Oscar Terol, umoregilea: "Umorea behar-beharrezkoa da bizitzen jarraitzeko"

Aikor aldizkaria 2022ko urr. 18a, 11:19

Derioko San Migel jaietako pregoia Oscar Terol umore­gileak bota zuen. Duela 20 urte deitu zioten, baina ezin izan zen etorri; beraz, "zorra" ordaindu dio herriari. Gaur egun, Terol Mundos para lelos ikuskizunean dabil murgilduta, bakarrizketa musikatua dena. Donostiarrarekin hitz egin dugu, besteak beste, ikuskizun horren, arraskataren eta bizitzaren in­guruan.  

Zelan San Miguel jaietan?

Oso ondo, oso gustura, errege mo­duan tratatu nindutelako. Paseo bat eman genuen herritik, azaldu zidaten dena eta ni poz-pozik egon nintzen. Auzoak ur­te bi eman ditu jai barik eta gogotsu ze­biltzan; beraz, ni pregoia botatzeko au­keratzea oso berezia eta pozgarria izan zen. Jaiaren beste partaide bat izango ba­nintz moduan sentitu nintzen.     

Pregoia bota ostean, gelditu zinen pa­rrandan?

Kar-kar. Ez, ten­ta­zioatik ihes egin behar izan nuen. Ezin nintzen gelditu, hurrengo egunean ikuskizuna dela-eta biran atera behar nuelako, eta, hortaz, zaindu behar nuelako.   

Pregoia bota duzun lehenengo al­dia izan da. Zelan egin zenion aurre?

Ez, irailean Eltziegon (Araba) ere ibili nintzen pregoilari. Lelokeria bada ere, pregoiak ikuskizunak baino ardura handiagoa ekartzen dit. Eta batzuetan denbora gehiago ematen dut pregioa lantzen, ikuskizuna lantzen baino. Niri ziria sartzea gustatzen zait, baina pregoietan kontu handiz ibili behar da, zerbait polita eta barregarria esateko, baina, aldi berean, inor ez mintzeko. Pregoia garrantzitsua da herrientzat eta marra ez da gainditu behar, baina marra ertzean eroso nago. 

Zergatik aukeratu zintuzten? 

Duela 20 urte, Vaya semanita saioko aktoreoi deitu ziguten Deriotik, eta guztiak etorri ziren ni izan ezik. Beraz, biribila itxi dut, zorra ordaindu dut. 

Pandemiak dena jarri zuen hankaz gora. Nolako eragina izan zuen zure­gan? 

Badakit jende gehienari kalte egin diola, baina niri, lanari dagokionez, onura­ ekarri zidan: garai hartan ez nuen lanik eta etxean itxita genbiltzala bakarrizketa egitea eskatu zidaten. Emaitza polita izan zen, arrakastatsua, eta erabaki nuen ikuskizun bihurtzea. Horrela sortu zen Por comentarlo. Eta pandemia urtean, 100 emanaldi egin nituen. Gainera, beste ikuskizun bat sortu nuen eta hain zuzen ere hori nabil antzezten gaur egun. Pandemia lagungarria izan da niretzat, benetan egin nahi nuenaz jabetzeko aukera eman zidalako.  

Aipatu duzun bigarren ikuskizun hori “Mundos para lelos” da...

Bai. Gaur egungo munduari buruzko hausnarketa egiten dut, umorea eta mu­sika uztartzen. Lehendabiziko aldiz jen­daurrean gitarra jotzen dut eta nik egin­dako kanta batzuk abesten ditut. Ba­karrizketa oso formatu era­kar­garria da, ba­tez ere pandemia ga­raian, zailtasun eta eskakizun handirik ez duelako eta, on­dorioz, erraz kon­tratatzen zaituztelako.  

Bakarrizketak ez du zerikusirik tele­bis­tan egindako la­na­rekin, noski...  

Ez, inola ere ez. Telebistan jen­de asko da­go, lantalde han­diak dira, eta guztiekin ezin duzu harreman onik izan. Gainera, ugazabaren bat ere baduzu, baita ikusleak, ekoizleak, kateak... Baldintza eta kontrol gehiegi. Antzerkian, aldiz, aske sentitzen naiz, ez diot inori azalpenik eman behar eta jasaten dudan zentzura bakarra ikusleena da. Baliabide handirik ere ez dut behar.    

