"Hamahiru-hamalau urte nituela, rapa entzuten hasi nintzen lagunekin. Besteen kantak entzun eta gero, animatu nintzen abestiak egitera, batez ere, triste nenbilenean: oinarriren bat hartzen nuen eta kantak osatzen nituen. Ondoren, lagunei abesten nizkien eta kantak zabaltzeko esan zidaten, identifikatuta sentitzen zirelako". Horrela egin zen rapero Aitor Merodio derioztarra (1998). Rapean, beraz, "apurka-apurka" sartu zen, prozesu natural baten ondorioz: entzule zaletua izatetik oholtzara igotzera eta kantak jendaurrean abestera. Ibilbide horretan, Merodio bere buruaren kontra sartu da lehian. "Hasieran kantak entzuten dituzu; geroago, kantak sortu; eta azkenik, denboraren poderioz, gero eta hobeto egiten duzu; eta hurrengo kanta aurrekoa baino hobea izan behar da".
Merodio ez da rapero profesionala; gustatuko litzaioke, baina "musikatik bizimodua ateratzea oso zaila da". Merodiok musika, eta batez ere zuzenekoa, atsegin du. "Barruko sentimenduak azalaraztea eta jendeak esaten duzunarekin bat egitea itzela da. Eta hori batez ere kontzertuetan ikusten da. Bertan jendeak zuzenean ikusten zaitu, ez sakelako telefono batean. Kontzertuek erakusten dute erreala zarela eta benetako artista zarela".
Lehenengo kontzertuak 2019an hasi zen ematen, baina pandemiak ibilbidea puskatu zion. Horren ostean, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean aritu da, besteak beste. Guztira, 12-14 kantek osatzen dute Merodioren errepertorioa. Lehen, diskoak ateratzen ziren; gaur egun, aldiz, musika-industrian abeslariek single-ak ateratzen dituzte, hau da, kantak banan-banan plazaratzen dituzte, baina derioztarrak diskoa atera nahiko luke. “Diskoetan kantek lotura dute, ideia nagusia. Bestetik, dirua eta denbora ere funtsezkotzat joko nituzke, diskoa aurrera ateratzeko”.
Merodiok "Mero NK" du izena Instagramen eta Twitterren, baita Spotifyn eta Youtuben ere. “Gizarte sareak oso tresna erabilgarriak dira. Zure musika zabaltzeaz gainera, beste musikari batzuekin zabiltza harremanetan. Eta musikari esker, jende piloa ezagutu dut, eta lagun asko egin. Izan ere, kuadrillak ditut Galdakaon, Barakaldon... Musikak ez dizu agian dirurik emango, baina batzuetan lagun onak irabazten dituzu, eta hori ez da makala!”.
Rap mamitsua
Rapero derioztarrak gehienbat gaztelaniaz abesten du, erosoago sentitzen delako. Bere esanetan, rapa musika baino askoz gehiago da. “Kultura bat da, nire bizitza kontatzeko tresna bat: lanik ez badut eta gobernua nire kontra agertzen bada, horren haritik kantatuko dut. Nire errealitatearen isla izango da”. Hala ere, rapari lotutako etiketa batzuk ez zaizkio batere gustatzen. “Aurreiritzi asko daude eta batzuk guk geuk, raperook, zabaldu ditugu: droga, gaizkileak, gatazkak... Horren haritik, rap abeslarien arteko lehiak –oilarren borrokak– ospea hartu dute gazte askoren artean, baina nik ez ditut gustuko: elkarri errespetu handia diote kantxatik kanpo, baina barruan abeslariek elkarri irainak bota baino ez dute egiten. Mamirik gabeko musika da”.
Bideoak
Aitor Merodiok Derioko eskolan eta institutuan ikasi zuen, baita Txorierriko Politeknika Ikastegian ere. Han Telekomunikazio Goi-mailako zikloa bukatu zuen eta zenbait lan izan ditu horri lotuta: gaur egun Galiziako sare mugikorra konpontzen du urrutitik. Musikaz gainera, ikus-entzunezko edukiak sortzea ere gustatzen zaio. "Oso zinemazalea izan naiz beti: mota guztietako filmak ikusten ditut, istorio onak kontatzen badituzte".
Lagun batzuek lagundu zioten lehenengo pausoak egiten, baina bere kabuz ere ikasi du eta bideoklip batzuk grabatu ditu. "Normalean ahoz aho heltzen zaizkit proiektuak eta lagunekin egiten ditut. Atzean lan ikaragarria dago eta ez da ikusten: ideia argi izan behar da, normalean ideia aurrekontura egokitu... Beste sormen-lan bat da, normalean musikariaren eta zuzendariaren artean egiten dena, eta jende asko dago atzean".