Aiartza basoa

Bizitzaz betetako miraria

Aikor aldizkaria 2023ko api. 5a, 09:33

Txorierriko eta Uribe Butroeko hiru eragilek indarrak batu dituzte, eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote Derioko Aiartza basoa dagoen lursaila erosi dezan, ingurua babesteko eta suspertzeko. Egitasmoaren bultzatzaileen esanetan, Aiartza basoa biodibertsitate handikoa da eta beldur dira babesik ezak eta erabilera okerrek ingurua hondatzea ekarriko ez ote duten. Derioko Udalari ere eskatu diote basoa babesteko. Euren eskutik ezagutu dugu hain baso berezia.    

Basoaren ondoko aparkalekuan batu gara Andres Baños derioztarrarekin (egitasmoaren alma materra), Juanan Diezekin (Zizegorri Zamudioko mikologia elkartea) eta Eduardo Urturirekin eta Cristian Lertxundirekin (Butroi Bizirik en Transición elkartea). Maldan gora gidatu gaituzte Aiartza basora ailegatu garen arte.

Kontatu digutenez, Aiartza basoak 37 Ha ditu eta bertan dagoen dibertsitatea dela-eta ingurune garrantzitsua da oso. Basoan 30 zuhaitz-espezie daude, hala nola haritz kanduduna, urkia, gorostia, gaztainondoa, artea eta pagoa. Gainera, errekaren ibilgailuan zehar daude haltzak, sahatsak, makalak eta lizarrak. Baso gaztea da eta, ziur asko, joan den mendeko 70eko hamarkadan sortu zen, inguruko txilardiak, zelaiak eta baserriak abandonatu zirela. Ondoren, Bilboko Udalak eskuratu zuen, hasieran hilerritzat erabiltzeko, eta gero, han udal-mintegia kokatzeko. Hortaz, basoaren ondoan beste 15 Ha daude, eta horietan hazi dira, besteak beste, Virginiako tulipak, Japoniako kameliak, izeiak edo Mexikoko pinu negartiak; guztira 40 zuhaitz-espezie baino gehiago.

Basoak 37 Ha ditu eta bertan 30 zuhaitz-espezie daude, eta halako inguruneetan ohikoak diren animaliak

Zuhaitzak ez ezik halako basoetan ohikoak diren animaliak ere badaude Aiartzan. Pazientzia izanez gero, eta arretaz entzuten eta begiratzen badugu, hegazti asko aurkituko ditugu bertan: eskinosoa, zozoa, txepetxa, okil berdea, txantxangorria eta txinboa; era berean, baliteke gabiraiak eta urubiak ere egotea. Ugaztunei dagokienez, gehienbat azeriak, basurdeak, orkatzak eta azkonarrak ikusi daitezke basoan. Narrastiak ere badaude, esaterako, zirauna, Seoaneren larrasugea eta musker berdea; eta anfibioak: apoa eta uhandre palmatua. Lekurik heze eta urrunenetan arrabioak egon litezke. Bestalde, Aiartzako errekan ezkailuren bat egon daiteke, baina deforestazioaren ondorioz jauzitako lurrak eta harriek zail bihurtzen dute bertan bizitza egotea. Azaldu moduan, 90eko hamarkadaren hasierara arte karramarroak topatu zitezkeen errekan; halaber, habitat egokia zen bisoi europarrarentzat, Asua ibaitik hurbil dauden gune batzuetan ikusi dena.

Arriskuan

“Baso misto atlantikoa da, aniztasun handiena duten penintsulako basoetako bat. Egia esan, mirari txikia da, bizitzaz betetako desertu txikia. Oso zaila da halako baso bat Bizkaian topatzea. Orokorrean, gure lurraldeko basoak egoera txarrean daude: txikiak dira eta sakabanatuta daude; espezie exotiko inbaditzaileen mehatxupean bizi dira, baso-monolaborantzaren mehatxupean… Kontrolatu gabeko hondakinek ere asko kaltetzen dituzte gure basoak, baita ingurumenarekiko adeitsuak ez diren hirigintza-jarduketek ere”.

