Kirola gozatzeko modu berria: pala egokitua

t: Joanes Camara, gizarteratze-teknikaria 2022ko api. 22a, 10:25

Emaus Gizarte Fundazioaren PAI Bitartean programak hainbat tailer eskaintzen dizkie eguneko zentroetara etortzen diren pertsonei. Besteak beste, garrantzi handia ematen diegu osasunari, heziketari eta dibertsioari lotutako ekintzei, eta Derioko udal-frontoian, martitzenetan, egiten ditugun pala egokituaren saioek horiek guztiak batzen dituzte. 

Abiapuntua da Derioko Udalarekin egindako akordioa. Horri esker uzten digu frontoia erabiltzen, eta urtebete baino gehiago daramagu pala egokitua lantzen dibertsitate funtzionala duten pertsonekin eta gizarteratu behar dutenekin. Bestalde, pala egokituko txapelketak sortu dira eta horiek pizgarria dira, saio bakoitzean entrenatzeko eta hobetzeko. Esandako lehiaketen baitan bi modalitate daude: gurpil-aulkia eta dibertsitate funtzionala. Emaus Gizarte Fundazioaren jokalariek bigarrenean hartzen dute parte.

Euskal Pilota Egokitua Master Cup Irekiak antolatuta, Derion aritu ginen lehen aldiz, Bizkaiko Txapelketan. Parte-hartze zabala izan zen eta Emaus Gizarte Fundazioaren jokalariak nagusitu ziren. Aurten, Pilota Egokituaren Sari Nagusian jokatu dugu Beasainen, eta bertan Euskal Herri osotik etorritako bikoteak ibili gara lehian. Finala Eibarreko Astelena frontoian jokatu zen, eta ETB1ean ikusi genuenez, oso maila handia egon zen.

Ekintzak oso harrera ona izan du PAI Bitarteaneko erabiltzaileen artean eta horregatik eraman dugu esperientzia Txorierriko beste erakunde batzuetara. Horrela, Lantegi Batuak Fundazioa gonbidatu dugu ekintzarekin bat egitera eta hiru hilabete daramatzagu elkarrekin entrenatzen. Emaus Gizarte Fundazioko erabiltzaileak bezala, Lantegi Batuak Fundazioko lagunak ondo baino hobeto moldatu dira kirol honetara, eta 12 palarik osatutako taldea sortu da. Kirolariak erabat motibatuta daude eta ikasteko gogo handia dute.   

Argi utzi denez, pala egokitua egoki-egokia izan daiteke gizartearen hainbat talderentzat, eta emaitzak oso pozgarriak haien bizitzarako. Hori dela eta, PAI Bitarteanek jarraituko du egitasmoarekin aurrera eta beste erakunde eta gizatalde batzuk kirol honetan saiatzera animatzen.

 

Ekintza solidarioa

Iaz moduan, Emakumeen Nazioarteko Eguna azpimarratu nahi izan dugu martxoan eta berriro ere ACAMBI elkartearekin ibili gara lankidetzan. Hori Bizkaiko Ginekologiko eta Bular Minbiziaren Elkartea da. Aurtengo dinamika eta iazkoa oso antzekoak izan dira: lehenengo eta behin, gure ustez, emakumeen balioa eta izaera adierazten duten hitzak adostu genituen; ondoren, hitz horiek ipini genituen begizta moreetan; eta azkenik, eskumuturreko xumeak egin genituen. Eskumuturrekoak Derioko hainbat saltokietan ipini ziren salgai.

Eskerrak eman nahi dizkiegu egitasmoarekin bat egin duten saltokiei: Adarve taberna, Arteaga estankoa, Irrintzi taberna, Nagusien Etxea eta Imaz estankoa. Eta, jakina, dohaina egin eta ekimena sustatu duten guztiei: zuei esker lortu dugu 337,14 euro batzea eta dirua ACAMBI elkarteari emango diogu oso-osorik.

Zumbathon

Maiatzaren 14rako, eta Derioko San Isidro jaien barruan, Zumbathon ekintza antolatu dugu. Sarrerak bost euroan erosi daitezke gure egoitzan edo egunean bertan, eta batzen den dirua Gure Señeak elkarteari emango diogu. Ekintza 10:00etatik 12:30era izango da eta frontoian arituko dira Estatuko zumbaren dantzaririk onenetarikoak. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).