Sinadurak batzen dabiltza, Derioko familia bati etxebizitza egokitua alokairuan eskuratzen laguntzeko

Aikor aldizkaria 2022ko uzt. 5a, 14:26

Gure Señeak Derioko elkartearen familietako bat bost kide dira: aita, ama eta hiru seme-alaba. Seme biek gaixotasun arraroa dute, degeneratiboa dena eta giharretan eragiten duena. Ondorioz, ezin dira ibili eta gurpil-aulkia erabili behar dute. Bizi diren etxea ez dago euren beharrizanetara egokituta, eta Etxebidera jo dute etxebizitza egokitua alokairuan eskuratzeko; hala ere, lehentasuna beste gizatalde batzuek dutela erantzun diete. Gure Señeak elkarteak sinadura-bilketa ipini du martxan www.osoigo.com plataforman, euren kasua Eusko Legebiltzarrean aztertu dadin.  

Luisma Landaluze Gure Señeak kidearen ahotik ezagutu dugu familia honen egoera. “Hamabost eta 12 urteko mutilak dira. Familia alokairuan bizi da Derion, baina etxebizitza ez dago egokituta eta ezin da egokitu. Eraikinean igogailua dagoen arren, gurpil-aulkiak eskailburuan utzi behar dituzte, ateetatik-eta ez direlako sartzen. Komuna, bestalde, oso txikia da. Orain dela gutxi arte, gurasoek kiroldegiko bainugelan dutxatu ohi izan dituzte semeak, baina mutilak dagoeneko ezin dira zutik ipini, eta gaur egun etxeko komunean dutxatu behar dituzte: ahal duten moduan, era negargarrian…”. Azaldu digunez, euren bizi-kalitatea hobetu ahal izateko, familiak ezaugarri honetako etxebizitza beharko luke: igogailua duen eraikina edo beheko solairua, hiru logela, komun egokitua eta gurpil-aulkiak pasatzeko moduko ate eta gune zabalak. “Besterik ez. Nolanahi ere, endekapenezko gaixotasuna denez, ezin da jakin etorkizunean familiak nolako beharrizanak izango dituen… Bueno, aita momentuz moldatzen da semeekin…”.

Familiak ahalik eta arinen behar du etxe egokitua. “Arazoa da merkatu librean ez dagoela alokairuko etxebizitza egokiturik, eta, hortaz, 2017an eskaria egin zuten Etxebiden. Urteak pasatu dira eta euren egoera konpondu ez dela, Etxebizitza Sailera jo dugu, eta gizarte-langileak egindako txostena aurkeztu. Erantzuna izan da familia honek ez duela lehentasunik alokairuko etxebizitza eskuratzeko; lehentasuna tratu txarrak jasan dituzten emakumeek eta etxetik kaleratutakoek dutela. Jakina, guk oso ondo eta beharrezko deritzogu lehentasuna gizatalde horiek izateari, baina, beste alde batetik, sumatzen dugu familia honek ez duela inoiz alokairuko etxebizitza egokiturik eskuratuko (egun hamalaugarrenak dira zerrendan). Izan ere, zoritxarrez, kaleratzeak eta emakumeek jasotzen dituzten tratu txarrak gizartearen ohiko gaitzak dira. Horregatik eskatzen dugu familia honen egoera dela-eta salbuespena egin dezatela”.  Arartekoarengana ere jo dute, eta hark ere familia honen kasua berriro aztertzeko eskatu dio Etxebizitza Sailari .

“Osoigo.com plataformak gizarte-sareen bidez izan du Gure Señeak elkartearen berri. Plataformak politikariei helarazten dizkie herritarren kezkak eta galderak, eta adierazi ziguten familia honen arazoa horretarako aproposa zela. Bostehun sinadura lortuz gero, gaia Eusko Legebiltzarrera eramango da, bertan aztertu dezaten. Sinadura-bilketa hemen ipini da martxan. Ea guztion artean lortzen dugun familia derioztar honen arazoa Legebiltzarrera ailegatzea, eta Etxebizitza Sailak haien aldeko pausua egitea”. Amaitzeko, Landaluzek argi eta garbi utzi nahi izan du familiak etxebizitza egokituaren alokairua bere poltsikotik ordainduko duela eta prest dagoela edozein herritara mugitzeko, bertan behar dituzten ezaugarrietako alokairuko etxebizitzarik eskaintzen bazaie.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).