 

"Telebistan baldintza eta kontrol gehiegi; antzerkian, aldiz, aske sentitzen naiz"

 

Aktorea, gidoilaria, umoregilea... Zer etiketa gustuko duzun gehien?

Pertsona ontzat hartzea gustatuko li­tzaidake eta horretan gabiltza (kar-kar). Edozein izen balio zait: istorien be­rriemailea; apaltasunez, artista ere gus­tuko dut; umoregilea ere ondo dago... 

Vaya semanita saioa oso arra­kas­tatsua izan zen. Denboraren poderioz, onura ala zama da zuretzat?

Zama da horren menpe bazaude. Esate baterako, Allí abajo saioa ere arra­kastatsua izan zen, eta zoragarria da, bai­na artistok aurrera jarraitu behar du­gu. Nik hau esaten diot nire buruari: “Arra­kasta behin lortu badut; zergatik ez dut berriro lortuko?”. Bizitzak oparitzen dizkizu arrakastak, horiek disfrutatu behar dira, baina ez dugu horiei betiko lotu be­har. 

Zure ibilbidean euskaldunoi buruz egin duzu umorea. Topikoak, aldiz, dio serioak garela. Zergatik euskaldunak?

Umorea atsegin dut, eta horretarako gertu dudana erabili dut. Eta euskalduna naizenez, euskaldunok erabili ditut; bes­tela, ez nintzateke zintzoa izango. Au­ke­ra naturala izan da. Dena dela, gaur egun ez dut horrelakorik egiten, hau da, nire ikuskizun berrietan, ikuspuntu oro­korragoak erabiltzen ditut, mundu glo­balizatu batean bizi garelako eta guztion kezkak antzekoak direlako. Mundua ero dago eta horren lepotik egiten dut barre. Izan ere, umorea behar-beharrezkoa da bizitzen jarraitzeko. 

Gizarte sareetan oso kritiko ager­tu zara Gobernuarekin eta ko­mu­ni­kabideokin. Zerbait esan nahi duzu?

Bai, kritikoa naiz. Azken urte bio­tan pandemian bizi izan gara eta ko­munikabideetan, oro har, pentsaera ofi­zia­larekin bat ez zetozen ahotsik ez da en­tzun. Ez da eztabaidarik egon. Aukera guztiak aurkeztu behar dira eta horren ara­bera herritarrak erabakiko du zer egin. Ko­munikabideek ez dute jarrera kritikorik azaldu, doktrinatu nahi izan gaituzte eta ho­rrek fanatismora bideratzen du. Ez na­go ados horrekin.   

Umorea beti jorratu duzu. Ez duzu inoiz zerbait dramatikoagoa egin nahi izan?

Ez, mundua bada dramatikoa, drama gehiegi dago. Barrea nahiago dut, eta tau­len gainean zaudela jendeari barrea era­gitea sentsazio ederra da. Guztiok bi­zitzan behin hori sentitu beharko ge­nu­ke. Zoragarria da. 

 

“Munduan drama gehiegi dago. Barrea nahiago dut, jendeari barrea eragitea sentsazio ederra da”

 

 

Ume zoriontsua

Oscar Terol Goicoechea (Donostia, 1959) Lourviers taldean hasi zen Javier Merino y Lourdes Bediarekin batera, eta geroago arrakasta batzuk lortu ditu telebistan, batez ere Vaya semanita eta Alli abajo. Donostiarrak autodidaktatzat jotzen du bere burua. "Gaztetan lagunekin saioak egiten genituen antzerkietan eta tabernetan. Jolasa baino ez zen, baina bat-batean, egun batetik bestera, jolasa ogibide bihurtu zen. Ez dut inoiz erabaki kontziente bat hartu, baina oraindik gustatzen zait jendeari barrea eragitea. Jolasten den umea bezala sentitzen naiz, baina nire kasuan, jolasak bizimodua ateratzea ekartzen dit eta zoriontsu egiten nau".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).