Gabriela Arranz Lobo, antzerkiko ikaslea

“Publikoa hausnarketara bultzatzea espero dut”

Aikor aldizkaria 2021ko abe. 3a, 10:28

Hogei urteko derioztarrak grina handia du interpretaziorako eta grina horrek goi-mailako antzerki-eskolara eraman du. Bere zaletasuna izan dugu hizpide, asmoak eta antzerkigintza ulertzeko modua. Eskarmentua du taularen gainean, eta espero dezagun etorkizunean ere agertokira behin baino gehiagotan igotzea.

Nondik datorkizu antzezteko zaletasuna?

Dantza- eta musika-eskolan ibili nintzen txikitan, baina, egia esan, ez nion garai hartan antzerkiari arreta berezirik ipini. Bartzelonako herri batean jaio nintzen eta Deriora 10 urte nituela etorri nintzen, aita bertokoa da eta. Deriora etorri eta handik urtebetera izena eman nuen Kukuke antzerki-eskolan; gainera, beste modu bat zen eskolatik kanpo ere euskaraz aritzeko. Urte pilo bat eman nuen Kukuken, Alaitz irakaslearekin. Bestalde, gogoratzen dut asko aspertzen nintzela ikasketetan: niri artea gustatzen zitzaidan eta musika, dantza eta antzerkia ikasi nahi nituen. Hortaz, batxilergo artistikoari buruz jakin nuenean, oso argi izan nuen hori zela nire helburua eta arte dramatikoko goi-mailako eskola batean sartu behar nuela.

“Asko aspertzen nintzen eskolan: nik musika, dantza eta antzerkia ikasi nahi nituen”

Dantzerti eskolan hasi zara aurten.

Batxilergoa amaitu, eta ikusi nuen ez nuela oinarri nahikorik eskolaren sarrera-probak egin eta antzerkian hasteko. Horregatik, hutsune hori betetzeko asmoz, izena eman nuen beste ikastegi batean eta han bi ikasturte izan nintzen. Aldi berean, kameraria izateko ikasketak egin nituen eta aitortu behar dut momentu batean zalantzak izan nituela, argazkilaritza eta zinema ere zaletasuntzat ditudanez, ez nekielako zer aukeratu: antzeztea ala zinemagintza. Azkenean, Dantzertirako sarrera-probak egin nituen eta hartu ninduten.   

Antzerkia ikasten zabiltza bertan. Zer moduz?

Oso hilabete gutxi daramatzat bertan, baina oso gogorra da; hala ere, pozik nago. Antzerkian ibiltzea gauza erraza dela pentsa litekeen arren, guztiz kontrakoa da: oso karrera presentziala da, “hortxe” egon behar da beti, entsegu pilo bat egin, eta gorputza ere landu. Era berean, lan handia egin behar da eskolatik kanpo ere bai, eta antzezlanak ikustera joan. Behin batek esan zidan bi karrera zirela: bata, fisikoa, eta bestea, beharbada, intelektualagoa. Baina, lehen esan moduan, pozik nago, bokazio handiko gauza delako. Aurreko egunean, tutoreak esan zigun disfrutatu ezean hobe genuela alde egitea, eta hori ez dizute edozein karreratan esaten. Nire lekua antzerki-eskolan dago momentu honetan eta asko disfrutatzen dut.

“Nire lekua antzerki-eskolan dago momentu honetan eta asko disfrutatzen dut”

Zerk erakartzen zaitu?

Sortzen den atmosferak. Antzerkigintzan oso kontu pertsonalekin lan egiten da, emozioekin. Beraz, ezin zara ikasgelan edozein jarrerarekin egon. Egia da gauzak txarto atera daitezkeela, baina ondo ateratzen direnean sortzen den giroa oso polita eta goxoa da, eta asko disfrutatzen da. Eta, jakina, obra bat taularatzeak dakarren urduritasuna, taldearekin partekatzen duzuna… bada, ez dakit, zaila da hitzekin azaltzea; emozio biziko gauza da hori. Gainera, aktorea izatea jolastea da, zure barneko umearekin berriro elkartzea eta imajinazioa lantzea. Ederra da.

