PAI Bitartean programa: urtebete Derion

t: Joanes Camara, gizarteratze-teknikaria 2021ko abe. 21a, 10:53

Gizartetik kanpo dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonei laguntzen dieten zentroak behar-beharrezkoak dira. Urte-amaiera hurbil zegoela, eta Emaus Gizarte Fundazioak Derion duen PAI Bitartean zerbitzuko eguneko zentroak urtebete egin duela kontuan hartuta, erabaki genuen derioztarrei zein inguruko herrietako biztanleei azaltzea esandako zentroak zein garrantzitsuak diren. Horretarako, Derioko Udalarekin elkarlanean, zenbait jarduera antolatu ditugu Emaus Gizarte Fundazioan, eta zehatz-mehatz PAI Bitartean zerbitzuan, egiten dugun lana herritarrei ezagutzera emateko.

Konkretuki, hiru ekintza egin dira: ateak irekitzeko eguna, hitzaldi bat eta Kultur Birikan 20 egunean egon den erakusketa. Lehenengo biak egun berean izan ziren, azaroaren 15ean. Ateak irekitzeko egunean, pozik hartu genituen gure instalazioak eta lana ezagutzera hurbildu ziren herritarrak eta Mungiako OLHko ikasleek egindako kopaua eskaini genien. Herritarrek, zerbitzuko erabiltzaileek eta Emauseko langileok tarte atsegina pasatu genuen elkarrekin. Lerro hauetatik eskerrak eman nahi dizkiegu ekintzan parte hartu zuten guztiei eta Mungiako ikasleei, kopau bikaina prestatu zuten eta.    

Ondoren, Kultur Birikara joan ginen PAI Bitartean zerbitzuari buruzko hitzaldia egitera. Bertan bildu zirenak etxerik gabeko pertsonekiko sentikor bihurtzen ahalegindu ginen, gure ekimenen eta ekintzen berri eman genuen eta parte-hartzaileen galderei erantzun genien. Azpimarratu genuenez, ez dago arrazoi zehatzik, pertsonak etxerik gabeko egoeran egoteko; hala ere, horretara bideratu gaitzaketen egoera estresagarriak badaude: maite dugunaren heriotza, bikotekidearengandik banatzea, lana galtzea, baliabide ekonomikorik eta emozionalik ez izatea (lagunak eta senideak galtzea) eta etxebizitza galtzea. Kalkuluen arabera, pertsona batek lauzpabost egoera estresagarri pairatu ditzake bizitzan; nolanahi ere, pertsona batzuek zazpi edo zortzi gertaera traumatiko jasan ditzakete denbora-tarte laburragoan eta zauri horiek bizi-haustura ekartzen dute.

Hurbilago

Lehen aipatu dugun moduan, ekintza horietaz gainera, erakusketa egin genuen Kultur Birikan. Hango erakusketa-aretoan ikusgai ipini genituen proiektuaren gaineko informazio-panelak, gure zentroetan egunero egiten diren ekintzen argazkiak, komunikabideek guri buruz idatzitako artikuluak eta programaren tailerretan egindako lanak. Helburua izan zen Emaus Gizarte Fundazioan gizartetik kanpo dauden edo egon daitezkeen pertsonekin egiten dugun lana plazaratzea.

Emaitza ikusita, PAI Bitarteaneko langileok eskerrak eman nahi dizkiegu ekintzetara hurbildu diren pertsonei, eta espero dugu hurrengo ekintzetan jende gehiago batzea. Era berean, garrantzitsutzat jotzen ditugu Derioko Udalak emandako erraztasunak, hala nola erakusketarako materialak sortzeko emandako laguntza eta Kultur Birikan hitzaldia egiteko aretoa uztea. Horrek guztiak inguruko herritarrengandik hurbilago egoteko aukera ekarri digu, eta, hortaz, komunitatearen parte aktiboa izaten jarraitzeko gogotsu gabiltza.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).