Pozgarri areto-futbol klubak 25 urte bete ditu

Derioko makina berdea

Aikor aldizkaria 2022ko abe. 7a, 11:53

Duela 25 urte, Derioko lagun talde batek kirola egiten jarraitu nahi zuen eta, horretarako, areto-futbol talde bat sortu zuen. Herriko taberna bat hartu zuten babesletzat eta handik, baita izena ere. Gaur egun, Pozgarri taldeak klub egonkorra da eta egitura sendoa du. 

Inter Movistar talde madrildarra mun­duko areto-futbol klubik onenetari­koa da. Estatuan, besteak beste, 23 Liga eta 16 Kopa irabazi ditu; eta nazioartean, sei aldiz lortu du Europako Kopa, eta bost, Mundukoa. Orain, babesleak hala esanda, urdinez janzten dute, baina normalean kamiseta berdea izaten da. Eta horregatik, makina berdea esaten zaio. Derion ere badugu areto-futbol taldea, Pozgarri, eta bere janzkera ere berdea da. Ez du In­terrek beste liga irabazi, baina aurten 25 urte bete ditu. Eta ez da marka makala, ez horixe!

"Ez da erraza hainbeste urtetan au­rrera egitea, ez. Lan handia egin behar da eta leku batetik eta bestera ibili", esan di­gu Unai Ezkurra klubaren presidenteak. Pozgarri taldea egitura sendoa da; guztira, bost taldek gehi eskolak osatzen dute kluba: lau gizonezkoak eta beste bat, ema­kumezkoa. Gizonezkoen talde bat gazte maila­koa da eta beste hirurak, senior kategoriakoak: A taldea Euskal Ligan dabil; B taldea, Lurraldeko Lehenengo Mailan; eta C taldea, Lurraldeko Lehenengo Mailan. Guztira, 60-70 jokalari eta beste 20 lagun inguru daude klubean: 14 teknikari, bost batzarkide eta beste laguntzaile bi. "Lagun-talde polita eta konprometitua osatu dugu". 

"Kluba indartzeko, egitura sendoa izan behar du eta, horretarako, taldeak ka­tegoria guztietan izan behar ditu, ema­kumezkoak barne". Pozgarrik 2006an sortu zuen emakumezkoen taldea, baina urte bi beranduago desagertu zen. Eta 2018an taldea berriro sortzeko aukera izan zuen. "Bilbo taldea Estatuko Lehenengo Mailara igo zen eta gu filialtzat hartu gintuen. Ur­te polita izan zen eta gaur egun Bilbok ez du gurekin jarraitzen, baina neskek bai, ordea. Talde gaztea da eta etorkizun oparoa du". 

Unairen esanetan, klubak herriko ba­besa sentitzen du. "Batetik, udalak la­guntza ematen digu: kiroldegia uzten di­gu, eta gure beharra handiago egin aha­la, ordu gehiago eskaini digu; bestetik, merkatariek babes ekonomikoa ematen digute. Egitura sortzea erraza da, baina ge­ro hori elikatu behar da eta horretarako dirua behar da: fitxak ordaindu behar di­ra, epaileak, jantziak, Federazioaren zi­gorrak...". Hori bat dator klubaren fi­losofiarekin. "Gu derioztarrak gara eta he­rrikoak dira gure partaide gehienak. Ho­rrek harrotu egiten gaitu. Hirugarren za­tia garrantzitsua da eta partiden ostean, poteoa egiten dugu herritik. Horrek nor­tasuna ematen dio taldeari". 

 

"Partaide gehienok derioztarrak gara. Horrek harrotu egiten gaitu eta nortasuna ematen dio taldeari"

 

Eskola

Pozgarrik bide horri jarraitu nahi dio eta horretarako areto-futbol eskola indartu. Pandemiak kalte handia ekarri zien, eskola urte horretan bertan, 2020an, martxan jarri zutelako, baina apurka-apurka neska-mutilak dabiltza berreskuratzen. "Umeek primeran pasatzen dute gurekin. Inguruko eskoletara gutunak bidali dizkiegu, areto-futbolaren abantailen berri emateko: barruko kirola denez, jokalariak ez dira hotz eta ez dira inoiz bustitzen; halaber, jokalari guztiek hartzen dute parte. Eta hori ez da futbolean gertatzen, esate baterako, kirol federatuan, gutxienez. Gure kirolak marketinik eza du. Pozgarri taldea ezaguna da herrian, baina gurasoek ez dakite noraino heltzen den gure egitura. Kategoria altuenean jokatzen duen klub derioztarra gara, esate baterako, Derio futbol taldearena baino altuagoa da gurea". 

Ezkurrak ia 20 urte daramatza taldean eta lekukoa atzetik datozenetako baten bati eman nahiko lioke. "Nekatuta nago eta jende berria sartzea onuragarria izan­go litzateke: ilusio berriak, ideia be­rriak...". Dena dela, baikortasunez be­giratu dio etorkizunari. "Klubak hazten jarraitzea na­hiko nuke. Eta egiturari eustea ez ezik handiagoa izatea ere gustatuko li­tzai­dake". 

 

Urteurrena

Pozgarrik 25 urte bete ditu aur­ten eta, hori ospatzeko, ekitaldiak an­tolatu dituzte lau epetan. "Le­hen­engoan, ekainean, kategoria guz­tietako taldeek (gizonezko talde se­niorrak izan ezik) txapelketa batean har­tu zuten parte. Bizkaiko hainbat tal­de etorri ziren, baita Castro tal­de ospetsua ere. Oso polita izan zen. Bigarrenean, irailean, beste txa­pelketa bat antolatu genuen senior ka­tegorian. Han, Hegalariak eta Gi­puz­koako Goierri taldea aritu ziren. Giputzak Hirugarren mailan daude. Par­tidak jokatu eta gero, herri paella antolatu genuen eta udalak oparitxoa eman zigun. Oso gustura egon ginen. Azkenik, abenduan, lagunarteko par­tidak egin nahi ditugu kategoria guz­tietan. Campus bat egitea ere gus­tatuko litzaiguke. Eta dena biri­bil­tzeko, ekainean beste gauza bat an­tolatu nahi dugu, baina oraindik ezin dut ezer esan horren inguruan", esan du Unai Ezkurra presidenteak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).