, eta 300 milioi euro baino gehiago ipintzen dute I+Gn; parkean 11.000 langile inguru daude. Gainera, Epalza gogoratu duenez, Faes Bizkaiko enpresa farmazeutikoak instalazio berria eraikiko du Parkean eta horrek 150 miloi euroko inbertsioa ekarriko du, eta 200 lanpostu berri.