Deriok udal-zerga gehienak bere horretan utziko ditu 2022an

Aikor aldizkaria 2021ko urr. 27a, 13:22

Derioko Udalak jakinarazi duenez, atzoko osoko bilkuran onartu ziren datorren urtean indarrean sartuko diren ordenantza fiskal berriak. Esandakoaren arabera, zerga eta tasa gehienak utziko dira bere horretan eta udal-zerga gutxi batzuek, hala nola Ondasun eta Higiezinen gaineko Zergak eta Ibilgailuen gaineko Zergak, % 0,5 eta % 2 arteko igoera izango dute.   

Hortaz, Derioko zerga eta tasa nagusiak kontsumoko prezioen indizearen (KPI) azpitik doituko dira (urterik urterakoa % 3,3koa, abuztuan). Zehatz-mehatz, hauek utziko dira bere horretan: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari lotutako tasak, jarduerak irekitzeko lizentziak, udal-kiroldegiaren abonuak eta ikastaroen eta udalekuen prezioa. Era berean, ez dira igoko zabor- eta estolderia-tasak, ezta hilerriari eta kamioien aparkalekuari lotutakoak ere.

Bestalde, Ibilgailuen gaineko Zergak % 2 egingo du gora, eta Ondasun eta Higiezinen gaineko Zergak, % 0,5; nolanahi ere, merkataritza-erabilerako ondasunak azken igoera horretatik salbuetsita geratuko dira, “merkataritza txikiari laguntzen jarraitzeko”. Azkenik, udal-txokoaren alokairuak eta Kultur Birikako aretoen eta aparkalekuen alokairuak % 5eko igoera izango dute. Tokiko gobernuak adierazi du zerga-onurei eta ordaintzeko erraztasunei eutsiko zaiela.  

Udalak gogora ekarri du pandemiak eragindako krisi ekonomikoa dela-eta iaz erabaki zutela 2021eko prezio publikoak izoztea, 2020an % 0,8ko eguneraketa egin zela eta 2019an ere ez zela igoerarik egon. “Proposamen zorrotza eta koherentea da, gure ustez”, esan du Esther Apraiz alkateak. “Erabaki arduratsua da, derioztarren eskaerei erantzuteko aurrekontuak osatu ahal izateko eta kalitateko zerbitzuko publikoak bermatzeko”. Apraizen hitzetan, zergak eta tasak dira “udalaren diru-sarreren aurrekontuen herena gutxi gorabehera” eta kopuru hori “ezinbestekoa da udalerriak dituen zerbitzu-kopuru handiari eutsi ahal izateko eta, aldi berean, bestelako jarduerei aurre egiteko finantzazioa izateko, hala nola enplegu-planak, inbertsioak eta gizarte-programa berriak”.   

Azpimarratu moduan, udalaren finantza-egoera “osasuntsua” da eta “erronka nagusiei aurre egiteko moduan” dago. Nolanahi ere, adierazi du azken urte eta erdian zailtasunak egon direla, “diru-sarrerak handitu ez direlako eta aurreikusi gabeko gastuak egon direlako. Sarrera arruntek nekez estaltzen dituzte gastuak”. Horrela, osasun-larrialdia egon den bitartean, udalak “400.000 euro baino gehiago inbertitu ditu merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea suspertzeko eta udal-instalazioetan eta -jardueretan prebentzio-neurriak ezartzeko”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).