Mikel Eguía I kazetaria

"Gure lanak merezi du: ahotsa ematen diogu behar duenari"

Aikor aldizkaria 2021ko abe. 23a, 09:05

Gaztea izan arren, ibilbide oparoa du Mikel Eguía kazetariak. Gaur egun, derioztarrak pil-pileko gaien berri ematen digu ETB katearen En jake saioan. Derioztarrak kazetaritza maite du, baina beste pasio bat ere badu: dantza.

Zergatik ikasi kazetaritza?

Txikitatik gustatzen zait telebista. Nerabe nintzanean, reality-show saioak eta prentsa arrosa gustuko nituen. Zorionez, heldu naiz, eta gaur egun ez zaizkit batere entretenigarriak iruditzen (kar, kar). Hamabost urte nituela albistegiak ikusten nituen eta argi nuen albistegia aurkeztu nahi nuela.

Gaur egun, En jake saioan zabiltza erreportari...

Bai. Nik batez ere gizarte-gaiak lantzen ditut. Gainera, politika, eta oro har, gaurkotasuna jorratzen dugu. Bitxia da, nik lehen politikaz ezer ez nekielako. Master ikaragarria da bertan lan egitea. 

Leioan karrera bukatu eta berehala hasi zinen lanean. Zein da zure ibilbidea?

Batez ere telebistan egin dut lan: praktikak Telecinco katean egin nituen eta gero kontratatu ninduten. Hasieran, garrantzirik gabeko lanak egiten dituzu, baina nagusien konfiantza lortzen duzunean, zuzenean agertzeko aukera ematen dizute. Gogoan dut agertu nintzen lehenego aldia, Pedro Piquerasen saioan. Halaber, EFE agentzian eta Antena 3 eta Telemadrid kateetan ere egin dut lan.

Ez diozu lan egiteari utzi. Zoriontsu sentitzen zara?

Neurri batean, bai, zorte ona behar-beharrezkoa baita, baina gogor egin dut lan nagoen lekura heltzeko. Inoiz ez diot ezeri ezetz esan, hau da, lan egiteko jarrera ona erakutsi dut beti eta horri esker lan egiteko aukera izan dut. Adibidez, bakarrik joan nintzen Aranda de Duero herrira albiste baten berri ematera; Bustamante abeslariaren alabaren bila joan nintzen Kantabria aldera; bekaduna izanda, 12 ordu eman dut lanean, lau orduko kontratua izan arren...

Beti erreportari ibili zara. Lan polita bezain gogorra, ezta?

Bai. En jake saioan, erredaktore sartu nintzen, bulegotik atera barik. Baina Zaldibarren zabortegia eraitsi zenean, kalera ateratzea eskatu zidaten eta horrela jarraitzen dut. Lana gustatzen zait, errealitatea zuzenean ikusten dudalako, eta hori erredakziotik ez duzu ikusten. Esate baterako, gaur COVID ziurtagiriari buruzko galderak egin dizkiet herritarrei, kaletik. Eta nork bere iritzia eman dit. Jendeak berak, eta ez Eusko Jaurlaritzak edo beste komunikabideren batek, esan dit zer uste duen. Lana bada gogorra, bai. Jendea nazkatuta dago komunikabideekin eta niri irainak esan dizkidate kalean lanean nengoela. Hala ere, gure lanak merezi egiten du: ahotsa ematen diogu behar duenari. Kaleko kazetaritza gustatzen zait. Politikariek nahikotxo egiten dute berba; jendearen txanda da.

"Lekukoek esaten didatena esango dut. Kazetariok independienteak 
izan behar dugu"

Askotan autozentsuratzen zara? 

Ahaleginak egiten ditut horrelakorik ez gertatzeko. Eta horregatik nagusiek errietaren bat egin didate. Komunikabide guztiek dituzte arauak eta horiek errespetatu egiten ditut. Baina nik lekukoek eta elkarrizketatuek esaten didatena esango dut. Eta hori norbaiti ez bazaio gustatzen, hor konpon. Zorionez, lasai egiten dut lo gauean. Kazetariok independienteak izan behar dugu.

Zelan dago ogibidea?

Oso txarto dago: soldata eskasak, aldi baterako kontratuak, lantaldeak gero eta txikiagoak dira, nahiz eta lana gero eta handiagoa izan, lana ez da behar bezala aintzat hartzen... Adibidez, lehengo astean, Telemadridek itxi egin zuen Bilboko egoitza. Eta beste adibide bat: nik ez dut kameraririk, nik nire burua grabatzen dut telefono batekin.

 

Goizean, kazetaria; arrastian, dantzaria

Mikel Eguía Ariasek (Derio, 1994) pasio bi ditu: kazetaritza eta dantza. Eta oso "zoriontsua" da biak uztartu ahal izateagatik. "Goizean, kazetaria naiz eta arratsaldean, dantzaria. Aukeratu behar izatekotan, uste dut dantzaren alde egingo nukeela. Uda honetan lan-eskaintza egin didate, baina uko egin diot, dantza utzi behar nuelako", esan digu Eguíak.  Guztira, hamabi urte daramatza dantza egiten eta gaur egun kategoriarik altuenean –nazioarteko A maila– jokatzen ditu txapelketak. "Lehen ezin genuen lehia burutik kendu; gaur egun, aldiz, paso egiten dugu emaitzekin". 

Jarreraren aldaketaz gainera, Mikel dantza latindarretan (sanba, boleroa, pasodoblea, txa-txa-txa eta jive-a) espezializatu da.  “Kirol dantzan, hamar dantza daude, bost standar eta beste bost latindar. Eta goi-mailan, bata edo bestea aukeratu behar duzu, hamarrak ezin direlako menperatu". Eguíak Sara Macarrilla derioztarrarekin egiten du dantza. “Hamar urte daramatzagu elkarrekin, hezur eta mami gara; primeran ezagutzen eta ulertzen dugu elkar. Eta gure harreman estua aditzera ematen dugu pistan: herrikideak gara, lagunak, herri berean ematen dugu uda... Arrebatzat hartzen dut”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).