Jesus Ulecia Miragarriren presidentea da, eta Estibalitz Elias, administraria. Euren ahotik ezagutu dugu kluba nola sortu zen. “Udalak gimnasia erritmikoaren ikastaroa antolatu zuen bi urtean, baina bertan behera utzi zuen gero. Guraso-talde batek nahi izan zuen alabek gimnasia erritmikoa egiten jarraitzea, eta kluba 96-97 denboraldian sortu zen irabazi-asmorik gabeko kirol-elkarte moduan”.
Klubak gora egiteko joera izan du eratu zenetik pandemiara arte, bai gimnasten kopuruari, bai entrenatzeko aukerei dagokienez. “Inoizko gimnasten kopururik handienari 2019ko irailean heldu genion: 139 gimnasta. Hala ere, pandemia dela-eta, kopuruak behera egin du: itxialdien eta osasun-egoeraren eraginez, ezin izan genuen talde-entrenamendurik egin eta gimnastak taldea utziz joan ziren. Iazko martxoan berriro ekin genion jarduerari, eta gaur egun 77 gimnasta ditugu”. Euren hitzetan, ez da erraza izango klubak pandemia aurreko gimnasten kopurua berreskuratzea. “Gimnasia erritmikoak oso ahalegin handia eskatzen du, batez ere gimnasten maila ertaina edo handia denean; eta ikasketak eta pandemiak eragindako aisialdi-joera berriak ere hartu behar dira kontuan”.
Lau urtetik 20 urtera bitarteko gimnastak daude klubean, adinaren eta kategorien arabera sailkatuta. “Zortzi urtetik 16 urtera bitarteko gimnastak eskola-kirolean aritzen dira eta, hortaz, txapelketetan parte hartzen dute. Batzuk banaka lehiatzen dira, eta beste, batzuk taldeka; banaka zein taldeka lehiatzen diren gimnastak ere baditugu. Bestalde, eskola-kirola amaituta, kirol federatua dago, kategoria bi dituena: basea eta absolutua. Gure nesketako bi base kategorian lehiatzen dira”. Gimnasta guztiak base kategorian ibiltzea nahiko lukete. “Baina oso gogorra da eta konpromiso handia behar da gimnasten nahiz gurasoon aldetik. Ordu askoko entrenamenduak egin behar dira eta gurasook ulertu behar dugu, agian, momentu batean ikasketak albo batera utzi behar direla. Beste aldetik, lehiaketa bera ere oso gogorra da. Izan ere, tapizera ateratzen denean, gimnastak azken detailea ere arreta handi-handiz aztertzen duen epaimahaia du hari begira… Era berean, ondo entrenatu izana ez ezik egun ona izatea ere ezinbestekoa da: lehiaketaren egunean hilekorik ez izatea, buruko minik ez…”.
Aurrera
Miragarri nahiko klub arrunta dela adierazi digute. “Aurrera egin dugu, baina sufritu ere, eta jarraitzen dugu ahal dugun moduan aurrera egiten. Kategoria absolutuan gimnastarik ez dugun arren, oso harro gaude, esan moduan, gure neska bi base kategorian daudelako. Horrez gain, oso ondo funtzionatzen duten taldeak ere baditugu. Nolanahi ere, dauden kategorian daudela, esfortzua eta meritua gimnasta guzti-guztiei onartu behar zaie, euren eginkizuna ez delako batere erraza, ez banaka, ez taldeka: ariketa oso zailak egin behar izatea, euren arteko sinkronizazioa, ordu askoko entrenamenduak, oso koreografia landuak…”. Azaldu moduan, ariketek bat etorri behar dute gimnastarekin eta horrek erabiltzen duen aparatuarekin. “Gimnasta guztiak ez dira berdinak. Batzuk artistikoagoak dira, hau da, jarreretan ipintzen dute arreta; eta beste batzuk, leherkorragoak: mugimendu azkarragoak eta bat-batekoak egiten dituzte. Lehenak ez dira bigarrenak baino hobeak, edo alderantziz, ezberdinak baizik, eta guztiek ezin hobeto egin behar dute dagokien ariketa. Hala ere, gimnasta batzuk ondo moldatzen dira batean zein bestean”.
“Dauden kategorian daudela, esfortzua eta meritua gimnasta guzti-guztiei onartu behar zaie”
Entrenatzailearen ardura da gimnasta motak identifikatzea eta bakoitzari ondoen datorkion ariketa ematea. Uleciaren eta Eliasen esanetan, ez da erraza entrenatzaileak topatzea. Momentu honetan hiru entrenatzaile dituzte. Haietako bakoitza gimnasiaren arlo batean edo bestean nagusitu da eta ekarpena egiten diete gimnastei zein klubari. “Haietako bat, Sonia Garcia, erreferentea da nola Estatuan hala nazioartean. Federazioaren ordezkaria da eta epaile-lanak ere egiten ditu. Miragarrin 25 urte daramatza, eta luxu handia da guretzat”.
