Kale bat, Juana Elgezabalen omenez

Aikor aldizkaria 2022ko uzt. 20a, 11:57

Txorierri Institutuko DBHko laugarren mailako ikasle batzuek lan berezia egin dute Filosofia irakasgairako. Derioko kale, auzo eta parkeen izenak aztertu, eta topatu dute emakume-izen bakarra dagoela: Arantzazu kalea. Egoera zuzentzea beharrezkotzat jotzen dute eta, hasteko, herriko kale bati Juana Elgezabal izena ipintzeko proposamena egin diote udalari.

Egitasmoaren egileak izan dira Irati Ugalde, Irene Benito, Maialen Urrutia, Amets Goitia, Lucia Vaamonde, Iraia Navas eta Ahetze Arregi. “Lorena Zorrillak eta Jon Gurreak, Filosofiaren irakasleek, izan zuten ideia. Institutuan Kabia talde feminista dago, ikasleek zein irakasleek osatuta, eta martxoaren 8ari begira otu zitzaien egitasmoa egitea”, azaldu digute. “Dena dela, ez da guk asmatutakoa izan, beste ikastetxe batzuetan ere aurretik halako proiektuak egin dira eta; batez ere Andaluzia aldean”. Lehenengo eta behin, ikasleek Derioko kale-izendegia aztertu zuten, ikusteko zenbat kalek, plazak, auzok eta parkek emakumezkoen izena duten. Horretarako, Google Maps erabili zuten, eta Derioko kale guztien izenen zerrenda ere topatu. “Gehienak mendien izenak dira. Bestalde, zortzi lekuk gizonezkoen izena dute –santuak dira guztiak–, eta kale bakar batek du emakume-izena: Arantzazu kalea da”.

“Gehienak mendien izenak dira. Bestalde, zortzi lekuk gizonezkoen izena dute, eta kale bakar batek, emakume-izena”

Derioko pertsonaia famatuen bila ibili ziren Interneten, eta azken sarreretan Juana Elgezabalekin egin zuten topo. “Derioko emakume baserritar batzuk ere agertu arren, arreta Juanarengan ipini genuen. Berari buruzko orri bat dago Wikipedian, eta zenbait egunkaritako artikuluetan ere bera aipatzen da. Irakasleak, Jonek, esan zigun beharbada interesgarria izango zela Juana Elguezabali buruzko zerbait egitea eta lanean hasi ginen”. Sarean arakatutakoaz gainera, Fernando Jimenez historialariarekin eta Cácereseko Artxibo Historikoaren arduradunarekin ipini ziren harremanetan.

“Aresti baserrikoa zen Juana Elgezabal Leginazabal, 1842. urtean jaioa. Cáceresen osaba eta izekoa zituen eta uste dugu hara joan zela senideak zaintzera. Osaba notarioa zen, diruduna, eta seme-alabarik ez zutenez, hil zirenean ilobari utzi zioten diru guztia. Antza, emakume aitzindaria izan zen: 1885ean Variedades antzokia sortu zuen Cáceresen, langileak alfabetatzen lagundu zuen, eta eskola bat ere egin, umeek ikasi ahal izateko. Nahiz eta urrun egon, ez zuen inoiz Derioko familiarekin harremana galdu, eta derioztartasuna harrotasunez eta maitasunez gorde zuen”. Elgezabal 1912. urtean zendu zen.

“Emakume aitzindaria izan zen Juana: antzokia sortu zuen Cáceresen, langileak alfabetatzen lagundu, eskola egin…”

Gazteek herriko kale bati Juana Elgezabal izena ipintzeko proposamena egin diote Derioko Udalari. “Azterketa egin ondoren, ikusi dugu Derioko kaleen eta bestelako lekuen izenetan desoreka handia dagoela gizonezkoen eta emakumezkoen izenen artean. Egoera zuzentzen hasteko, Juana Elgezabal zenari herriko kale bat eskaintzea proposatu dugu. Gainera, adierazgarria denez, derioztar garrantzitsuek ez dute presentzia handirik herrian, eta gure proposamenaren bidez hutsune biak beteko lirateke”.

Esanguratsua

Beste alde batetik, kalean inkesta ere egin diete herritar batzuei. “Galdetegia egin diegu 13 urtetik 74 urtera bitarteko 33 emakume eta gizoni. “Inkestatuen % 85ek uste dute Derioko kale-izendegian ez dagoela emakumeen presentziarik eta hori aldatzeko beharra dagoela. Nolanahi ere, aipagarria da pare bat komentario matxista jaso dugula: esaterako, 74 urteko gizon batek esan zigun bere ustez ez zegoela kale bati emakume-izena ipintzerik, emakume garrantzitsurik ez dagoelako; gizon garrantzitsuak, aldiz, bai. Era berean, hainbat adin-tartetako lagunek, gizonek zein emakumeek, adierazi ziguten gure proiektuaren helburuak berdin ziela eta ez zitzaiela inporta herri feministago bat egitea eta gauzak pixkanaka aldatzea”. Elgezabali buruz ere galdetu diete. “Azpimarratzekoa da pertsona bakar batek zuela Juana Elgezabalen izena entzuna; gainerakoek ez dute inoiz berari buruz entzun”.

“Inkestatuen % 85ek uste dute kale-izendegian ez dagoela emakumeen presentziarik eta hori aldatzeko beharra dagoela”

Deriotik urrun bizi arren, pertsona esanguratsua izan zen Juana Elgezabal, eta, institutuko ikasleen aburuz, merezi du herriko kale bati bere izena ipintzea. “Antzina ere emakume inportanteak izan ziren, baina ez ditugu ezagutzen eta ez diegu garrantzirik ematen. Gaur egun gehiago baloratzen ditugu emakumeak; lehen, aldiz, bakarrik gizona eta hark egiten zuena baloratzen ziren”. Azaldu dutenez, egindako lanaren bidez ohartu dira egunerokotasunean mikromatxismo asko daudela. “Kale gehienek gizonezkoen izena dute eta arrazoia ez da ez dela emakume esanguratsurik egon, bazik eta ez dietela kaleei emakumezkoen izena ipini nahi izan”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).