Ekintza bandalikoak Derioko udal-aparkalekuan

a eta b: Peio Tapia 2021ko aza. 4a, 12:20

Aparkalekua Seminariorako sarbidearen eskuinaldean dago, eta, hango erabiltzaileek salatu dutenez, urriaren erdialdetik hona hainbat ekintza bandaliko izan dira bertan. Beste batzuen artean, ibilgailuetara sartu dira, kristalak eta telebistak apurtu dituzte, grafitiak egin, eta su-itzalgailuak bota dituzte kalera. Orbea Bus enpresak autobusak ditu aparkaleku horretan. Bere arduradunen esanetan, aurretik ere lapurretak izan dira aparkalekuan eta udalari eskatu diote segurtasun-neurriak indartzeko, “baina ez digute konponbiderik eman; Ertzaintzan salaketa ipintzeko esan digute”.

Kontatu digutenez, udal-aparkalekuan zenbait enpresatako autobusak daude, 13 orotara, eta kamioi batzuk. “Autokarabana bi ere izan dira, baina azken ekintza bandalikoen ondoren atera dituzte”. Euren hitzetan, oso erraza da edonor aparkalekura sartzea, “ez dagoelako inolako segurtasun-neurririk”. Horrela, aparkalekua “oilategietan erabiltzen direnen moduko hesi batek inguratzen du eta ate metalikoa dago, telekomandoa erabilita zabaltzen eta ixten dena”. Azken urteetan lapurretak izan dira bertan. “Kamioei, esaterako, bateria kendu diete eta gasolioa ere lapurtu diete. Behin, hesia moztu zuten eta handik sartu ziren; beste behin batean, hesia bota zuten behera”.

Lapurretez gainera, ekintza bandalikoak ere izan dira urriaren erdialdetik hona. “Hilaren azken barikutik zapaturako gauan sartu dira azken aldiz aparkalekura. Abisatu zigutenean kanpoan geunden eta herrira itzuli behar izan genuen. Hiru gau eman ditugu autobus baten barruan lo egiten, badaezpada”. Esan dutenaren arabera, bandaloak larrialdietako atetik sartu dira autobusetara, “zabalik utzi ohi dira eta”. Behin barruan egonda, “dena nahasi dute, gortinak kendu, eserlekuak, kristalak apurtu, baita telebista bat ere, grafitiak egin, su-itzalgailuak kalera bota, mikrofono bat lapurtu… Kamioietako kabinara ere sartu dira, gasolio-tanga apurtu dute, segurtasun-mailuak eraman…”. Euren esanetan, 10.000 euro inguruko triskantzak izan dira orotara. Horiei autokarabanetan egindako hondatzeak gehitu behar zaizkie. “Egia esan, ez ditugu autokarabanak barrutik ikusi, baina badakigu barrura sartu direla; are gehiago, autokarabana batean zegoen telebista autobus baten barruan agertu da”.

Aparkalekuaren erabiltzaileak oso haserre daude egoerarekin eta adierazi dute udalari behin baino gehiagotan eskatu diotela segurtasun-neurriak indartzeko. “Zaintza-kamerak ipintzeko eskatu diegu, baina ez dute egin. Halaber, egokia litzateke altuera bikoitzeko hesi metalikoa jartzea kanpotarrek aparkalekura sartzea zailago izan dezaten… Udalak, hala ere, ez digu konponbiderik eskaintzen; Ertzaintzan salaketa ipintzeko esaten digute, baina guk udalari ordaintzen diogu ibilgailuak aparkalekuan uzteagatiko tasa eta, hortaz, gure ustez, haiek ere erantzukizuna dute”.

Erabiltzaileek kaltetuen eta triskantzen zerrenda egin dute Ertzaintzan salaketa ipintzeko. “Ertzainak bi aldiz etorri dira aparkalekura azken ekintza bandalikoen ostean: bata, arratsalde batean, eta bestea, Arimen Gauan”. Horri lotuta, kexatu dira gauean eta asteburuetan ez dagoelako udaltzainik. Azkenik, ezintasun handia sentitzen dutela azaldu dute. “Edozein egunetan ezer barik geldituko garelako. Autobus bat erostea oso garestia da, 250.000 euro inguru balio du, eta di-da apurtu ahal dizute… Gainera, hurrengo egunean lanera joan behar da, ahal den moduan triskantzak konpondu arte…”.  

 

Konponbideak topatzeko prest

Derioko Udalak, bestalde, adierazi du udal-aparkaleku hori erabiltzeko baldintzak eta bakoitzaren ardurak eta eskubideak jasota daudela kamioetarako eta autobusetarako aparkalekuaren erabilera arautzen duen ordenantzan, “eta erabiltzaileak horren jakitun” direla. Zehatz-mehatz, ordenantzaren 12. artikuluak hau xedatzen du: “Udalak ez ditu bere gain hartuko baimendutako ibilgailuetan gerta daitezkeen kalteak, baldin eta lapurretek, ekintza bandalikoek, ezinbesteko arrazoiek, ustekabeek, fenomeno meteorologikoek eta abarrek eragindakoak badira”.

Udala kezkatuta azaldu da azken gertaerak direla eta. “Horregatik, ekintza bandalikoak diren heinean, Ertzaintzarekin elkarlanean, Udaltzaingoak ikerketa bat zabaldu du gertatutakoa argitzeko. Are gehiago, zaintza indartu egin da azken egunetan”. Era berean, konponbideak topatzeko prest azaldu da. “Eskua luzatzen diegu kaltetu zein erabiltzaile guztiei, inguruan segurtasun handiagoa bermatzeko ezarri daitezkeen aukerak aztertzeko eta adosteko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).