Emaus Fundazioa

PAI Bitartean eta EHU

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 19a, 14:12

Gizarte-arloko edozein ikaslerentzat aberasgarria da gizartetik kanpo dagoen edo egoteko arriskuan dagoen gizatalde batera hurbildu, eta esperientzia bertatik bertara bizi izatea. Horregatik, Emaus Gizarte Fundazioaren PAI Bitartean programak urteak daramatza Leioako EHUko Gizarte Hezkuntzako ikasleekin lankidetzan, hainbat proiektu aurrera ateratzeko. 

Unibertsitateak aukera ematen die gu­re entitatearekin aktiboki eta boron­datez lan egiteko, baina betiere kontuan har­tuta esperientzia euren heziketarako oso baliagarria dela, eta “Esku-hartzearen plangintza” ikasgaiko lan teorikoa biribildu ahal dezaten. Aurten, talde bik eman du­te izena. Talde bakoitza zazpi ikaslek –guztiak, neskak– osatu dute eta emaitza oso pozgarria izan da alde biontzat.

Azken edizioetan moduan, egitasmoa­ren bidez ikusgarritasun handiagoa eman zaie Derioko egoitzara egunero etortzen diren pertsonei. Era berean, taldeka hel­du diegu hainbat gizarte-gairi, hala no­la, etxerik ez izateari eta adikzioei. Gai ho­riek Ganbara Gizarte Irratian izan di­tugu hizpide. EHUko ikasleek eta PAI Bi­tartean programaren erabiltzaileek bi irratsaio egin dituzte elkarrekin, eta par­tekatu datuak, informazioak, bizipen pertso­na­lak, esperientziak, jolasak eta giro ona.  

Oihane Fernandez larrabetzuarra uni­ber­tsitateko ikaslea eta boluntarioa da. “Lehen aldia da halako gizatalde bate­kin lan egiten duguna”, adierazi digu. “Ha­sie­ra-hasieratik pentsatu genuen ezin geniola proiektuan parte hartzeko pro­po­samenari uko egitea. Esperientzia ba­liagarria izan da gure heziketarako, lan-munduari begiratzeko eta gizartetik kan­po dauden pertsonak ezagutzeko. Ho­rrezaz gainera, Emaus Gizarte Funda­zioaren funtzionamendua ezagutu dugu, eta, Ganbara Gizarte Irratiko mikrofonoen aurrean ipini garenean lotsa apur bat sentitu dugun arren, emaitzak harritu gai­tu azkenean. Oso gustura egon gara eta, hortaz, interesa duen edonor animatu na­hi dut halako proiektuetan parte hartzera: aberasten gaituzte eta gauza berriak ikas­ten ditugu. PAI Bitartean proiektuari eta EHUri eskertu nahi diet esperientzia polit honetan parte hartzeko aukera eman izana”. 

Amaitzeko, lerro hauetatik, Ganbara Gi­zarte Irratian aipatutako irratsaioak en­tzu­teko gonbidapena egin nahi diegu irakur­leei, YouTuben zein Spotifyn.