Pandemia hasi baino lehen, udal-kiroldegiko pistan egiten zituzten entrenamenduak. “Orain, berriz, frontoian entrenatzen gara, lekua beste inorekin partekatu barik, eta oso pozik gaude. Oso leku erosoa da guretzat eta espero dugu etorkizunean ere bertan jarraitu ahal izatea”. Hasten direnean, gimnastek ez dute entrenamenduetan materialik edo aparaturik erabiltzen, eta gero, adinaren arabera eta taldeka edo banaka aritzen diren, hasten dira pixkanaka-pixkanaka materiala erabilita entrenatzen: pilota, mazoak, zinta eta uztaia. Pandemiak min handia egin die gimnasia erritmikoaren taldeei orokorrean. “Gorputzak entrenamendu-doktrina behar du, eta etorkizun handiko gimnasta batzuek kirol hau utzi dute, ez zutelako izan non entrenatu. Izan ere, sasoiari eta elastikotasunari eusteko, lan ikaragarria egin behar da. Base kategoriako gure gimnastek, esaterako, Parke Teknologikoan egiten zituzten entrenamenduak, utzita dagoen enpresa bateko aparkalekuan, hain zuzen. Beste aldetik, onlineko entrenamenduak eta erakustaldiak egin ziren eta hori giltzarria izan zen gimnastentzat”.
Mutilak ere bai
Klubaren filosofia da derioztarrei zein inguruko herrietako biztanleei “minoritarioa, baina bete-betekoa den kirol bat” egiteko aukera eskaintzea. “Neskek ez ezik mutilek ere egin dezaketen kirola da, gainera. Gure gaur egungo gimnastetako bat mutila da, eta lehenago ere beste mutil bat izan da gurekin. Edozein gimnastak du lekua Miragarrin; berdin dio bere fisikoa, altuera, sexua… zein den. Zortzi urte betetzen dituztenean, guzti-guztiak hasten dira eskola-kirolean eta lehian, salbuespen barik”. Euren berbetan, klubaren indarguneak gimnastak dira, eta haien familien laguntza. “Gu ez gara klub elitista bat, helburu nagusia lehiatzea eta emaitzak lortzea duena; bertan mundu guztiak du lekua, eta berdin-berdin hartzen dugu bata zein bestea”.
“Edozein gimnastak du lekua Miragarrin; berdin dio bere fisikoa, altuera, sexua… zein den”
Horrela, euren xedea da “gimnastek gustura egin dezatela nahi duten kirola”. “Egia da entrenamendu guztiek helburu bat dutela –lehiaketa– eta gimnasta guztiek lehiatu nahi dutela, jendaurrean erakusteko entrenamenduan egin duten esfortzua; hala ere, guk ez dugu kirol-helbururik. Guk nahi dugu gimnastek lehiaketan sentitzea egin beharrekoa ondo egin dutela, eta zerbait txarto eginez gero, akatsetik ikas dezatela. Edonola ere, aipatu beharra dago aspaldi honetan nahiko emaitza onak lortzen gabiltzala”. Aurreko lerroetan esan moduan, gimnasten eta euren familiaren konpromisoa ezinbestekoa da klubak aurrera jarrai dezan. “Kirol-ibilbidean oso une gogorrak izan ohi direlako, eta une horietan ezinbestekoa da familien zein taldekideen babesa izatea. Bestalde, gimnastak talde bateko parte dira eta erantzukizuna dute euren taldekideekiko. Oso konpromiso handia izan behar da, eta, beharbada, beste gauza batzuei uko egin”.
Dantza modernoa
Nobedade moduan, aurtengo ikasturtean dantza modernoaren taldea sortu dute. “Klubari buruzko ikuspegi modernoagoa zabaldu nahi dugu, eta pandemiaren eraginez galdutako dantzarien kopurua konpentsatu. Oso harrera ona izan dugu, taldean 45 dantzarik eman dute izena eta. Datorren ikasturteari begirako helburua da gimnasia erritmikoa indarberritzea eta dantza modernoan dabiltzan dantzariengan gimnasia erritmikoaren onurak sustatzea, gure ustez, biak osagarriak direlako. Gustatuko litzaiguke Miragarriko harrobia inoiz ez amaitzea”. Dena dela ere, harro egon daitezke, eta badaude, 25 urtean egindako ibilbideaz eta lortutako arrakastaz. “Hau guztia guraso-talde batek, alabak gimnasia erritmikoa egitea helburu hutsa genuenok, ipini genuen martxan, eta eskola-kirolara eta base kategoriara ailegatu izana oso handia da guretzat. Eta ez bakarrik ailegatu izana, baizik eta pandemian kategoriari eutsi izana ere oso lorpen handia izan da”.
“Helburuetako bat da dantza modernoan dabiltzan dantzariengan gimnasia erritmikoaren onurak sustatzea”
Ospakizun-ekitaldiak
Urteurrenaren harira, argazki-erakusketa egin da Kultur Birikan. Hango erakusketa-gelako hormetan, Derioko Argazki Taldeak (DAT) egindako 26 irudi ipini ziren ikusgai; irudi horiek ateratako 1.000 argazkiren baino gehiagoren artean aukeratu zituzten. “Beste aldetik, ahalegina egingo dugu gimnasia-erakustaldiei eusteko, modua baitira gimnastek familiei eta herritarrei euren trebetasunak eta lana erakusteko. Maiatzean erakustaldi bat izan genuen, eta ekainaren 21ean beste bat egingo dugu, aurtengo denboraldiari agur esateko. Gabonetan ere erakustaldia egin ohi dugu”. Buruan ideia asko dituzte 25. urteurrena behar moduan ospatzeko, eta ideia horiek hemendik urte amaierara arte nola gauzatu aztertzen dabiltza. Ekitaldiak lotuta daudenean, haien berri emango dute ohiko bideen bitartez. “Argi duguna da urteurrena beti kluba zutik dagoela ospatu behar dugula”.