Aikor! aldizkarian irakurtzen zabiltzan artikulu hau da adibideetako bat. Beste adibide bat da Ganbara Gizarte Irratia podcast-a, zeinean Derioko eguneko zentroren erabiltzaileek esperientziak partekatzen baitituzte YouTube, Spotify eta Soundcloud plataformen entzuleekin. Askoz adibide gehiago daude, baina lerro hauetatik azpimarratu nahi dugu amaitu berri dugun egitasmoa: gure erabiltzaile batzuetako testigantzak grabatzea. Elkarbideakek eta Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundu diote egitasmoari, eta helburua izan da pertsona horien bizipenak eta aholkuak partekatzea, ulertu dezagun haiek ere gizartearen parte direla eta, gainerakook bezala, begirunea eta tratu duina merezi dutela.
Lehenengo eta behin, gure zentrora etortzen diren pertsonei eman genien egitasmoan parte hartzeko aukera, euren egoera ikusgai egiteko eta euren bizitzari, gustuei eta zaletasunei buruz hitz egin zezaten. Baita euren testigantza entzuten zutenei mezua helarazi ziezaieten ere. Batzuek atsegin handiz onartu zuten proposamena. Hala ere, hizpide oso kontu pertsonalak izango zituztela kontuan hartuta, Derioko eguneko zentroaren psikologoarekin prestatu zituzten galderak eta erantzunak. Egia esan, hasieran zalantzak agertu zituzten arren, parte-hartzaileak erabat motibatuta sentitu ziren, gazteei eta egoera zail batean egon zitekeen jendeari diskurtso argia helarazteko.
Hortaz, Aritz Albaizar ikus-entzunezko produktoreak lagunduta, Ikusten nauzu? lana egin dugu. Ikus-entzunezko lana da eta hala eskatzen duten ikastetxeetan ikusi ahalko da. Era berean, PAI Bitartean zerbitzuak parte hartzen duen hitzaldietan eta heziketa-saioetan ere erabiliko da. Parte-hartzaileek bihotz-bihotzetik hitz egin dute eta hori ez da erraza izan; lana ikusi ahal izan dugunontzat, bestalde, oso hunkigarria eta hezigarria izan da.
Amaitzeko, espero dugu egitasmo hau eta beste batzuk lagungarriak izatea gizartea sentikor bihurtzeko eta, pixkanaka-pixkanaka, gizartetik kanpo dauden edo gizartetik kanpo egoteko arriskuan dauden pertsonak gure artean gero eta ikusgaiago izateko.