`Cuidándome´, musikoterapia-tailerra

t: Florencia Ezcurra, Hezkuntza Bereziko irakaslea, gizarteratze-teknikaria eta terapeuta 2022ko uzt. 19a, 12:37

Cuidándome tailerra proiektu integratzailea izan da, musikoterapiaren bidezko prozesu terapeutiko txikia. Emaús Gizarte Fundazioak Derion duen PAI Bitartean zerbitzuko eguneko zentroan egin dugu. Guztira 12 saio izan dira, saio bat astean, eta azkena ekainaren 15ean egin genuen.

Norberaren edo beste pertsona batzuen zainketarekiko kezka duten lagunei begira antolatu zen tailerra. Askotan, zerbait edo norbait zaintzeko edo euren gain hartzeko beharra sentitzen dute, eta bigarren mailan ipintzen dituzte euren beharrizanak. Hori dela eta, tailerra gune egokia izan zen parte-hartzaile bakoitzari laguntzeko egunetik egunera gertatzen zaiona esaten, adierazten, sentitzen eta sakontzen. Ondorioz, euren ekintzez eta jarrerez konturatu ziren, euren buruarekiko zein gainerakoekiko.

Lan integratzaile honi esker, oso bizitza-egoera ezberdina duten pertsonek elkarri eragin diote, eta alderdi pertsonalak zein taldekoak indartu eta aberastu dira. Era berean, taldeak eskatu ahala sortu ziren beharrizanei eta interesei eman zitzaien erantzuna. Begirunez egin genuen lan. Pertsonak zainduta sentitu ziren, eta laguntza- eta entzute-gunea topatu zuten, baita partaide izateko gunea ere. Beste pertsona bat zaindu ahal izateko, nork bere burua zaintzen ikastea oso inportantea dela ohartu ziren, eta euren bizitzaren protagonista sentitu. Aurreiritziak baztertu zituzten, eta euren burua onartu zuten. Besteak ere onartu zituzten, eta hainbeste bizipen mingarriz betetako motxilaren pisua arindu zuten. Askatu ziren.

Musikoterapia lan horren funtsezko oinarria izan zen. Zergatik funtzionatu du? Musikak eta soinuak pertsonengan eragina dutelako, fisikoki zein psikologikoki. Musikaren bidez, besteak beste, emozioak eta ideiak adierazi ahal ditugu, bat egin, gure fantasiak azaleratu eta gure bizitzaren momentuak eta egoerak gogora ekarri. Musika hitzik gabeko adierazpen-modu baliotsua da, eta ahalbidetzen du, kontaketa moduan barik, sentsazio edo emozio moduan pilatuta ditugun oroitzapenei ahotsa ematea. Musikak autoadierazpena eta autoestimua handitzea errazten du, pertsonen arteko komunikazioa hobetzen du, eta, bere bitartez sormenezko erantzun gehiago garatzen direnez, aurre egiteko estrategia berriak eskuratzea dakar. Horrengatik guztiarengatik funtzionatu zuen proiektuak eta emaitza onuragarriak izan zituen parte-hartzaile bakoitzarentzat.

“Musikak autoadierazpena eta autoestimua handitzea errazten du, eta pertsonen arteko komunikazioa hobetu”

Onuragarria

Taldea 11 lagunek osatu zuten. Batzuk Emaúseko erabiltzaileak izan ziren, eta beste batzuk Derioko eta inguruko herrietako biztanleak. Hurrengoak dira haiek egindako aipamen batzuetakoak:

“Gunea izan da nire burua zein beste pertsona batzuk topatzeko”. “Gordeta nituen gauza asko kanporatu ahal izan ditut. Onura handia ekarri didate tailerra egiteak eta esperientziak beste pertsona batzuekin partekatzeak”. “Oso aberasgarria izan da. Askoz hobeto sentitzen naiz”. “Topaketa bakoitzak esperientzia berria ekarri zuen. Gogo handiz etorri naiz astero tailerrera, beste pertsona batzuekin jolasteko eta barreak egiteko unea partekatzera”. “Oso ondo pasatu dut musikoterapia-tailerrean. Asko gustatu zait”.

Tailerra Eusko Jaurlaritzari esker antolatu zen, eta Elkarbideak egitasmoaren aurreko hiru edizioei jarraipena emateaz gainera, edizio horietan ikasitakoa hartu zuen kontuan. Halaber, harremanetan jartzeko eta eragiteko modu berriak ahalbidetu ditu, zeinek ekartzen baitituzte pertsonen inklusio aktiboa, komunitateak parte hartzea eta egitea, komunitatearen ehuna sendotzea eta Emaús Gizarte Fundazioaren zerbitzuen erabiltzaileak aldaketarako eragile moduan ikusgai egitea. Horrela, bada, proposamenak ekarpena egin dio komunitateari.  

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).