“Baso misto atlantikoa da, aniztasun handiena duten penintsulako basoetako bat”

Euren hitzetan, Aiartza basoa egoera onean dago orokorrean. Hala ere, basoa arriskuan ipintzen duten alderdiak daude. “Alde batetik, espezie inbaditzaileak –gereziondoak, mimosak, eukaliptoak…–  arriskutsuak dira basoaren biodibertsitaterako; bestetik, mintegietako instalazioak abandonatu dira eta, ondorioz, mota askotako hondakinen zabortegi bihurtu dira: plastikoa, botilak, latak… Horrezaz gainera, moto-krosean eta quadean ibiltzen dira inguruan, eta Gabonetan gorosti-adarrak hartu ohi dira. Aipatutako arrazoi horiengatik, eta eragiten duten sute-arriskua saihesteko, premiazkotzat jotzen dugu Aiartza basoa babestea, kontserbatzea eta zentzuz erabiltzea . Gure ustez, oso gune garrantzitsua da eta bere etorkizuna bermatzen duen babes publikoa behar du”.

“Oso gune garrantzitsua da eta bere etorkizuna bermatzen duen babes publikoa behar du”

Hori dela eta, eskaera egin diote Bizkaiko Foru Aldundiari, basoa dagoen partzela erosi dezan. “Mendiak erostearen aldeko kanpaina sustatu du Aldundiak, lurraldeko basoak handitzeko, eraldatzeko, hobetzeko eta kontserbatzeko. Gure iritziz, Aiartza basoak lekua du kanpaina horretan, izan ere, balio natural nahia du, Bizkaian babestu beharreko natura-guneen sarea handitzeko orduan, kontuan hartzekoa”. Derioko Udalari ere egin diote eskaera, Klimaren eta Energiaren Planaren barruan Aiartza basoa sartu dezan.

Babesa

“Basoa babesteko eta hura zein bere ingurua garbitzeko eta zaintzeko eskatzen dugu. Eskaera basoaren dibertsitatearen eta natura-balioetan oinarrituta egiten dugu, eta erabilera okerren ondorioz eta babesik eza dela-eta etorkizunean hondatu dadila saihesteko”. Aiartza basoa babesteko eta hobetzeko eskaerak Txorierriko eta inguruko 24 eragileren babesa jaso du; haien artean daude Gurpide Larrabetzuko ekoizleen eta kontsumitzaileen elkartea, Ekologistak Martxan, Tximintx Derioko euskara-komunitatea, Emaús, Elgoibarko Baso Biziak eta Sare Berdeak.

“Basoa babesteko eskaerak Txorierriko eta inguruko 24 eragileren babesa jaso du”

Basoan barrena gabiltzala, antzinako baserri baten eta errota baten hondakinak ikusi ditugu. Ibilaldi polita eta lasaia da, zuhaitzen artean, eta arretaz jarraitzen diegu gidarien hamaika azalpenei. Hala ere, mintegia zegoen ingurura hurbildu ahala, zaborra alde guztietatik azaltzen hasi da. Aurreko lerroetan aipatutako erabilera okerren ondorioak ikusi ditugu bertatik bertara: mintegiko instalazioak plastikoz, botilez, kristalez, zaramaz… beteta daude. Azaldu digutenez, pandemiatik ohikoa da lagun-koadrilak bertan elkartzea botiloia egiteko. Festa amaituta, ez dute zaborra jasotzen, eta erakundeek ere ez dute lekua garbitzen; gainera, baten bati otu zaio lekua zabortegitzat erabili dezakeela.

Hain paseo polita egin ostean, ingurua horrela ikusteak pena eragiten du benetan. Basoan gidari izan ditugun lagunek esan digute laster garbitze-lan sinbolikoak egiteko asmoa dutela, eta erakundeei eskatuko dietela inguruaren garbiketan parte hartzeko. Ohiko bideen bitartez jakinaraziko dute garbitze-lanak noiz eta zein ordutan egingo dituzten. Bai, Aiartza basoa berandu baino lehen babestu eta zaindu beharra dago.   

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).