PAI BITARTEANeko erabiltzaileak ere joan dira oporretara

t eta a: Joanes Camara, gizarteratze-teknikaria 2022ko ira. 15a, 14:26

Urtero moduan, Emaus Gizarte Fundazioak Derion duen PAI BITARTEAN eguneko zentroak 15 eguneko oporraldia antolatu du eguneroko erabiltzaileentzat. Egitasmoaren helburua da udan planik ez dutenei abuztu diferente bat eskaintzea, eta ekintzak kulturari, kirolari edo gastronomiari lotuta egon daitezke.

Egitasmoan erabiltzaileek eurek hartzen dute parte: haiek aukeratzen dituzte ekintzak eta haiekin batera egiten da plangintza. Era berean, haiekin batera antolatzen da proposamen bakoitza: txartelak erostea, garraiobidea, ekintzak zenbat denbora iraungo duen kalkulatzea… Asmoa da pertsona hauen autonomia bultzatzea eta aisialdi osasuntsua antolatzeko gauza izan daitezela.

Aurten, abuztuaren bigarren hamabostaldia aukeratu genuen oporretarako. Lehen astean, Bizkaigane egitasmoa bisitatu genuen Errigoitin, eta oso interesgarria izan zen. Hura abeltzaintzako egitasmoa da eta han esneki ekologikoak ekoizten dituzte. Albaola egitasmoa ere ezagutu genuen. Egitasmoaren ardatz nagusia da Pasaian dagoen antzinako baleontziaren erreplika egitea. Azkenik, Kantabriaraino joan ginen, penintsulako labirintorik handienean barruratzera.

Bigarren astean, Urdaibaiko Bird Centerrera joan ginen txoriak behatzera eta hegaztien migrazioari buruz ikastera. Era berean, itsasontziz joan ginen Bermeotik Gaztelugatxera. Oporrak biribiltzeko, barbakoa handia egin genuen Viveron, eta Elgetara hurbildu ginen Intxorta mendiko lubakietatik bisita gidatua egitera. Izan ere, leku horretan borroka handia izan zen 36ko gerran.  

Oporraldia antolatzeak ahalegin handia eskatzen duen arren, merezi du, PAI Bitartean eguneko zentroaren erabiltzaileek interes handia azaltzen dutelako eta, hortaz, parte-hartzea handia delako. Horregatik, urteko gainerako hilabeteetan ere antzeko ekintza puntualak antolatzen ditugu  zentrora etortzen diren pertsonen gustuak kontuan hartuta.

Laburbilduz, gizartetik kanpo dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonei udan bestelako planak egiteko aukera ematea atsegingarria da oso. PAI Bitartean eguneko zentroko langileok lanean jarraituko dugu erabiltzaileei eguneroko zerbitzuez gainera aipatutako aisialdi-aukerak eskaini ahal izateko eta, horrela, gizarte-inklusioari ekarpena egiteko.