Unai Arrugaeta Amadoz, irakaslea

“Arriskua da umeek ez jakitea benetan norekin hitz egiten ari diren”

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 1a, 10:49

Derioztarrak www.bideojokoak.info baliabide digitala jorratu du Gradu Amaierarako Lanerako, eta Larrabetzuko eskolako webgunean txertatu da. Tresnak bideo-jokoen gaineko informazio lagungarria eskaintzen du, gurasoek eta irakasleek jakin dezaten umeak zertan ibiltzen diren eta arriskuak zeintzuk diren. Baliabidea ikasle larrabetzuarren errealitatera egokituta egin du, baina beste edozein ikastetxeren beharrizanetara moldatu daiteke. Gainera, informazioa eskuragarri dago edozein pertsonarentzat ere bai.

“Egia esan, sinetsita nengoen Lehen Hezkuntzako ikasleek Internet, teknologia eta gailu mugikorrak gehienbat gizarte-sareetan ibiltzeko erabiltzen zituztela; hala ere, gaian sakondu, eta konturatu nintzen ez dela horrela: batez ere bideo-jokoetan ibiltzeko erabiltzen dituzte. Beraz, pentsatu nuen baliabide digital bat sortu ahal nuela gurasoek eta irakasleek jakiteko umeak zertan aritzen diren eta arriskuak zeintzuk izan daitezkeen”, azaldu digu.

“Lehen Hezkuntzako ikasleek batez ere bideo-jokoetan ibiltzeko erabiltzen dituzte Internet eta teknologia”

Baliabidea Gradu Amaierarako Lanaren harira jorratu du eta Larrabetzuko eskolako ikasleen zaletasunak izan ditu horretarako abiapuntu. “Hauek dira hango ikasleen bideo-joko kutunenak: Brawl Stars, Fortnite, Among Us, Fifa, Roblox eta Minecraft. Bideo-joko bakoitzak bere atala du baliabidean, eta bertan informazio interesgarria topatuko dugu berari buruz; esaterako, zein adinetako umeentzat den egokia, nolakoa den eta bere helburua zein den. Bideo-jokoaren edukiak ere jaso dira –indarkeria, fantasia…–, eta erosketak egiteko edo beste pertsona batzuekin online jolasteko aukerarik dagoen. Jokoaren nondik norakoak batu ditut minutu bateko bideo batean, eta bideo-jokoaren trailer ofiziala ere ipini dut”. Bestelako informazio gehigarria ere kontsultatu daiteke baliabidean. “Adibidez, zein gailutan jokatu daitekeen, mendekotasunik sor dezakeen, aukera bat edo bestea desaktibatzea gomendagarria den, beste jokalari batzuekin txatean aritu daitekeen, bideo-jokoaren arriskuak zeintzuk diren eta segurtasun-aholku batzuk”.

Derioztarraren esanetan, objektibotasunez aztertu du bideo-joko bakoitza, gurasoek jakiteko haien atzean zer dagoen eta informazioa baliagarri izan dezaten erabakiak hartzeko orduan. “Tresna inportantea da. Izan ere, eta ikerketek diotenez, pandemiaz geroztik Lehen Hezkuntzako ikasleek gero eta gazteagoak direla eskuratzen dute lehen mugikorra; 9-11 urte dituztela. Hortaz, Internet dute eskura, wifi-konexioa, datu mugikorrak… Gehienek bideo-jokoak deskargatzen dituzte eta telefonoan bertan ibiltzen dira, baina gurasoek ez dakite zein bideo-jokotan aritzen diren, edo bere edukiak eta arriskuak zeintzuk diren”. Bere ustez, arriskurik handiena da online jolasteak umeek edozein pertsonarekin harremanetan jartzea ekarri daitekeela. “Gaur egungo bideo-joko guztiek «behartzen» dute online jokatzera eta, ondorioz, munduko edozein bazterretako lagunekin batera aritu daiteke. Gainera, bideo-joko batzuek beste jokalariekin harremanetan egoteko aukera ematen dute, txat baten bidez edo entzungailuak-eta erabilita zuzenean hitz eginez. Arriskua da umeek ez jakitea benetan norekin hitz egiten ari diren; hau da, beste aldean dagoena izatea haurraren itxurak egiten dituen heldu bat”.  

“Pandemiaz geroztik ikasleek gero eta gazteagoak direla eskuratzen dute lehen mugikorra; 9-11 urte dituztela”

Zeri uko egin

Bideo-jokoek sortu dezaketen mendekotasuna da beste arrisku bat, gaztearen ustez. “Nire galdera da Lehen Hezkuntzako ikasleek egunean bideo-jokoetan zenbat ordu ematen duten, edo mugikorrarekin, eta uko zeri egiten dioten. Gaztetxoak ginela,  futbol-zelaira joaten ginen futbolean egiten; orain atean jezarrita ikusten dituzu gaztetxoak, bata bestearen ondoan eta mugikorrari begira: uko egiten diote lagunekin jolasteari, hitz egiteari, egoteari…”. Bideo-jokoak gustatzen zaizkion arren, badira urte batzuk albo batera utzi dituela. “Noizbehinka ibiltzen naiz jolasean lagunekin, Fifan-edo”. Bideo-jokoetan ibiltzeko era asko aldatu da bera txikia zenetik hona, eta online aritzeko aukerak ekarri du aldaketa hori, hain zuzen ere. “Guk Mario Brosean aritzen ginen, Sonycean… Beharbada, arratsalderen bat eman ahal genuen lagun baten etxean bideo-jokoetan, nobedadea zelako, baina hurrengo egunean kalera ateratzen ginen lagunekin egotera eta jolastera”.

Edonor sartu daiteke www.bideojokoak.info webgunean, eta hango informazioaz baliatu. Gainera, gaztearen asmoa da denboraren poderioz baliabidea osatuz joatea eta bertan bideo-joko gehiagoren ezaugarriak batzea. Era berean, beste ikastetxe batek interesa azalduz gero, baliabidea haren beharrizanetara ere egokitzeko prest azaldu da Arrugaeta. Hauek dira berarekin harremanetan ipintzeko moduak: @UnaiArrugaeta eta unaiarrugaeta@gmail.com.  

Baliabidea osatuz joango da eta bertan bideo-joko gehiagoren ezaugarriak batuko ditu

 

Egilea

Hogeita hiru urte ditu eta irakasle-ikasketak amaitu berri ditu. “Informatika eta teknologia asko gustatzen zaizkit eta horregatik erabaki nuen ingeniaritza informatikoa egitea batxilergoa amaitu eta gero. Baina ikasturte bat baino ez nuen egin, konturatu nintzelako ez zela niretzat”. Irakastea eta umeekin egotea ere gustuko du, eta Leioako fakultatean eman zuen izena Lehen Hezkuntzako irakasle bihurtzeko. “Gainera, uste dut Hezkuntzari, orokorrean, bestela heldu behar zaiola: ikasgelak beste modu batean atonduz, IKTak erabiliz, ikasleei modu dinamikoan irakatsiz, proiektuen bidez, talde-lanen bitartez… Ikasleek ikusi behar dute ikasitakoak zertarako balio duen: guk zatiketak-eta irakatsi ahal dizkiegu, baina egunerokotasunean erabilgarria dela ikusi behar dute”. Laster oposizioak prestatzen hasteko asmoa du.