Urrian, Arantzazun elkartu ginen egun bitan, eraldatzeko agenda partekatuak eraikitzeko eta gure lubakitik atera eta beste gizarte-aldarrikapen batzuekin bat egiteko. Zehatz-mehatz, aztertu genuen gizarte-eragileok unibertsitateari zelan lotu gaitezkeen, elkarri adorea emateko eta elkarrekin batera gizarte-eraldatzeari ekarpena egiteko.
Bestalde, Boaventura de Sousa Santos soziologo portugaldarrak –UPMSko sortzaileetako bat izan zen 2003. urtean– eskaintzen duen “bozgorailuaz” baliatuta, Donostian eta Bilbon konferentzia publiko bana egin zen, hainbat elkarrizketa interesgarrien bidez gizarteak prestatzen genbiltzan gisatuaren usaina aditu ahal izateko. Era berean, Boaventura elkarrizketatu genuen Ganbara Gizarte Irratian; eta bai, neuri egokitu zitzaidan bera elkarrizketatzea.
Astelehen goiza da eta Joanesek prest du aste honetarako elkarrizketa. Hau bai “marroia”! Izan ere, Miguel Ángel kideak eta biok egin ohi ditugu elkarrizketak, baina hau neuk bakarrik egin beharko dut. Boaventura de Sousa Santos nor den han eta hemen arakatzen hasi naiz. Berari buruzko informazioa topatzen joan ahala handitu da nire harridura: goren mailakoa da soziologian eta bere lana mundu osoan hartu dute aintzat. Gainera, honoris causa doktorea da Costa Ricako Unibertsitatean, eta hainbat lan argitaratu ditu, besteak beste, globalizazioari eta giza eskubideei buruz. Nolanahi ere, itxura ona hartu diot hurrengo honengatik: hegazkina ordubete barru hartu behar duen arren, gure irrati txikira etorri nahi izan du Albertok lagunduta (Emaús-Gipuzkoa), UPMS zer den azaltzeko. Portugaleko soziologoak kontatu digu langileen familia xume batean hazi zela eta goi mailako ikasketak egin zituen inguru hurbileko bakarra izan zela. Munduko unibertsitaterik inportanteenetan egindako ibilbideari buruz ere hitz egin dugu, eta, UPMS unibertsitatearen bultzatzaileetako bat izan zen heinean, Euskal Herrian egindako azken jardunaldiak nola bizi izan dituen. Era berean, azpimarratu du gizartea eraldatzeko ezinbestekoa dela guztion artean unibertsitate kritikoak, inklusiboak eta partizipatiboak eraikitzen jarraitzea.
Nerbioak dantzari izan ditut goiz osoan: informazioa birpasatzen ibili naiz, galdezka… Elkarrizketak ordu-erdi baino gutxiago iraun du, baina berarekin emandako minutu bakoitza gozatu dut. Bera ere oso eskertuta azaldu da gure irratira gonbidatu izanagatik. Berriro itzuli nahi duela esan digu. Baita neuk ere!