Etxerik gabeko pertsonak daude Euskadin

t: Ane Piriz, Eguneko Zerbitzuko gizarte-integratzailea 2021ko abe. 1a, 09:36

Egoitza-inklusioaren eta etxerik gabeko pertsonen aldeko plataforma da besteBi, eta manifestazioa eta ekintza egiten ditu urtero Bilbon. Aurreko urteetan moduan, Emaus Gizarte Fundazioko PAI Bitartean zerbitzuko kideok bat egin dugu ekitaldiekin.

Plataformak jakinarazitako datuen arabera, Euskadin etxerik gabeko 2.797 pertsona zeuden 2020. urtean. Datu kezkagarria da hori, zeren lau urte lehenago, 2016. urtean, 2.009 lagun ziren. Dirudienez, etxea galtzen duten pertsonen kopurua gero eta handiagoa da gure inguruan eta horregatik egiten dira urtero manifestazioa eta elkarretaratzea Bilbon. Ekintza horiek, gainera, Estatuan, urrian, etxerik gabeko pertsonen alde egin ohi den kanpainaren harira antolatzen dira. Elkarteek, gizarte-zerbitzuek eta herritarrek bat egiten dute arazoa ikusgai egiteko eta pertsona horien eskubideak aldarrikatzeko: etxebizitza duina, osasuna, lana, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta gizarte-zerbitzuak.  

Ekintzetan parte hartzeaz gainera, mural bat egiten lagundu genuen PAI Bitarteaneko kideok. Euren egoera hobetu ahal izateko, pertsona horiek irteerarik gabeko labirinto bati egin behar diote aurre, eta muralean haien egoera islatu zen.

Datuek adierazten dutenez, etxerik gabeko pertsonen kopurua handitu egin da azken urte hauetan eta, era berean, hainbat baliabidetan eta gizarte-zerbitzutan artatutako lagunen kopuruak ere egin du gora. PAI Bitartean zerbitzuari dagokionez, 50 plaza aktibo ditugu gaur egun. Gizartetik kanpo dauden pertsonak dira eta ahaleginetan dabiltza egoera horretatik ateratzeko. Bestalde, 300 pertsonari baino gehiagori eskaini diegu arreta 2000. urtetik hona. Gure lanaren bidez saiatu egiten gara mundu justuagoa eta duinagoa sortzen gure zerbitzuetara jotzen duten pertsona guztientzat.

 

Urte bat bete dugu

Emaus Gizarte Fundazioko PAI Bitarteaneko eguneko zerbitzuak urte bat beteko du azaroaren 30ean. Urte honetan, hainbat ekintzatan hartu dugu parte eta saiatu gara udalerriari gure onena eskaintzen. Lerro hauetatik eskerrak eman nahi dizkiegu derioztarrei, oso ondo hartu gaituztelako. Halaber, gure esker ona adierazi nahi diegu egoitzara gure lana ezagutzera eta zerbitzua babestera hurbildu direnei ere bai. Mila esker!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).