“Aktorea izatea jolastea da, zure barneko umearekin berriro elkartzea eta imajinazioa lantzea”

Nolako esperientzia izan duzu taulan?

Kukukerekin izan naiz taula gainean, Bilboko Kafe Antzokian ere, eta institutuan. Ondo moldatzen naiz, zeren sei urte nituela agertokira ateratzen nintzen dantza egitera. Oso momentu bizia da, izan ere, hilabeteak eman dituzu hura prestatzen eta bat-batean denetarik gerta dakizuke: testua ahaztea, zer egin behar den ere ez jakitea… Baina dena ateratzen da ondo azkenean, eta zerbait txarto joaten bada, beste kideak daude zuri laguntzeko. Egundoko adrenalina izaten da antzezpena amaituta.  

Nolako aktore izan nahiko zenuke?

Ezin da jakin non amaituko zaren, baina momentuz asko gustatzen zait antzerki fisikoa; hau da, gorputza erabilita adieraztea, gauza onirikoak, eta hitzetatik haratago joan. Gauza berriak esperimentatzea eta gorputza erabiltzea asko gustatzen zait, gorputzarekin gauza asko esaten ditugu eta.

“Gorputza erabilita adieraztea asko gustatzen zait, eta hitzetatik haratago joan”

Etorkizunean pentsatzen duzu?

Bada, ez asko… Mezua duten gauzak egitea gustuko dut. Kukuken, esaterako, irakaslearen laguntzarekin jorratzen genituen gure egunerokotasunaren parte ziren gaiak. Nire ustez, agertokira eraman behar diren gaiak badaude, behar-beharrezkoak direnak, publikoarengan sentimenduak eta sentsazioak pizteko, eta antzezlana soilik ikusteagatik ikus ez dezaten. Egiten dudana egiten dudala, publikoarengan eragina izatea espero dut, eta antzokitik ikusitakoan pentsatuz eta buruan galdera asko dituztela atera daitezela; hots, publikoa hausnarketara bultzatzea.

 

Irudirako zaletasuna

Argazkilaritzarako eta bideogintzarako zaletasuna ere txikitatik datorkio Gabrielari. Gurasoen argazki-kamara hartuta, leku batetik bestera ibiltzen zen nebarekin batera, argazkiak egiten eta irudiak hartzen. Geroago, 12 edo 13 urte zituela, bere lehenengo argazki-kamara oparitu zioten, bigarren eskukoa. Autodidakta da, eta zaletasun bera duen beste lagun batengandik ere asko ikasi du.

“Batez ere autorretratuak egiten ditut, eta asko gustatzen zait, oso lan pertsonala delako. Niri asko kostatzen zait kameraren aurrean ipintzea eta, beraz, pertsona bati argazkia egiten diodanean, oso ondo ulertzen ditut bere zalantzak, beldurrak eta konplexuak. Niretzat oso pozgarria da argazkia egin eta pertsona horrek esatea –Bada, zeinen eder nagoen hemen!-; egundoko poztasuna ekartzen dit”.

Gazte-elkarte baten partaidea da eta bideoak egiten ditu haren ekintzak zabaltzeko. Horrezaz gainera, barnea mugitzen dion edozer hartzen du inspirazio-iturritzat. “Helburua da irudia eta musika uztartuta poesia sortzea. Horrekin jolasten naiz. Azken bideoa udan egin dut, aititeren herrian. Baratxuriak garbitzen zegoen aitite, eta argia hain zen polita, baita soinua ere, ezen argazki-kamara hartu eta eszena derrigorrean grabatu behar izan nuen! Azkenean, herriaren egunerokotasuna jaso nuen bideo batean”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).