Amama Katalin(a)

t: Beñat Cristobal, DBH 3ko ikaslea; argazkian, egilea 2021ko urr. 14a, 08:02

Balio etikoetan oinarritutako ipuin-lehiaketa egin da Txorierriko Institutuan. Lehiaketa antolatzea otu zitzaien filosofia eta balio etikoak irakasten dituzten irakasleei, hurrengo hauek jorratzeko: sormena, enpatia, autoestimua, introspekzioa eta idazmena. Lehiaketa DBHko lehenengo eta hirugarren mailetan egin da, lehenengo mailan bullyinga eta jazarpen-motak lantzen direlako, eta hirugarren mailan LGTBIQ+ jorratzen delako. Gelako jarduera izan da eta ikasleek hiru eskola-saio izan dituzte istorioak pentsatzeko eta idazteko. Irabazleek diplomak eta Batxilergoko bigarren mailako ikasleek egindako poltsak jaso dituzte saritzat. Irabazleen ipuinak argitaratuko ditugu Aikor! aldizkarian eta webgunean.   

Laztana,

Zorionak! Bihotzez diotsut asko maite zaitudala, inoiz gertatu zaidan gauzarik onena zara. Jadanik 18 urte bete dituzu, ezin dut sinistu, buf zenbat! Oraindik ondo gogoratzen naiz zure irrifar alai eta begi berde distiratsu horietaz. Iloba bakarra izan dut baina dudarik gabe bereziena. Opari bezala pasarte edo istoriotxo bat kontatuko dizut, barren-barrenetik kontatzen saiatuko naiz, sentitzen dudana papelean islatzen.                                                       Bihotzez, nire maitagarriarentzat:

  1. urteko udaberriko egun eguzkitsu eta argi batean Katalina izeneko neskatxa bat jaio zen Bizkaiko kostaldeko herritxo batean. Zazpi ume zituen familia bateko alaba gazteena zen. Txikitatik oso gustuko zituen Katalinak loreak eta liburuak, orduak pasatzen zituen etxeko lorategian irakurtzen. Etxeko txikiena zenez ez zuen arreta handirik jasotzen, Katalinari horrek ez zion gehiegi arduratzen, oso pozik bizi zen liburu eta lore artean. Harreman ona zuen bere ahizpa zaharrenarekin, Felisarekin, antz handia zuten gauza askotan. Herrian familia gutxi ziren, eta alde batetik edo bestetik denak ziren senideak. Herri txiki guztietan bezala zurrumurruak erraz zabaltzen ziren, Katalinari ez zitzaizkion batere gustatzen. Herrian ez zeuden elkartzeko toki asko, gizonak Joxe Mari tabernan elkartzen ziren, pare bat trago hartzen zituzten edo kartetara jolasten zuten gauerdiraino, bestalde, emakumeak herriko plazan edo baserrietan biltzen ziren, elkarrekin josten eta hitz egiten zuten. Aldiz, herriko haurrak edozein tokitan ibiltzen ziren jolasean eta gaiztakeriak egiten, baina gehienbat eskolan jolasten zuten. Katalinari izugarri gustatzen zitzaion eskolara joatea, ikasle zoragarria zen, irakasleek hamarreko neskatxa bezala deskribatzen zuten. Sarritan, etxeko txikiena izan arren, bere ahizpa Bernarda, Kasilda eta Felisaren lanak egiten zituen. Bere adineko neskak ez bezala, ez zitzaion mutiletaz hitz egitea gustatzen, nahiago zituen beste gauza batzuk, horregatik, kalean eta jolastorduetan bakarrik ibiltzen zen. Etxean ere askotan laguntzen zuen behiak jeisten, baratzeko barazki eta lekaleak batzen, errekara ur bila joaten…

Haurtzaro lasai eta polita izan zuen Katalinak, liburuekin nahiko zuen pozik bizitzeko. Nerabezarora iritsi zenean bizitza guztiz aldatu zitzaion, 17 urte zituela familia berri bat iritsi zen herrira, alaba bakarrekoa, alabak Teodora zuen izena. Teodorak ile labur eta marroia zuen eta begiak urdin-urdinak. Auzokideak ziren hauek, horregatik lehen momentutik egin ziren lagunak, ezizenak jarri zizkieten elkarri, Katalinak Teodora Teo deitzen zuen eta Teodorak Katalina Kata bezala. Denbora gutxian oso harreman estua sortu zuten, Katak izan zuen lehenengo laguna zen Teo. Antzeko zaletasunak zituzten biek, asko gustatzen zitzaien naturaz disfrutatzea. Katalinak herriko txoko guztiak erakutsi zizkion Teori, orduak pasatzen zituzten landa artean saltoka, basoan ezkutaketetara jolasten, hondartza galduak aurkitzen… dena egiten zuten elkarrekin.

