Zelan Derion?
Oso ondo, Gabonetan etenaldi txiki bat egin genuen, eta urteko lehenengo emanaldia Derion izan zen. Publikoa ere oso animatuta egon zen eta oso giroa polita sortu zen antzokian. Gozagarria izan zen.
Antzezlana jatorriz Kataluniakoa da. Zaila izan zen Euskal Herrira egokitzea?
Bai, antzezlana Ramon Madaulak idatzi zuen eta istorioa Katalunian gertatzen da. Hala ere, antzezlana Estatu osoan egiten da eta lekuaren arabera, gauza batzuk aldatu egiten dira. Jatorrizko bertsioan, esate baterako, sugusak jaten dituzte; eta Euskal Herrikoan, gominolak. Gainera, gurean familiak Sagasti du izena. Lelokeriak dira, baina tira... Joseba Apaolaza eta Martin Agirre ibili dira jo eta ke egokitzapen-lanak egiten.
Antzezlana gaztelaniaz eta euskaraz egiten duzue. Badago alde handirik? Zeinetan sentitzen zara gusturen?
Tira, ezberdinak dira. Aktoreontzat zaila da bertsio biak ikastea, batzuetan nahaste-borraste ederra dugulako. Nahi gabe hasten zara euskaraz eta tartean gaztelaniazko esamoldeak sartzen dituzu (kar-kar). Adibidez, abenduan ez genuen antzezlanik egin; eta urtarrilean, lehenengoa, Derion, gaztelaniaz; eta bigarrena, Beasainen, euskaraz. Dena dela, publikoak primeran pasatzen du, bai gaztelaniaz, bai euskaraz.
Antzezlan batzuk eginda dituzu. Zer deritzozu zure ibilbideari?
Pribilegiatutzat hartzen dut neure burua, ikasketa bukatu eta berehala lanean hasi nintzelako. Gainera, jende zoragarriarekin lan egiteko aukera izan dut, eta asko ikasi dut. Proiektu bakoitza desberdina da, abentura handia. Antzerkiak xarma berezia du, beti zerbait berria ikasten duzulako. Iaz, sei hilabete eman nituen biran El Reino-Erresuma antzezlanarekin: egon ginen Madrilen eta Bilboko Arriaga antzokian, eta Kanarietan bukatu genuen. Entseguekin hasi ginenetik azken saioa egin arte, hainbat gauza aldatu ziren. Hori antzerkian askotan gertatzen da eta polita da.
"Pribilegiatua naiz, zorte handia izan dut, ikasketa bukatu eta berehala lanean hasi nintzelako”
Zuzendari ere ibili zara…
Ai ama, bai (kar-kar). Antzerki laburren jaialdian ibili gara Bilboko Pabiloi 6 aretoan. Gainera, beste proiektu propioan nago Nerea Gartziarekin batera, Bibitxa. Pandemian hasi ginen lantzen eta dena egiten dugu guk: inprobisazioa, gidoia, zuzenketak, zuzendaritza... Azken urteotan, antzoki txikietan aurkeztu dugu (Ondarroa, Markina, Getaria…). Testua bizkaieraz dago, sustraiak hemen ditugu eta; beraz, batez ere Bizkaiko antzokietara eraman nahi dugu.
Aktorea izateaz gainera, kazetaria ere bazara eta irratian egin duzu lan…
Beti izan dut irratirako grina, beti izan dut argi entretenitu nahi nuela, bai irratian, bai antzerkian. Irratia nire bigarren etxea da; gaur egun, kolaborazio txikia egiten dut astean behin, Iban Fernandezen, Maite Garmendiaren eta Alain Perezen Gu saioan. Ez dut irratia betiko laga nahi. Harrapatzen zaitu, gertua delako; etxean egoteko modukoa da.
"Irratiak harrapatzen zaitu, gertua delako; etxean egoteko modukoa da"
Eta telebistan ere bai…
Bai, lehen esan dut oso zorte ona izan dudala, denetarik egiteko aukera eman didatelako. Eta oso eskertuta nago horregatik. Azkena Zurekin bat! lehiaketa izan da. Ez dut inoiz lehiaketa bat egin, baina proposatu zidatenean ez nuen birritan pentsatu. Eta oso pozik ibili naiz. Denetarik egin dut, pozik nago, horrek ikasteko aukera eman didalako. Ezin naiz geldirik egon eta gauza berriak ikastea izugarri gustatzen zait. Horregatik sentitzen naiz hain eskertuta eta hain zoriontsua.
Aktoreek Madrilen duzue lan-iturria Estatuan. Baduzu hara joateko asmorik?
Ez. Nire lekua hemen dago. Badakit aktoreok leku batetik bestera ibili behar duzula, eta gustura nago horrekin. Baina itzultzeko ordua datorrenean, ni etxera joango naiz.
Komunikatzeko grina
Ainhoa Etxebarria Gómez (Ondarroa, 1993) saltsa guztietako perexila da: alaia eta berritsua da eta, beraz, ez da harritzekoa komunikazioan lan egitea. Gaztetan, Kazetaritza eta Arte Dramatikoa ikasi zituen eta harrezkero ogibide biak uztartu ditu. "Lehenik eta behin 'Ondarruko alabea' naiz (kar-kar). Ni aktorea naiz, irratian eta telebistan ere pertsonaiak jokatu ditudalako. Baina komunikatzailea ere banaiz, aktorea izatea hori ere badelako, publikoari mezuak helaraztea. Gauza biak eskutik helduta daude", esan digu.
Etxebarriak, besteak beste, Erresuma, Tres mujeres eta Obabakoak antzezlanetan hartu du parte, baita Goenkale eta Kartzela telesaioetan ere. Telebistan, aurkezle eta kolaboratzaile ere ibili da zenbait saiotan: El conquis, Zurekin bat!... Gabon Zaharreko saio berezia ere aurkeztu zuen 2022an. Era berean, irratian, Euskadi Gaztean ibili da lanean. Falta zaizkion komunikabide bakarrak egunkariak eta aldizkariak dira. "Errespetua diot prentsa idatzian lan egiteari. Izan ere, edozer gauza adierazteko, nik hitza nahiago dut: txarto ulertzen badidate, momentuan azaltzeko aukera dut; idatzita badago, aldiz, ez dago zuzentzeko erarik".