“Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren maila amaituta, ez nuen oso argi zer egin. Bulego batean egotea ez da nire gustukoa; niri gauzak egitea eta eraikitzea gustatzen zait, eta zer ikasi pentsatzen nenbilela, karrozeria erdi-mailako graduaren berri izan nuen. Autoak gustatzen zaizkit eta interesgarria iruditu zitzaidan horien txapa konpontzea eta margotzea”, azaldu digu. Ikasketak Faduran egin zituen eta, aipatu digunez, hasieran asmo txarreko komentarioren bat entzun zuen ikaskide batzuen ahotik. “Neska bakarra nintzen eta batzuek esaten zuten ez nuela bertan ezta bi astebete ere iraungo. Bada, bertan ezta hilabete bat ere iraun ez zutenak eurak izan ziren; nik, berriz, gradua amaitu nuen. Dena dela, orokorrean ondo konpondu naiz ikaskideekin: hasieran arraro iruditzen zitzaien ikasgelan neska bat egotea, baina gero ondo. Praktikak Derioko tailer batean egin nituen, eta bertan ere ondo. Hala ere, pandemiak eta konfinamenduak harrapatu gintuzten eta ezin nuen praktikaldi osoa bete”.
“Ikasgelan neska bat egotea hasieran arraro iruditzen zitzaien arren, orokorrean ondo konpondu naiz ikaskideekin”
Ikasten jarraitu zuen derioztarrak, eta automozio goi-mailako gradua egin. “Basaurin egin nuen eta ikasgelan hiru neska geunden. Karrozeriaz gainera, mekanika ikasi genuen, elektrizitatea… Egia esan, gradu hori kuriositategatik egin nuen, baina niri benetan gustatzen zaidana karrozeria da”. Praktikak Italian egin zituen Eramus programari esker. “Han itxiagoak dira. Antigoaleko pentsaera dute eta komentario itsusiak entzun nituen; esaterako, ezin izango nuela hau edo bestea altxatu, indarra bakarrik gizonezkoek dutelako. Baina nik erakutsi nien pisuak altxatzeko gauza nintzela: emakume handia naiz eta indarra dut”.
Udaren ostean, lanean hasi zen, praktikak egin zituen Derioko tailerrean. “Baina irailaren azken egunean paperak atera zizkidaten, eta adierazi nire kontratua bertan behera geldituko zela. Esan zidaten nahiago zutela lehen mailako ofizial bat kontratatu aprendiz bati irakatsi baino. Egia esan, ez dut uste emakumea naizelako kaleratu nindutenik; ez dut uste horrekin arazorik zutenik… Baina, hala ere, hasieratik zekiten ni aprendiza nintzela… Harrezkero gogoa galdu dut, apur bat…”. Nolanahi ere, curriculumak botatzen dabil. “Aitzakia hau ipintzen didate orokorrean: tailerrean emakume bat egoteak arazoa ekartzen du, ez dutelako guretzako aldagelarik. Antza denez, oso arazo handia da haientzat; nik, berriz, uste dut konponbidea topatu daitekeela: adibidez, komun edo beste guneren bat atontzea edo aldagela gizonak ez daudenean erabili… Beste aldetik, tailer batean komentario positiboa jaso nuen: esan zidaten ez zutela aprendiz gehiagorik behar, baina sektore honetan lan egitera ea neska gehiago animatzen ziren”.
“Aitzakia hau ipintzen didate: tailerrean emakume bat egoteak arazoa ekartzen du, ez dutelako guretzako aldagelarik”
Desengainatuta
Lan bila jarraituko duen arren, aitortu digu desengainatuta dabilela. “Gogo handia nuen irailaren hasieran: lanean nenbilen, berriro kirola egiten… Bueno, ea karrozari moduan lana ateratzen zaidan! Bitartean, oposizioak prestatzea erabaki dut. Irakaslea izateko ikastea ere aukera izan daiteke, eta karrozeria irakatsi… Edo tailerra zabaltzea. Ez dakit… Izan ere, aitortu behar da lan gogorra ere badela: hauts asko irensten da, produktu toxikoak, sorbaldako mina izaten da… Ikusiko dut”.
Benetan gustatzen zaiolako erabaki zuen karrozeria ikastea. “Egia da tradizioz batez ere gizonak bideratu direla sektore horretara, baina zergatik ez dugu emakumeok egingo benetan gustatzen zaiguna? Egin nahi baduzu, egin. Buzoa jantzita sartu naiz trenean eta jendeak nahiko harrituta begiratu dit. Gainera, nire burua apaintzea gustatzen zait eta ingurukoei atentzioa ematen die nik tailer batean autoen txapa konpontzen lan egin nahi izateak: niri ez zait inporta buzoa ipini eta eskuak zikintzea”.
Saskibaloi-jokalaria
1,80 metroko altuerako emakumea da eta, nola ez, saskibaloi-jokalaria. “Familia osoak jokatu edo jokatzen du saskibaloian: amak zein aitak eta nebak. Talde batzuetan egon arren, Mungian eman ditut urte gehien. Duela urte eta erdi, osasun-arazoengatik utzi behar izan nion saskibaloian jokatzeari, baina aurtengo denboraldian itzuli naiz eta oso pozik nago. Txorierri taldeko entrenatzailea ere izan naiz; umeen entrenatzailea, hain zuzen”.
Karrozari ona dela dio, baita saskibaloi-jokalari ona ere. “Liga Berezian gaude eta apur bat korapilatsua da, oso maila altuko taldeak daudelako. Ea zelan irtetzen den! Saskibaloian ahal dudan arte jarraituko dut, modu ona delako burua bizkortzeko eta kezkak alde batera uzteko. Ondo pasatzea dut helburu, eta lehiatzea. Dena dela, futbolean ez bezala, saskibaloian ez dago aukera handirik; are gutxiago, emakumezko taldea bada”.