Teo herrira iritsi eta urte batera, 1936. urtean Espainiako gerra zibila hasi zen, herriko gizon batzuk borrokatzera joan behar izan ziren, horien artean Katalinaren aita eta nebak, hauek Bizkargi mendian borrokatu zuten, Bilboko burdinazko hesian. Herrian gutxi batzuk geratu ziren, familia asko erbestera joan behar izan ziren, hala nola Iparraldera, Frantziara, Ingalaterrara… Giroa asko tristetu zen herrian, beldurra eta gosea bihurtu ziren nagusi kaleetan, bando ezberdinetakoen artean liskarrak sortzen hasi ziren, eta gainera euskararen erabilera guztiz debekatu zuten. Teo eta Kataren bizitzak ere aldatu ziren, kalera irtetzea arriskutsua bihurtu zen, hortaz ez ziren hainbeste ikusten, gainera eskola itxi zuten, honek batez ere Katalinari mindu zion, bere ikasten jarraitzeko ametsa bukatu egin zen eta.

Katalinaren etxean egoera ez zen batere atsegina, honen amak eta ahizpek orduak ematen zituzten negarrez, faltan botatzen zituzten joan ziren senideak, Katalinak asko sufritzen zuen ama eta ahizpak horrela ikusita. Berak bere penak beste modu batean askatzen zituen, ahal zuen guztietan etxetik irteteten zen Teorekin egoteko. Inork ikusi gabe basora joaten ziren, bidetxo bat jarraitu eta haiek aurkitutako hondartza batera iristen ziren. Horrelako egun batean, etxetik irten eta basorantz abiatu ziren, udako egun bero eta eguzkitsu bat zen. Hondartzara iritsi zirenean, Teok itsasoan sartzeko proposatu zion, jarraian Teok arropa kendu zuen eta guztiz biluzturik uretara joan zen korrika, bat batean Katalinak berotasun bat sentitu zuen gorputz guztian barrena, inoiz ez zuen berdina sentitu,  baina bazekien Teok eragin ziola berotsaun hori. Asko pentsatu gabe bera ere biluztu eta Teorekin batera sartu zen uretara. Bata besteari bustitzen hasi ziren, hondarra gorputzetik elkarri  igurzten, halako batean aurpegiak gehiegi hurbildu eta musukatu egin ziren, Katalinak berriz sentitu zuen berotasun hori. Hurrengo egunetan ere batera joan ziren hondartzara, bazekiten haien arteko maitasuna ez zuela inork onartuko, baina prest zeuden dena emateko maite zuten horregatik.

Gerra aurrera zihoan heinean errepresioa gero eta handiagoa bihurtzen hasia zen, kaleak guztiz arriskutsuak bihurtu ziren, militarrak kaleetatik ibiltzen ziren herritarrak mehatxatzen eta jipoitzen, baita hainbat emakume bortxatzen. Gainera Gernikako eta Durangoko bonbardeaketen ondoren beldurra oraindik gehiago areagotu zen. Hilabeteak pasatu zituzten horrela, egoera zela eta gutxi batzutan ikusteko aukera zuten, gainera inguruko herrietan atxilotuak zeudela zabaldu zen herrian. Kata eta Teo beldurtu egin ziren, bazekiten atxilotuak haiek izan zitezkeela, orduan haien beldurra bikoiztu egin zen, alde batetik emakumeak zirelako eta bestetik homosexualak.

Militarrak herriz-herri zebiltzan feministak, desertoreak, komunistak, sozialistak, ijituak, homsexualak… atxilotzen. Haien eguna ere iritsi zen, antza denez herrikoren batek salatu zituen, Iraileko goiz batean militarrak herrira iritsi ziren, zuzenean Kata eta Teoren auzora abiatu ziren, eskuak loturik zituztela arrastaka atera zituzten haien etxeetatik, atzetik haien senideen girristuak entzuten ziren, mina adierazten zuten girristu hauek. Plazara eraman zituzten, herri guztiaren aurrera, bertan  guztiz mespretxatu eta iraindu zituzten, ostean kotxe banatan sartu zituzten. Haiek ez zekiten baina momentu hartan azkenekoz ikusiko ziren, egun hartatik aurrera bakoitza espetxe desberdin batera eramango zuten, Kata Malagara eta Teo Madrilera.

Hilabete gutxira Teo militarrek fusilatu zuten Madrilgo espetxean, jarrera “oldarkorra” eta ideologia ezkertiarra aitzaki bezala. Aldiz, Katalina 1942. urtean askatu zuten, baina gauzek ez zuten berdin jarraitu, Teoren erailketaren berri eman ziotenean mundua gainera erori zitzaion, ezin zuen sinistu gertautakoa. Ondorengo urteetan trauma askorekin bizi izan zen Katalina, espetxeko torturak gogoan izan zituen denpora luzez eta amets gaiztoak gauero izaten zituen, baina batez ere minik sakonena Teoren falta zen, bizitza osorako hutsune bat utzi zuen.

 

                                                                                                                               Amama Katalin(a).

                                                                                            “Ez ahaztu inoiz, aske bizi eta aske maitatu”