“Ikasleen harrera oso ona izan da. Palencianok eskerrak eman dizkie erakutsitako arreta eta errespetuagatik eta ondorengo solasaldian azaldu dituzten interesagatik eta galderengatik”, aipatu dute antolatzaileek. Izan ere, bakarrizketa horretan, bere lehen ezkongai-harremanetan izandako bizipena kontatzen du Palencianok: harreman horrek sei urte iraun zuen eta bortitz bihurtu zen. Bere bizipen pertsonala abiapuntutzat hartuta, baliatzen ditu umorea, ironia eta publikoarekiko interakzioa, indarkeria matxista hausnartzeko.
“Filosofian Mintegian ere oso pozik gaude: zazpi urte generamatzan aukera honen atzean eta azkenean egia bihurtu da. Gaia ikasgelan prestatu dugu eta hurrengo egunetan ere bakarrizketan bizitakoaren inguruko elkarrizketarako eta hausnarketarako guneak sortuko ditugu ikasgelan”. Azaldutakoaren arabera, Balio Etikoetako irakasleek liburu-zerrenda aurkezten diete DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei, haien artean aukeratu dezaten. “Zerrenda horretan dago Pamela Palencianoren eta Yvan Larreunagaren Si es amor, no duele liburua eta askok aukeratzen dute”.
Ekintza Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira antolatu da, Kabia talde feministaren laguntzarekin. Bestalde, Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak diruz lagundu dio.