LA TOPADORA I musika taldea

"Gure gustuko musika egingo dugu berriro, mugarik gabe"

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 25a, 14:17

Vendettak izugarrizko arrakasta izan zuen, baina taldea bertan behera uztea erabaki zuten. Bere taldekide ge­hienak, aldiz, beste proiektu batean murgildu dira, La Topadora, eta bere lehenedabiziko diskoa, Voy con to­do, Baserri Antzokian aurkeztu dute asteburuan. Enrikko Ru­biñosek, Ruben Antonek, Javier Etxeberriak eta Luisillo Kalandrakak, gehi Gaizka Otsoak, osatzen dute taldea.

Talde berria, ilusio berriak. Zer da La Topadora?

Noski, talde berri batean sartzen za­renean, ilusioz gainezka zabiltza: mu­sika egin, zabaldu eta jendearengana iristearen ilusioarekin. Zer da La To­padora? Bost musikariren ezinegonetik sor­tuta­ko taldea da. Lagunak gara eta oso ilusionatuta gaude, munduko agertoki guztiak zapaltzeko irrikan ga­biltza.

“Lagunak gara eta oso ilusionatuta gaude, munduko agertoki guztiak zapaltzeko irrikan ga­biltza”

Diskoaren izena, Voy con todo, oso adierazgarria da. Gogotsu hasi zarete...

Ezinbestekoa da horrelako mugida batean sartzean dena ematea, bai. Berri Txarrak taldeak zioen bezala, “pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori”. Beraz, voy con todo.

Izena bitxia da. Azalduko duzue ja­torria?

"La topadora", La Skandalosa Tri­pu­­la­ción talde argentinarraren abeslariak, Ce­bok, konposatutako kanta da. Ven­dettarekin Argentinatik egin genuen azken biran, talde zoragarri horrekin egin genuen topo eta sekulako giro ona sortu zen gure artean. Euska Herrira bueltatu ginenean, Cebo gaixotu zela esan ziguten, minbiziak jota. Eta han­dik gutxira zendu zen. Izugarrizko makilakada izan zen denontzako. Bere taldekideek ordenagailuan zeuzkan edi­tatu gabeko kantak argitaratzea era­­baki zuten, bere omenez disko bat egiteko. Vendettari, “La topadora” kantua grabatzera gonbidatu gintuzten, eta guk gogotsu grabatu genuen. Vendetta amaitutakoan, proiektu honentzako izen bila genbiltzala, bere omenez La Topadora jartzea bururatu zitzaigun.

Hainbat estilo jorratzen dituzue: rock, ska, erritmo latindarrak, run­ba... Zelan moldatzen zarete?

Beti gustatu izan zaigu hainbat estilo uztartzea. Gure ustez, nahasketa horiek taldearen musika aberastu egiten dute; beraz, gustuko ditugu.

“Egiten dugun estilo-nahasketak taldearen musika aberastu egiten dute; beraz, gustuko dugu”

Taldekideok Vendetta eta Skalariak taldeetatik zatozte. Zergatik aldatu? Ez da seguruagoa finkatuta dagoen talde batean jarraitzea?

Talde bakoitzak bere izaera eta bere ibilbidea du. Noski, guretzako erosoagoa izango zen Vendetta izenarekin jarraitzea, baina ez litzateke Vendetta izango, eta proiektu berria indargabetuko litzateke. Hortaz, indar hartu dugu eta beste mugida batean sartzea egokiagoa iruditu zaigu.

Uste duzue La Topadora taldeak Ven­detta eta Skalariak taldeetako ibil­bideari jarraitzen diola? Ala erabat ezberdina da? Zaleak berberak izango dira?

Hori ezin da inoiz jakin. Argi dugun gauza bakarra hauxe da: gure gustuko musika egingo dugula berriro, orain ere, mugarik gabe. 

Kantaren bat ere euskaraz abestuko duzue, ezta?

Bai, lehenengo diskoan badugu abesti bat, Ernesto Prat idazleak idatzitako testuarekin. Ez dugu kanta gehiago euskaraz egitea baztertzen, zergatik ez? Lehen esan bezala, mugarik gabe!

Koronabirusaren krisia gainditzen gabiltza apurka-apurka. Garai ona, tal­de berria sortzeko?

Pandemiak guri bete-betean eman zigun muturrean. Lehendabiziko kontzer­tuan, 2020ko martxoaren ostegun batean, Bilboko Kafe Antzokia lehertu genuen eta hurrengo astean denok ginen etxean giltzapean. Udako aurkezpen bira zapuztu egin zitzaigun. Baina tira, gustuko bidean, maldarik ez!

Areto txiki eta ertainetatik zabiltza diskoa aurkezten. Musikarientzat, ager­toki po­litak izango dira, publikoa gertu-gertu duzuelako, eta hori az­ken bolada honetan faltan botako du­zuelako. Nolako harrera izan duzue?

Bai, polita da areto txikietan aritzea, baina ez publikoa eserita egonda. Ez dago gaizki, baina beraien izerdia sentitzeko gogoa ere badugu. Orain arteko kontzertuetan harrera oso ona izan dugu. Jendeari ahal zen heinean gozatzen ikusten zitzaion, eta guk ume txikiek bezala gozatu dugu. Gogoa dugu aurreko hilabeteetako Sarako edo Urruñako bezalako kontzertuak berriro bizitzeko: zutik, izerditan eta parranda bizian.

“Gogoa dugu aurreko hilabeteetako Sarako edo Urruñako bezalako kontzertuak berriro bizitzeko: zutik, izerditan eta parranda bizian”

Jendeak musika zuzenean en­tzu­teko gogoa du? Ala apur bat beldurtuta dabil? Eta musikariok, nolako jarrera adierazten duzue?

Guztiok dugu amesgaizto hau atzean uzteko gogoa: normaltasunera bueltatzea, parrandan ibiltzea... Kartutxo asko ditugu pilatuta, erretzeko esperoan; eta erreko ditugu, bai.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).