Deriok 10,1 milioi euroko aurrekontua onartu du 2022rako

Aikor aldizkaria 2022ko urt. 3a, 11:49

Udalak jakinarazi duenez, azken urteetako handiena da eta EAJren aldeko botoei esker (7) onartu da; PSE-EE (3) eta EH Bildu (3) abstenitu dira. Guztira 10.121.117 euroko aurrekontua da, aurreko ekitaldikoa baino % 19 handiagoa (1,62 milioi). “Pandemiak eragindako krisiak markatutako 2022ari aurre egin beharko dio tokiko gobernuak, baina derioztarren zerbitzu publikoak, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko konpromisoari eutsiz”, adierazi dute prentsa-ohar baten bidez.

Esther Apraiz Derioko alkatearen esanetan, ekonomia eta osasun arloetan “ziurgabetasun handiko testuinguruan gauden arren, aurrekontu orekatua eta koherentea da, baina baita asmo handikoa ere. Udalerriaren hazkundeari eta zerbitzu publikoen hobekuntzari jarraipena emateko aurrekontuak dira; ekonomiaren susperraldia finkatzera eta Derioko gizarte-ongizatea bermatzera bideratutako kontuak. Pertsona zaurgarriekin konprometitutako proiektua da, tokiko jarduera ekonomikoa dinamizatzen jarraitzeko”. Era berean, Apraizek azpimarratu du partaidetza-aurrekontuak izan direla, haietan ehun herritarrek baino gehiagok hartu baitute parte, eta, horri lotuta, aurten egingo diren inbertsio garrantzitsuenak herritarren proposamenetatik sortu direla.

DUK erakunde autonomoa desegin denez, aurreko urteetako aurrekontuekin alderatuta, nobedade nagusia da udalak onartu duela kirol-zerbitzuak eta -instalazioak barne hartzen dituen aurrekontu bakarra; beraz, udal-aurrekontuan ez da aurreikusten DUK erakundeari ekarpenik egitea.

Diru-sarrerei dagokienez, “oso balioespen zuhurra egin da, nahiz eta goranzko joera izan, aurreikus daitekeen pandemiaren ondoriozko osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisiaren amaierak baldintzatuta eta bereziki Udalkutxatik datozen diru-sarreren igoerak baldintzatuta. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiaren konturako diru-sarrerak % 20 handitu dira (4.819.736 euro) eta, halaber, 2021eko aurrelikidazioak 332.481 euroko saldo positiboa ekarri du udalaren alde. Gogoratu behar da sarrera gisa sartzen direla udal-kiroldegiaren erabilerari eta zerbitzuei dagozkien tasak eta prezioak. Gainerako diru-sarreretan ez dago aldaketa esanguratsurik”.

Bestalde, gastuei dagokienez, eta Estatuko 2022rako Aurrekontu Orokorren Lege Proiektuan aurreikusi moduan, langileen ordainsaria % 2 igo da. “Era berean, ondasun arruntetako eta zerbitzuetako gastuaren zenbatekoa % 26,6 igo da, diru-sarrerak handitzeak eta pandemiaren ondorioz murriztu edo bertan behera utzi behar ziren udal-zerbitzu batzuk berreskuratzeak zuzenean eraginda. Gastuaren aldeko apustuari eutsi zaio, udalerriaren eta biztanleen ongizatea eta egunerokotasuna hobetzeko, krisiaren aurreko gastu-mailetara itzultzeko konpromiso irmoa dugula”. Esandakoez gainera, besteak beste, garbiketari, lorezaintzari eta azpiegiturak mantentzeari lotutako zerbitzuak ere hobetzeko asmoa du Derioko Udalak. “Azpimarratzekoa da, halaber, Derioko gizarte-erakundeetarako dirulaguntzen atalean egindako ahalegina, Mankomunitateari egindako ekarpenarekin batera, zenbatekoa % 4,11handitu baita. Igoera horrek agerian uzten du tokiko gobernuak gizarte-sarearekin eta interes orokorreko proiektuak sustatzen dituzten beste

eragile batzuekin duen konpromisoa, hala nola kultura, kirol edo gizarte-kolektiboekin. Txorierriko Mankomunitateari enplegua eta gizarte-zerbitzuak sustatzeko egindako ekarpena ere azpimarratu behar da ”.

Udalak gogorarazi du aurrekontuak negoziatzeko prozesua irekita egon dela, une oro, oposizioko alderdi politiko guztientzat. “Horrela, EH Bilduk 4 zuzenketa aurkeztu ditu eta PSEEk 7, gobernu taldeak horietatik 5 onartu dituelarik”. Onartutako zuzenketetako batzuk honako hauek dira: Udal Enplegu Plana indartzea, Gizarte Larrialdietarako Laguntzei 10.000 euro gehitzea, eskola inguruan egingo diren hobekuntzak eta katu- koloniak kontrolatzeko CES metodoa abian jartzea. “Akordio onuragarriak lortu dira Deriorentzat. Eta berriro diogu hau dela bidea, hitz egitea, adostea eta aurrera egitea”.

Beste aldetik, inbertsioei zuzendutako diru-partida nabarmen igo da eta orotara 783.500 euro zuzenduko dira horietara. Beste batzuen artean, inbertsio hauek egingo dira: argiteria publikoa LED teknologiara hobetzea (50.000 euro), bide publikoetan mantentze-lanak egitea (38.000 euro), DUK eta Kultur Etxeko eraikinean hobekuntzak egitea (120.000 euro), eta haurrentzako jolas berriak erostea (30.000 euro). Gainera, partaidetza-prozesutik ateratako bi proiektu sartu dira aurrekontuetan: Uribe Parkean nerabeentzako aisialdia eta kirola uztartzeko jolasgune berria eraikitzea eta Ganben kirol anitzeko pista berria egitea (140.000 euro orotara).

Azkenik, udalaren asmoa da aurten hurrengo proiektu hauek martxan jartzea: komun publikoa Uribe parkean, kiroldegiaren ondoko futbol-pistak estaltzea (580.000 euro), tren-geltokiaren inguruko sarbideen urbanizaioa (85.000 euro), Tabernabarriko sarbidearen eta Mungiako tren zaharraren bide berdeko konexioaren hobetzea (180.000 euro), 2023 Bizikleta Planeko ZAParen 1. Fasea, San Miguel Plaza berritzea eta Uribe Parkeko Txakurgunea hobetzea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).