Derion bizitza eman dute

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 30a, 14:30

Eman muina, eman bizitza. Horixe da Osakidetzak erabili duen leloa hezur-muina emateko kanpaina zabaltzeko. Eta esaldi bera lelotzat ere hartu dute  Muros de Bizkaia – Bizkaiko Infernua martxa zikloturistaren antolatzaileek. Casco Viejo Txirrindularitza elkarteak lehendabiziko aldiz antolatu du martxa Derion eta poz-pozik agertu da, helburu bakarra baita hezur-muina ematearen garrantzia ikusgai egitea. 

“Dena biribil atera zaigu: eguraldia, txirrindulariak, ibilbidea... Eta guztiak gaude pozik, noski, antolatzaileak, babesleak, parte-hartzaileak... Guk hezur-muina emateari garrantzia eta ikusgarritasuna eman nahi izan diogu. Horren haritik, 200 txirrindularik hartu dute parte saioan eta 6.500 bisita izan ditugu gizarte sareetan eta webgunean. Aurten lehenengo aldiz egin dugu martxa, baina arrakasta ikusita, gutxienez datorren urtean ere egingo dugu”, esan digu Iñaki Barrenetxea Casco Viejo Txirrindularitza Elkartearen presidenteak.

Martxa elkartearen txokoan sortu zen. “Euskal Herrian hainbat ekimen sortzen dira txokoetan (kar-kar). Duela 25 urte, Arkaitz Santamaria eta biok elkarrekin ibili ginen Banaka taldean eta harrezkero egon gara harremanetan. Berari hezur-muina eman diote eta hori zabaldu nahi genuen. Martxa horregatik antolatu genuen”, adierazi du Barrenetxeak. 

Muros de Bizkaia – Bizkaiko Infernua martxak bigarren helburua ere badu, nagusia ez hain garrantzitsua: bigarren mailako Bizkaiko errepideak ezagutzera ematea. “Errepide nagusietatik ibiltzen gara normalean, baina Bizkaian bigarren mailako errepide zoragarriak ditugu eta ez dira hain ezagunak. Begoñako parte-hartzaile batek esan dit Biberora mila aldiz joan dela, etxetik gertu duelako, baina ez da inoiz martxaren egunean bertan egindako bidetik joan”.  

Kirolariek Derion hasi eta bukatu zuten ibilbidea: tartean, besteak beste, Galdakao eta Zornotza bisitatu zituzten. Ibilbide bi egon ziren: bata, 117 kilometrokoa (2.691 metroko desnibela); eta bestea, 93 kilometrokoa (2.142 metroko desnibela). Martxa Aspanovas elkartearekin eta Derioko Udalarekin lankidetzan egin da. “Derion egin dugu babesle nagusia hemengoa baita. Eskerrik asko berari eta udalari, izugarrizko laguntza eman digutelako”.